Joan eduki nagusira

Gaur, ostirala, ekainak 14, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria eman dio Fontilles Fundazioari, NUPek Bisitazioko Amen eraikinean duen egoitzan egin den ekitaldi batean.   Ramón Gonzalo NUPeko errektore eta Jaime Brunet Fundazioko lehendakaria izan da ekitaldiaren buru, eta unibertsitatearen ordezkari gorenarekin batera mahaiburu izan dira Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Joaquín Mencos Doussinage aipatu fundazioaren lehendakariordea. 

zoom Ezkerretik eskuinera: Unai Hualde, Alberto Navarro, Ramón Gonzalo eta Joaquín Mencos, Jaime Brunet Nazioarteko Saria emateko ekitaldian.

Ezkerretik eskuinera: Unai Hualde, Alberto Navarro, Ramón Gonzalo eta Joaquín Mencos, Jaime Brunet Nazioarteko Saria emateko ekitaldian.

Ekitaldi instituzional berean, Doktoretza Tesien Jaime Brunet Saria eman zaio María Dolores Núñez Ávilari “Pueblos indígenas, derechos humanos y actividades extractivas en Ecuador” (“Ekuadorreko herri indigenak, giza eskubideak eta erauzketa-jarduerak”) lanagatik eta Jaime Brunet Unibertsitateko Saria “ex aequo” eman zaie Anne Garmendia Zubikoari (euskarazko Haur Hezkuntzan graduatua), Oier Santamaría Remóni (Historian eta Ondarean graduatua) eta Álvaro

Gurbindo Martinicorenari (Zuzenbideko Gradua eta Abokatutzarako Sarbideko Masterra).
Ekitaldi instituzionala 18:00etan hasi da, eta Foru Komunitateko arlo politiko eta sozialeko pertsona ezagunak bertaratu dira, baita unibertsitateko komunitateko eta Jaime Brunet Fundazioko kideak ere. Zura Quartet harizko laukoteak jo du musika.

Ekitaldi instituzionala

Lehenik eta behin, unibertsitateko sarien irabazleei eman zaizkie diplomak eta, ondoren, doktoretza-tesien sariaren irabazleari. Azken sariaren irabazleak,  María Dolores Núñez Ávilak, eman du esker oneko hitzaldia bi kategoriak horietan saritu dituztenen izenean. 

zoom Ezkerretik eskuinera: José Manuel Amorós Muñoz (Fontilles Fundazioaren zuzendari nagusia), Álvaro Gurbindo Martinicorena (unibertsitateko saria), Alberto Navarro Casanova (Fontilles Fundazioaren Patronatuko kidea), María Dolores Núñez Ávila (doktoretza tesien saria), Anne Garmendia Zubikoa (unibertsitateko saria) eta Oier Santamaria Remón (unibertsitateko saria).

Ezkerretik eskuinera: José Manuel Amorós Muñoz (Fontilles Fundazioaren zuzendari nagusia), Álvaro Gurbindo Martinicorena (unibertsitateko saria), Alberto Navarro Casanova (Fontilles Fundazioaren Patronatuko kidea), María Dolores Núñez Ávila (doktoretza tesien saria), Anne Garmendia Zubikoa (unibertsitateko saria) eta Oier Santamaria Remón (unibertsitateko saria).

Gero, Alejandro Torres Gutiérrez Jaime Brunet Fundazioaren sarietako epaimahaiko idazkariak Fontilles Fundazioari Jaime Brunet saria emateko erabakia irakurri du. Saria 36.000 eurokoa da. Horrez gain, diploma bat eta Carlos Cirizaren oroimenezko eskultura bat ditu. Erabakia 2023ko abenduan eman zen jakitera.

Saria jaso ondoren, Alberto Navarro Casanova Patronatuko kideak esker oneko hitzaldia eman du. Ondoren, Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak hartu du hitza. 

Legenarraren eta bazterkeria sozialaren aurkako borroka

Fontilles Fundazioa 1902an sortu zuten Carlos Ferrís jesuitak eta Joaquín Ballester abokatuak XX. mendearen hasierako osasun publikoko arazo garrantzitsu bati erantzuteko, hau da, legenarra zutenak artatzeko. Izan ere, garai hartan ezjakintasun handia zegoen eta beldurra gaixotasun infekzioso horren inguruan, eta erabat bakartuak eta abandonatuak bizi ziren legenardunak.

zoom Zura Quartet laukotea, musika jotzen.

Zura Quartet laukotea, musika jotzen.

60ko hamarkadan, zenbait botika sortu zituzten, eta horrek bidea eman zuen gaixoak erregimen anbulatorioan tratatzeko. Hamarkada hartan, nazioarteko beste elkarte batzuekin lankidetzan hasi zen Fundazioa, eta 1986an proiektu propioa hasi zuen Indian. Gaur egun, osasun arloko lankidetzako proiektuak egiten ditu elkarteak Asian, Afrikan eta Latinoamerikan, legenarraren eta tratatzen ez diren beste gaixotasun batzuen aurka borrokatzeko. 

Epaimahaiak zegokionean azpimarratu zuenez, Fontilles Fundazioak "lan ibilbide zabal eta goresgarria egin du osasunerako eskubidearen alde eta gaixoek zein desgaitasunen bat dutenek jasaten duten bazterketa sozialaren aurka", eta arreta berezia eman die legenarra dutenei eta pobreziari lotutako beste gaixotasun batzuk dituztenei. Epaimahaiak nabarmendu zuen landa-eremu pobreetan, bakartuetan edo oinarrizko zerbitzuetatik urrun daudenetan bizi direnei ematen diela osasun laguntza Fundazioak, batez ere "adingabeei, emakumeei eta familia indigenei", eta arreta berezia eskaintzen diela sexuan oinarritutako desparekotasunei. Erabakian aditzera eman zuenez, Fontilles Fundazioa osasunerako eskubidearen defentsaren alde borrokatzen da azken batean, "ezinbesteko baldintza baita garapenerako, askatasunerako eta parte-hartze sozial eta politikorako, eta lan egiten du osasun zerbitzuak indartzeko, populazio pobreenen bizi kondizioak hobetzeko eta haien ahalduntzea sustatzeko, munduko pobrezia eta desparekotasuna murriztearren".

zoom Ansoleaga aretoa, sariak eman ziren lekua, María Dolores Núñez Ávilaren hitzaldian.

Ansoleaga aretoa, sariak eman ziren lekua, María Dolores Núñez Ávilaren hitzaldian.

Izan ere, legenarra osasun publikoko arazoa da oraindik munduko 23 herrialdetan eta zenbait eskualde arras pobretan. Legenarraren eraginez, 6 milioi pertsonak baino gehiagok dute desgaitasunen bat, eta haietatik milaka bizi dira baztertuak arrazoi kultural edo sozial batzuen eta oraindik indarrean dauden lege batzuen ondorioz, zeinek gaixoen oinarrizko eskubideak urratzen eta mugatzen baitituzte (kalkuluen arabera, legenardunak diskriminatzen dituzten 179 lege daude 38 herrialdetan). Legenarraren ondorioek, gainera, gaixoak tratatu eta sendatu ondoren ere irauten dute. 

Jaime Brunet Fundazioa

Jaime Brunet Fundazioa kultur fundazio pribatu bat da, eta hauek ditu helburuak: gizakiaren duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea.

Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, Gipuzkoa, 1992) XVIII. mendean Gipuzkoan bizitzen jarritako ekintzaile katalanen familia batean jaio zen (industria-jarduera garrantzitsua gauzatu zuten han). Jarrera liberalean hezia, kritikoa izan zen bizitzea egokitu zitzaion garaiarekin. Aitak, Jaime Brunet Goitiak, Alderdi Errepublikanoko lekuko buruak, Zuzenbide karrerara bideratu zuen, eta Donostiako Udaleko alkateorde izatera iritsi zen, non aitona eta birraitona alkate izan baitziren. Valladolideko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta etxe horretan bertan irakasle laguntzaile aritu zen gero.

Irakurtzeko zaletasunak hizkuntzak ikasteko interesa piztu zion, eta, haiei esker, bere bidaia ugarietan erraz moldatzeko aukera izan zuen. Hala, bere garaiko zailtasunak gorabehera, hogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan jakin eta ulertu zuen zenbateko diskriminazioa eta bortizkeria dagoen oraindik gure mendean, nola baliatzen diren boteretsuak ahulez, eta zeinen erraz urratzen diren egunero gizakiaren eskubide oinarrizkoenak.

Bere bizitzako azken urteetan, etengabeko kezka piztu zioten giza eskubideen egoerarekiko sentiberatasunak eta herritarraren askatasunaren defentsak. Seme-alabarik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurkako sentimenduek bultzatuta, bere ondarea oinordetzan uztea erabaki zuen, bi helbururekin: batetik, hiltzean bere izena izanen zuen fundazio bat sortzeko, eta, bestetik, giza eskubideen alde egindako lanagatik aintzatespena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Horrela, Jaime Brunet Romero fundazioa sortu zen, egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoan duela, hark testamentuan adierazitako nahiari jarraikiz.