Joan eduki nagusira

Fontilles Fundazioak irabazi du aurten Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ematen du saria, eta gaur, 2023ko abenduaren 12an (asteartea), eman du jakitera aurtengo epaimahaiak erabakia. Izan ere, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen igandea, abenduaren 10a, bai eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala egin zueneko 75. urteurrena ere.

Epaimahaiak azpimarratu duenez, Fontilles Fundazioak "lan ibilbide zabal eta goresgarria egin du osasunerako eskubidearen alde eta gaixoek zein desgaitasunen bat dutenek jasaten duten bazterketa sozialaren aurka", eta arreta berezia eman die legenarra dutenei eta pobreziari lotutako beste gaixotasun batzuk dituztenei. Epaimahaiak nabarmendu du landa-eremu pobreetan, bakartuetan edo oinarrizko zerbitzuetatik urrun daudenetan bizi direnei ematen diela osasun laguntza Fundazioak, batez ere "adingabeei, emakumeei eta familia indigenei", eta arreta berezia eskaintzen diela sexuan oinarritutako desparekotasunei. Epaian aditzera eman duenez, Fontilles Fundazioa osasunerako eskubidearen defentsaren alde borrokatzen da azken batean, "ezinbesteko baldintza baita garapenerako, askatasunerako eta parte-hartze sozial eta politikorako, eta lan egiten du osasun zerbitzuak indartzeko, populazio pobreenen bizi kondizioak hobetzeko eta haien ahalduntzea sustatzeko, munduko pobrezia eta desparekotasuna murriztearren".

zoom TEXTO ALT

Ezkerretik eskuinera, Joaquín Mencos eta Alejandro Torres, Jaime Brunet Fundazioko lehendakariordea eta idazkaria, hurrenez hurren.

Sarituen izenak jakitera emateko ekitaldian izan dira Joaquín Mencos Doussinague sariketaren epaimahaiburu eta Brunet Fundazioko lehendakariordea eta Alejandro Torres Gutiérrez Fundazioaren idazkari eta NUPeko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna. Saria 36.000 eurokoa da.

Legenarraren eta bazterkeria sozialaren aurkako borroka

Fontilles Fundazioa 1902an sortu zuten Carlos Ferrís jesuitak eta Joaquín Ballester abokatuak XX. mendearen hasierako osasun publikoko arazo garrantzitsu bati erantzuteko, hau da, legenarra zutenak artatzeko. Izan ere, garai hartan ezjakintasun handia zegoen eta beldurra gaixotasun infekzioso horren inguruan, eta erabat bakartuak eta abandonatuak bizi ziren legenardunak.

Fontilles Fundazioaren ibilbidea 1909an hasi zen, San Francisco de Borja sendalekua eraiki zutenean, Fontillesen (Alacant, Valentzia). Hasiera hartan, 8 gaixo hartu zituzten. Hastapenetik beretik bereizi zen orduko "legenardunentzako ospitaleetatik", non gaixoak giltzapetu eta zoriaren mende uzten baitzituzten; Fontisellen, aldiz, lanbide bat garatzeko aukera ematen zieten. Hala, 300 biztanle inguruko herrixka bihurtu zen sendalekua. Han, bazituzten zerbitzuak, eta duintasunez bizi zitezkeen gaixoak, nahiz eta 1982ra arte ez zen aurkitu legenarraren sendabidea. Guztira, 3.000 bat lagun artatu zituzten Fontilleseko sendalekuan.

60ko hamarkadan, zenbait botika sortu zituzten, eta horrek bidea eman zuen gaixoak erregimen anbulatorioan tratatzeko. Hamarkada hartan, nazioarteko beste elkarte batzuekin lankidetzan hasi zen Fundazioa, eta 1986an proiektu propioa hasi zuen Indian. Gaur egun, osasun arloko lankidetzako proiektuak egiten ditu elkarteak Asian, Afrikan eta Latinoamerikan, legenarraren eta tratatzen ez diren beste gaixotasun batzuen aurka borrokatzeko. 

Izan ere, legenarra osasun publikoko arazoa da oraindik munduko 23 herrialdetan eta zenbait eskualde arras pobretan. Legenarraren eraginez, 6 milioi pertsonak baino gehiagok dute desgaitasunen bat, eta haietatik milaka bizi dira baztertuak arrazoi kultural edo sozial batzuen eta oraindik indarrean dauden lege batzuen ondorioz, zeinek gaixoen oinarrizko eskubideak urratzen eta mugatzen baitituzte (kalkuluen arabera, legenardunak diskriminatzen dituzten 179 lege daude 38 herrialdetan). Legenarraren ondorioek, gainera, gaixoak tratatu eta sendatu ondoren ere irauten dute. 

Jaime Brunet Fundazioa eta Saria

Jaime Brunet Fundazioa kultur fundazio pribatu bat da, eta hauek ditu helburuak: gizakiaren duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea. Besteak beste, Jaime Brunet Romero sariaren deialdia egiten du, giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona edo erakunde baten ibilbidea edo zientziako, literaturako edo ikus-entzunezko lan bat aitortzeko. Guztira, hogeita bi sari eman ditu Fundazioak 1998tik; azkena, 2022an, "ex aequo” emana Philip Obaji Jr. kazetariari eta Wassu Fundazioari.

Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, Gipuzkoa, 1992) XVIII. mendean Gipuzkoan bizitzen jarritako ekintzaile katalanen familia batean jaio zen (industria-jarduera garrantzitsua gauzatu zuten han). Jarrera liberalean hezia, kritikoa izan zen bizitzea egokitu zitzaion garaiarekin. Aitak, Jaime Brunet Goitiak, Alderdi Errepublikanoko lekuko buruak, Zuzenbide karrerara bideratu zuen, eta Donostiako Udaleko alkateorde izatera iritsi zen, non aitona eta birraitona alkate izan baitziren. Valladolideko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta etxe horretan bertan irakasle laguntzaile aritu zen gero.

Irakurtzeko zaletasunak hizkuntzak ikasteko interesa piztu zion, eta, haiei esker, bere bidaia ugarietan erraz moldatzeko aukera izan zuen. Hala, bere garaiko zailtasunak gorabehera, hogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan jakin eta ulertu zuen zenbateko diskriminazioa eta bortizkeria dagoen oraindik gure mendean, nola baliatzen diren boteretsuak ahulez, eta zeinen erraz urratzen diren egunero gizakiaren eskubide oinarrizkoenak.

Bere bizitzako azken urteetan, etengabeko kezka piztu zioten giza eskubideen egoerarekiko sentiberatasunak eta herritarraren askatasunaren defentsak. Seme-alabarik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurkako sentimenduek bultzatuta, bere ondarea oinordetzan uztea erabaki zuen, bi helbururekin: batetik, hiltzean bere izena izanen zuen fundazio bat sortzeko, eta, bestetik, giza eskubideen alde egindako lanagatik aintzatespena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Horrela, Jaime Brunet Romero fundazioa sortu zen, egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoan duela, hark testamentuan adierazitako nahiari jarraikiz.