Joan eduki nagusira

Aurkeztu diren ikasleen % 98,41ek gainditu dute Batxilergotik Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa (USEa) 2023-2024 ikasturteko lehen deialdian. Aurreko urtean, matrikulatutakoen % 97,93k gainditu zuten proba. Nahitaezko fasean matrikulatutako 3468 ikasleetatik, 55 baizik ez dira proba gainditu ez dutenak, eta 7 ez aurkeztea erabaki dutenak. Joan den urtean 16 ziren ez aurkeztea erabaki zutenak (gainditu dutenen ehunekoa aurkeztu direnen arabera kalkulatzen da).

zoom Ikasle batzuk, USEan.

Ikasle batzuk, USEan.

Hizkuntzen arabera, G eta A ereduetan (gaztelania) ikasketak eginik nahitaezko fasean matrikulatu ziren 2541 ikasleen artetik, 2538 aurkeztu ziren eta 2495 izan dira proba gainditu dutenak. Hori % 98,31 da (joan den urtean % 97,72 izan zen). Bestalde, ikasketa euskaraz eginik (D eredua) nahitaezko fasean matrikulatu ziren 927 ikasleetatik, 4 ez ziren aurkeztu eta 911k gainditu dute. Hori kopuru osoaren % 98,70 da (joan den ikasturtean % 98,51 izan zen).

Deialdi honetan, 4031 ikasle matrikulatu ziren azterketak egiteko (joan den ikasturtean, 3816 izan ziren). Horietatik 563 borondatezko fasera baizik ez ziren aurkeztu.

Borondatezko fasean, 8685 azterketa prestatu ziren. Azkenik, 1734 ikasle ez ziren aurkeztu probaren batera. Egindakoetatik, 5527k gainditu dute (egindakoen % 79,51), eta 1424 azterketak ( % 20,49) ez dute gainditu.

Noten kontsulta, erreklamazio-epea eta txartel elektronikoa

Notak gaur, asteazkena, ekainak 12 argitaratu dira NUPen webgunean eta Android edo Applererako berariaz diseinatutako aplikazio baten bidez, ikasle bakoitzari emandako pasahitzarekin. Oroitarazi beharra dago ikasle bakoitzak “emaitzen txartel elektronikoarekin” deskargatzen ahal dituela bere kalifikazioak. Ekainaren 26, 27 eta 28an deialdi berezia eginen da, eta, kasu horretan, emaitzak uztailaren 2an ezagutaraziko dira.

Era berean, erreklamazioren bat egin nahi izanez gero, ikasleek egin behar dute telematikoki, ekainaren 13tik 17ra bitartean (deialdi arrunta). Berrikuspen prozesu honetan ateratzen den kalifikazioa hasierako kalifikazioa baino handiagoa, txikiagoa edo berdina izan daiteke Azterketak berrikusteko eskaerarik egin ez badute, ikasleek ekainaren 19tik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazio txartel elektronikoa; berrikusteko eskaera egin badute, aldiz, ekainaren 24tik aurrera.