Joan eduki nagusira

GINKGO (urte askoko zuhaitz baten izena) proiektuko entitate bazkideen ordezkariak gaur eta bihar (ekainak 19 eta 20) bilduko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) nazioarteko mintegi batean, ekimen horretan urratsak egiten jarraitzeko. Europar Batasunak finantzatzen du ekimena Erasmus + deialdiaren bidez, eta haren xedea da adinekoen nahi gabeko bakardadea eta isolamendua prebenitzea. Hiru eskualdetako (Nafarroako Foru Komunitatea, Akitania Berria eta Bolonia) erakundeekin egindako aliantza batek lanean dihardu prestakuntzako materialak eta esku-hartze sozialeko estrategia berriak sortzen, talde sozial horren isolamendua prebenitzeko.

Zehazki, Arrosadiko campusa da laneko bilera horren egoitza, eta honako erakunde hauek hartuko dute parte: NUP (Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasle eta ikertzaileek ordezkatua) eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Nafarroakoak; Etcharry Formation Développement, Urruñako Gizarte Ekintzako Zentro Komunala eta Pôle Culture et Santé, Akitania Berrikoak; eta Boloniako Unibertsitatea, CEFAL Emilia Romagna eta Anziani e non solo, Boloniakoak. Denak ere unibertsitateak, esku-hartze sozialeko zentroak eta arlo horretako prestakuntza-zentroak dira.

zoom Adinekoen nahi gabeko bakardadea eta isolamendua prebenitzeko Europako proiektuko parte-hartzaileak, NUPen.

Adinekoen nahi gabeko bakardadea eta isolamendua prebenitzeko Europako proiektuko parte-hartzaileak, NUPen.

Proiektuak hiru urteko iraupena du (2026ra arte), eta aldi horretan entitate sozialek bi lerrotan lan eginen dute: gehienez ere 120 orduko iraupena duten zenbait prestakuntza-moduluren proposamena (esku-hartze sozialarekin eta/edo jarduneko profesionalen prestakuntzarekin lotutako ikasketetako ikasleei zuzenduak) eta profesionalentzako eta gizarte-ehunarentzako tresna-kaxa bat. 

“Helburua ez da soilik gizarte-ekintzaren eremu honetarako prestakuntzako eta esku-hartzeko estrategia berriak sortzea, baizik eta sortzen ditugun material horiek interesgarriak eta erabilgarriak izatea adinekoen arretaren eremuan eta, zehazki, haien isolamenduaren prebentzioan lanean ari diren erakunde publikoentzat, sozialentzat eta gizarte-sarearentzat”, azaldu du Lucía Martínez Virtok, NUPeko I-COMMUNITAS Institutuko ikertzaile eta lantaldeko kideak.

Emaitzak entitateetara transferitzea

Emaitzak entitate publiko eta sozialetara transferitzea da proiektuaren beste helburuetako bat. Hori dela eta, parte hartzen duten lurraldeetako bakoitzean, tokiko batzorde tekniko bat dago (TBT), eta hark kontrastatu, eztabaidatu eta baliozkotzen ditu ekimen honetan garatzen ari diren aurretiazko lanaren emaitzak. “TBTk funtsezko zeregina betetzen du proiektu honetan, eta gutxienez ere lau hilabetetik behin biltzen da lurralde bakoitzean. Saio horietan, taldeek orain arte landutako guztia aurkezten dute, eta batzordeak aztertzen du nola egokitzen den adinekoekin lan egiteko benetako premietara”, esan du Lucía Martínez Virtok.

Nafarroan, tokiko batzorde teknikoak entitate hauen ordezkariak ditu: Pauma S.L, Beti Norbaitekin programaren bidez, Nafarroako Gobernua (erakunde hauetako kideekin: Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua, Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntza Koordinatzeko Atalaren eta Pertsonarengan Oinarritutako Arretarako Atalaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia eta Nafarroako Analisi eta Prospekzio Bulegoa), Nagusilan adinekoen boluntariotza sozialeko erakundea, Nafarroako Gurutze Gorria, Bidelagun Laguntza Emaile Taldea eta Burlatako Gizarte Zerbitzua.

NUPen, Lucía Martínez Virtoz gain, Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko ikertzaile batzuek hartu dute parte proiektu honetan.  Hauek zehazki: Begoña Elizalde San Miguel, Alejandra Hermoso Humbert, Maite Huerta Tardío, Alberto Jáuregui Virto, Begoña Pérez Eransus, Víctor Sánchez Salmerón, Sandra Siria Mendaza, Hodei Sarasa Camacho eta Txema Uribe Oyarbide.