Euskaltzaindiak, Euskararen Errege Akademiak, euskaltzain urgazle izendatu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi kide: Fernando Rey Escalera, Euskararako Atal Teknikoaren burua, eta Ekaitz Santazilia Salvador, Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle eta I-COMMUNITAS institutuko ikertzailea. Lehendik ere, Euskaltzaindiko kide dira Unibertsitatearekin lotura duten beste lau irakasle hauek ere: Patxi Salaberri Zaratiegi katedraduna euskaltzain osoa da; Pakita Zabaleta Zabaleta irakasle erretiratua, ohorezko akademikoa; Juan Jose Zubiri Luxanbio irakaslea, euskaltzain urgazlea; eta Paula Kasares Corrales irakasle elkartu ohia, euskaltzain urgazlea.
Fernando Rey (Iruñea, 1961) Medikuntza eta Kirurgia Orokorrean lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean, euskara irakasle izana da, eta Nafarroako Gobernuko itzultzailea (1988-2015) eta Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako Memoriako eta Bizikidetzako zuzendaria (2015-2017). 2018az geroztik, NUPeko Euskararako Atal Teknikoaren burua da.
Euskaltzain urgazle berri hori literatura-obren itzultzaile gisa egindako lanagatik da gailena; izan ere, berrogei obra literario baino gehiago itzuli ditu (euskarara gehienak, eta italieratik asko), eta, horiez gain, haur eta gazte literaturako beste hainbeste obra. Idazle nabarmen askoren lanak itzuli ditu, besteak beste, hauenak: Arthur Conan Doyle, Horace McCoy, Bohumil Hrabal, Natalia Ginzburg, Antonio Tabucchi, Orhan Pamuk, Andrea Camilleri, Dolores Redondo, Elena Ferrante, Arantxa Urretabizkaia, Castillo Suarez, Nanni Balestrini, Susanna Tamaro, Alessandro Baricco, Paolo Giordano, Irene Vallejo eta Nuccio Ordine.
Urte askoan egindako lanaren aintzatespen ditu zenbait sari. Euskadi Saria irabazi zuen, euskarazko literatura-itzulpen hoberenari dagokiona, Antonio Tabucchiren Pereirak dioenez (2007) eleberriarengatik; bi aldiz jaso du Vitoria-Gasteiz Saria haur literaturan euskarara egindako itzulpen hoberenaren atalean (2006an, Agustín Fernández Pazen Piraten eskola lanagatik, eta 2023an, Eloy Morenoren Mundua ulertzeko ipuinak 2 lanagatik); bestalde, Jokin Zaitegi Saria eman zioten Orhan Pamuk Literaturako Nobel saridunaren Elurra euskaratzeko (2007).
Gaur den egunean, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko lehendakaria da. Euskararen arloan, gainera, Euskaldunon Biltoki elkartearen fundatzaileetako bat da, eta Nafarroako Gobernuko EGAko Batzorde Ofizialeko kide eta haren epaimahaiko kide 2004az geroztik.
Aditua euskararen historian
Ekaitz Santaziliak (Iruñea, 1987) Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen ikasketak (EHU-UPV). Lehenik, Euskal Filologiako lizentzia egin zuen, eta ikasketa amaierako saria irabazi; gero, Hizkuntzalaritzan doktoratu zen. 2011n, NUPen hasi zen lanean Euskal Filologiako irakasle.
Ikertzaile gisa egindako ibilbidean, euskararen historian (Nafarroakoan bereziki), euskal testu zaharretan eta tipologia linguistikoan espezializatu da; izan ere, berrogei ikerlan baino gehiago ditu argitaratuak gai horiei buruz. Bi ikerketa-talde hauetako kide da: EHUko Monumenta Linguae Vasconum taldekoa eta NUPeko Hizkuntzalaritzako eta Ondare Immaterialeko taldekoa, non Ondare Immaterialaren Katedrako kide ere baden. Horretaz gain, Nafar Ateneoko euskara eleduna izana da.
Argitalpenei dagokienez, Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren zuzendaria da, Príncipe de Viana aldizkariaren erredakzio kontseiluko kidea, eta Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea erakundearen Argitalpen Batzordeko kidea. Bestalde, Iruñeko Udalaren Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariko eta Nafarroako Gobernuaren Navarro Villoslada Literatura Sariko epaimahaiko kide ere izana da.
Euskarari buruzko gaien dibulgatzaile gisa, halaber, ohiko kolaboratzailea da Pulunpe, Mendixut, Ze Berri?, Euskargazki eta Euskalerria Irratia komunikabideetan, eta hitzaldi asko eman ditu batean eta bestean euskararen gainean. Azkenik, komisario-lanetan ibilia da Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak antolatutako antzinako euskal dokumentuen erakusketa banatan.