Joan eduki nagusira

Héctor Linares Arroyo (Stars4All fundazioa), Ángela Abascal Imízcoz (Arkitekturan lizentziaduna eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Saileko Juan de la Cierva ikertzailea) eta Alejandro Sánchez de Miguel (Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko ikertzailea) buru dituen nazioarteko talde zientifiko batek argi-kutsadurak ekosistemetan eta gizakien eta animalien osasunean duen eraginari buruzko ikerketa bat egin zuen 2023an, eta argitaratu berri du “Nature Reviews Earth and Environement” aldizkariak. Garai hartan, NUPeko ikertzailea Twenteko Unibertsitateko (Herbehereak) Faculty Geo-Information Science and Earth Observation (ITC) erakundearentzat ari zen lanean.

zoom Ángela Abascal Imízcoz ikertzailea, NUPen.

Ángela Abascal Imízcoz ikertzailea, NUPen.

Argi-kutsadurak egun mundu mailan duen egoera azaltzeaz gain, ikerketa-taldeak bere artikuluan proposatzen du satelite berriak garatzea, arlo horretan ikertzeko gaitasun zehatzagoak dituztenak, eta munduko herrialde guztiek argi-iturri fidagarri eta ziurretara duten sarbidearen jarraipena egiteko. Argitalpena NigthWatch (gaueko zaintza) izeneko ikerketa baten emaitza. Europako Espazio Agentziak (ESA) finantzatu du ikerketa.

Artikuluan agerian jartzen da argi artifiziala gure zeruak modu “kezkagarrian” aldatzen ari dela, esan dute ikertzaileek.  Zehazki, artikuluak esaten du munduko populazioaren % 80 argi-kutsaduraz beteriko zerupean bizi dela, eta azaltzen du hiri-eremuetan maila naturala baino 40 aldiz handiagoa dela erradiazio zenitalaren maila. Argi artifizialaren iturrietatik gertu dauden eremu batzuetan, distira maila ohikoa baino milioi bat aldiz handiagoa izaten ahal da. Aurkikuntza horiek sateliteko irudietan eta izarren behaketetan oinarritzen dira. Izan ere, argiaren emisio globala urtero % 2tik % 10era bitartean hazten dela erakusten dute.

Bestalde, ikerketak orobat nabarmentzen du hutsune handiak daudela egungo jarraipen-teknologian, bereizmen espektralaren gabezian alde batetik eta bereizmen espazialaren gabezian, bestetik. Adibidez, NASAren VIIRS satelitearen eguneko eta gaueko bandaren sentsoreak (DNB) ez du argi urdina detektatzen, “eta hori funtsezkoa da argiztapen tradizionaletik LEDetara egindako aldaketa orokorra ebaluatzeko”, adierazi du ikertzaile-taldeak. Talde horrek adierazten duenez, “mugapen horrek argi-kutsaduraren mailak direnak baino txikiagoak direla ondorioztatzera eramaten ahal du. Esaterako, Espainian jakinarazitako emisio-murrizketak engainagarriak izan litezke arrakala teknologiko hori dela eta ”. Bestalde, VIIRSak 750 metroko bereizmen espaziala du, eta taldeak egiaztatu du eremu ilun batzuk, hala nola Afrikako parkeak edo urbanizatu gabeko eremuak, ikusezin geratzen direla tamaina hori baino txikiagoak badira.

Satelite berriak garatu beharra

Deskribatutako erronka guztiei aurre egiteko, Argi Kutsadurari buruzko Ikerketen Espainiako Sareak manifestu bat bultzatu du Europar Batasuneko lehendakaritza Espainiaren eskuetan egon den aldian, eta espektro anitzeko gaitasun aurreratuak dituzten sateliteak garatzearen alde egin du. “Satelite horiek argi-kutsaduraren ebaluazio zehatzagoak eta eraginkorragoak emango lituzkete, eta elektrizitaterako sarbide globala arakatuko lukete, bereziki diru-sarrera txikiko herrialdeetan, non milioika pertsonak oraindik ez duten elektrizitate fidagarririk”, adierazi du ikerketa-taldeak.

zoom Iruñearen irudi bat espaziotik. NASA/ESAk Nazioarteko Espazio Estaziotik ateratako argazkia. Geolokalizazio-prozesamendua Cities at Night-en bidez.

Iruñearen irudi bat espaziotik. NASA/ESAk Nazioarteko Espazio Estaziotik ateratako argazkia. Geolokalizazio-prozesamendua Cities at Night-en bidez.

Ikerketak eskatzen du satelite berriak hedatzea, bereizmen espazial handiagoarekin, informazio espektral zehatzarekin eta hautatutako helburuak sarri berrikusiz. “Aurrerapen horiek hobetu eginen lukete mundu osoko argi-kutsaduraren joeren eta elektrizitaterako sarbidearen jarraipena”, adierazi du ikerketa-taldeak. Ikerketa horrek honako hau azpimarratzen du: “argi-kutsadurari buruzko ikerketan Espainiak duen lidergoa eta aurrerapen teknologikoen premia larria, gaueko zeruak babesteko eta elektrizitaterako sarbidearen gure ulermen globala hobetzeko. Funtsezkoa da ahalegin global koordinatua egitea argi artifizialaren ingurumen- eta gizarte-eraginak arintzeko eta etorkizun jasangarria bermatzeko”, ondorioztatu dute.

Argi-kutsaduraren ondorio negatiboak animali eta landareetan

Azterketak azpimarratzen du argi-kutsadurak aldatu egiten dituela animalien portaerak, landareen zikloak eta ekosistema osoak, eta kalte handiak eragiten dizkiola biodibertsitateari. Giza osasunari ere eragiten dio, gaixotasun kronikoak izateko arriskua handituz eta lo-ereduak aldatuz.

Ondorio sozialak garrantzitsuak dira, azterlanean adierazten den bezala. Europako hirietan, diru-sarrera txikiko komunitateek argi-kutsadura handiagoa izaten dute. Aitzitik, diru-sarrera txiki eta ertaineko herrialdeetan, esaterako Afrikan, komunitate pobreenek ez dute elektrizitatearen iturri fidagarririk eta iturri kaltegarrietara jotzen dute, hala nola sua eta kerosenoa. “Elektrizitaterako sarbidearen jarraipen hobea funtsezkoa da pobrezia energetikoari aurre egiteko eta baliabideen banaketa ekitatiboa bermatzeko”, ziurtatu du ikerketa-taldeak.