Joan eduki nagusira

Iruñeko Padre Moret-Irubide BHIko ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) bisitatu dute Carlos Nagore Telekomunikazio Museoa  eta Jocelyn Bell Burnell irrati-teleskopioa  ezagutzeko. DBHko 4. ikasmailako ikasleek bisita egin dute Europako proiektu baten harira. Proiektuak Bigarren Hezkuntzako ikasleengan STEM bokazioak sustatzea du xede (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika ingelesezko sigletan), batez ere nesken artean eta astronomiarekin eta irrati-astronomiarekin lotutako gaietan. 

Proiektuak RACOBEU du izena (Radio Astronomy Collaboration Between European Universities-en akronimoa), eta hartan parte hartzen dute Padre Moret Irubide BHI ikastetxeak, Ventspils University of Applied Sciences (Ventspils, Letonia) eta Adam Mickiewicz University (Poznań, Polonia) unibertsitateek eta Ventspils Secondary School No. 2 (Letonia) eta Poznańgo Spark Academy (Polonia) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek. Proiektuaren helburua da lankidetza-sare bat sortzea aipatutako unibertsitateen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen artean. RACOBEUk hiru urteko iraupena izanen du, 2026ko urrira arte, eta 250.000 euroko finantzaketa du bazkide guztientzat. Proiektuaren zuzendaria Silvia Díaz Lucas da, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle eta NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC)  ikertzailea.

zoom Padre Moret-Irubide BHIko ikasleak, NUPeko bisitan.

Padre Moret-Irubide BHIko ikasleak, NUPeko bisitan.

Ikasleek astronomiari buruz egindako lanak

Erakunde akademikora egindako bisitan, beren institutu bereko sei ikaslek urte honetan bertan Letonian egin zituzten astronomiari buruzko lanen aurkezpenera ere joan dira Padre Moret-Irubide BHIko ikasleak. Aipatu lan horiek Europako proiektu honen esparruan egin ziren Baltikoko eta Poloniako Bigarren Hezkuntzako ikasleekin batera. María Molina Hernandok (Batxilergoko 2. ikasmailako ikaslea), Unai Allué Berek, Xabier Aramendía Unzuék, Adrián Martínez Míchelek eta Javier Muniáin Luquek (Batxilergoko 1. ikasmailako ikasleak) eta Eva Sánchez Hernándezek (Batxilergoko 4. ikasmailako ikaslea) eguzki-ziklo, irrati-astronomiako behatoki edo ekaitz geomagnetikoei buruzko beren ikerketak azaldu zituzten.

Proiektuan parte hartu duten Bigarren Hezkuntzako hiru ikastetxeak aitzindariak izanen dira hezkuntza-eredu berri bat diseinatzen, zeinak oinarri izanen baitu ikasleek astronomiako eta irrati-astronomiako gaitasunak eta ezagutzak modu eraginkorrean eskuratzea proiektu espezifikoetan aktiboki parte hartuz.

Silvia Díaz proiektuaren arduradunaz gain, ekimenean parte hartzen dute Jesús Palacián Subiela, Patricia Yanguas Sayas eta Rafael Ruiz Feliu NUPeko irakasleek, José Javier Vesperinas Oroz Ikerketari Laguntzeko Unitate Zientifiko-Teknikoko (ILUZT) teknikariaren laguntzarekin.