Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), IRIS Berrikuntza Digitaleko Poloaren europar proiektuaren esparruan, gauzen Interneteko teknologiei (IoT, ingelesezko sigletan) eta 4.0 industriari buruzko prestakuntza-ikastaro baten bigarren edizioa antolatu du. Ikastaroa zortzi ordukoa eta praktikoa da, eta ekainaren 25ean eta 26an eginen da arratsaldez. Prestakuntza doakoa bada ere, aldez aurretik ”online” izen-ematea egin behar da, postu-kopurua mugatua delako, esteka honetan: https://tinyurl.com/curso-IoT-UPNA
Ikastaroaren helburua da IoT sistema bat osatzen duten elementuak ezagutaraztea: komunikazio-sistemak (erabilitako sistemen ezaugarri eta baldintzak), garapenerako elektronika eta sentsoreak (garapen elektronikoko plataformak IoT soluzioen prototipatzea eta test azkarra errazteko) eta informazio-sistemak (prozesatze-mekanismoak eta informazioaren kudeaketa).
Ikastaro praktikoa
Ikastaro honen jomuga dira beren lan- edo irakaskuntza-esparruan Interneteko teknologien oinarriak eta horiek 4.0 industriako inguruneetan nola aplikatzen diren ezagutzea ezinbestekoa zaien pertsonak. Ikastaroa oso praktikoa da, ikastaroaren % 50 laborategian eginen baita.
Francisco Falcone Lanas, José Javier Astráin Escola, Erik Aguirre Gallego eta Adrián Catón Oteiza Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleek emanen dute prestakuntza.
Saioek ordutegi bera izanen dute bi egunetan: 16:00etatik 20:00etara. Ikastaroa leku desberdinetan emanen da, ordea: ekainaren 25ean, asteartea, Jerónimo de Ayanz eraikineko hitzaldi-aretoan (beheko solairua), eta ekainaren 26an, asteazkena, Luis Mercader laborategian, Haginak eraikinean (beheko solairua).
Digitalizazioko zerbitzu aurreratuak
Ikastaroa IRIS Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloaren barruan eginen da. Europako Batzordeak aukeratu du polo hori Europa Digital programaren barruan, European Digital Innovation Hubs-eko (EDIHs) lehen sarekoa izateko. IRIS EDIH osatzen dute 22 onuradunek (horietako bat, NUP) eta izaera bereziko digitalizazio-zerbitzu aurreratuen eta eta komertzialki daudenen osagarri direnen emaile gisa elkartutako hiru entitatek, Europako Programa Digitalarekin, Nafarroako Estrategia Digitala 2030 izenekoarekin, Nafarroa Pertsonalizatu estrategiarekin eta S4 eskualde-espezializazioko estrategiarekin erabat lerrokatuta.