Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) hamasei irakasleri eman diete Irakasleen Bikaintasun Saria. Sariketa horren bidez, NUPeko jakintza-arlo eta sailetako zenbait irakaslek 2023an egindako lan bikaina aintzatesten da. Ekitaldi instituzionala Olibondoak eraikineko Nicolás García de los Salmones aretoan egin da, Arrosadiko campusean, eta Ramón Gonzalo errektorea aritu da ekitaldiaren buru.


Aintzatetsitako irakasleen argazkia, Ramón Gonzalo errektorearekin eta Inés Olaizola Irakasleen Gaietarako errektoreordearekin batera. Ezkerretik eskuinera, Mikel Sesma Sara, María Jesús Campión Arrastia, Daniel Paternain Dallo, Raquel Urtasun Alonso, Isabel Sonsoles de Soto, María Josefa Pajares Villandiego, Ramón Gonzalo (errektorea), Inés Olaizola (Irakasleen Gaietarako errektoreordea), Joseba de la Torre, María Soria Oliver, Marta Beranuy Fargues, José Antonio Sanz Delgado, Alberto Berrueta Irigoyen eta Lander Calvelhe Panizo.
Sari-banaketa maiatzaren 29an, asteazkena, egin zen, eta Irakasleen Gaietarako errektoreorde Inés Olaizola Nogales ere izan zen ekitaldian, eta María Jesús Campión Arrastia NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakaslea mintzatu zen saridunen izenean.
Aintzatetsitako pertsonak
Aipatutakoaz gain, honako hauek dira aintzatetsitako pertsonak, beren jakintza-arloen aipamenarekin: Marta Beranuy Fargues (Nortasuna, Ebaluazioa eta Tratamendu Psikologikoa), Alberto Berrueta Irigoyen (Ingeniaritza Elektrikoa), Lander Calvelhe Panizo (Adierazpen Plastikoaren Didaktika), Alicia Chicharro Lázaro (Nazioarteko Zuzenbide Publikoa eta Nazioarteko Harremanak), Raquel Chocarro Eguaras (Merkaturatzea eta Merkatuen Ikerketa), Joseba de la Torre Campo (Historia eta Erakunde Ekonomikoak), Isabel Sonsoles de Soto García (Edafologia eta Nekazaritzako Kimika), María Josefa Pajares Villandiego (Biokimika eta Biologia Molekularra), Daniel Paternain Dallo (Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifiziala), José Antonio Sanz Delgado (Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifiziala), Paolo Scotton (Giza eta Hezkuntza Zientziak), Mikel Sesma Sara (Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifiziala), María Soria Oliver (Psikologia Soziala), Raquel Urtasun Alonso (Biokimika eta Biologia Molekularra) eta Iñigo Abdon Virto Quecedo (Edafologia eta Nekazaritzako Kimika).
Ebaluatzeko sistema
Eskaerak ebaluatzeaz arduratzen den batzordea honako hauek osatzen dute: NUPetik kanpoko unibertsitateko irakasle bat, Gizarte Kontseiluak izendatua; Irakasleen Gaietarako errektoreordea; ikastegiak eta sailak ordezkatzen dituzten zenbait irakasle; Unibertsitateko ikasleen ordezkari bat; eta beste unibertsitate bateko irakasle bat, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak izendatua (ANECA).
Irakasleek ebalua ditzaten eskatzen ahal dute nahi izanez gero, eta hiru alderdi hartzen dira kontuan: egokitasuna (irakasleak emandako edukiak zenbateraino datozen bat Unibertsitatearen, ikastegiaren eta titulazioaren eskakizunekin, plan estrategikoetan eta ikasketa-planetan jasota dagoenaren arabera), gogobetetzea (ikasleek eta arduradun akademikoek iritzi ona ote duten irakaslearen jardunaz) eta irakasleak berak bere jardunari buruz zer gogoeta egin duen eta zer hobekuntza aplikatu dituen (batzordeetan eta bileretan parte hartuz, eta irakasgaiari eta irakaskuntza-estrategiei buruzko prestakuntza jasoz).