Joan eduki nagusira

Iruñeko Padre Moret-Irubide BHIko sei ikaslek, Isabel Beltrán Calavera eta Carmen Blanco Saralegui irakasleak lagun dituztela, astronomiari buruzko lanak aurkeztu dituzte Letonian europar proiektu baten esparruan, Baltikoko errepublika horretako eta Poloniako bigarren hezkuntzako ikasleekin batera. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) koordinatu du ekimena, eta haren xedea da bigarren hezkuntzako ikasleengan ZTIM bokazioak sustatzea (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika ingelesezko sigletan), batez ere nesken artean eta astronomiarekin eta irrati-astronomiarekin lotutako gaietan. Unibertsitate aurreko ikasleek zenbait lan aurkeztu zituzten, hala nola eguzki-zikloak, irrati-astronomiako behatokiak edo ekaitz geomagnetikoak.

Proiektuak RACOBEU du izena (Radio Astronomy Collaboration Between European Universities-en akronimoa), eta hartan parte hartzen dute Padre Moret Irubide BHI ikastetxeak, Ventspils University of Applied Sciences (Ventspils, Letonia) eta Adam Mickiewicz University (Poznań, Polonia) unibertsitateek eta Ventspils Secondary School No. 2 (Letonia) eta Poznańgo Spark Academy (Polonia) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek. Proiektuaren helburua da lankidetza-sare bat sortzea aipatutako unibertsitateen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen artean. RACOBEUk hiru urteko iraupena izanen du, 2026ko urrira arte, eta 250.000 euroko finantzaketa du bazkide guztientzat. Proiektuaren zuzendaria Silvia Díaz Lucas da, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle eta NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea.

zoom Bigarren hezkuntzako ikasleak eta RACOBEU proiektuko irakasleak, Letoniako Ventspils hirian.

Bigarren hezkuntzako ikasleak eta RACOBEU proiektuko irakasleak, Letoniako Ventspils hirian.

NUPen protagonismoa izanen duen konferentzia bat

Letoniako Ventspils hirian egin berri da proiektuan aurreikusitako hiru konferentzietako lehena. Padre Moret-Irubide BHIko ikasle hauek parte hartu dute konferentzian: Batxilergoko 2. ikasmailako ikasle bat (María Molina Hernando), Batxilergoko 1. ikasmailako 4 ikasle (Unai Allué Bere, Xabier Aramendía Unzué, Adrián Martínez Míchel eta Javier Muniáin Luque) eta DBHko 4. ikasmailako ikasle bat (Eva Sánchez Hernández). 

Lau egunean, NUPeko irakasleek ere parte hartu zuten: Silvia Díaz Lucas, Jesús Palacián Subiela eta Patricia Yanguas Sayas irakasleek hitzaldi batzuk eman zituzten; eta Rafael Ruiz Feliuk urrunetik konektatu zen Jocelyn Bell Burnell irrati-teleskopiora, eta haren funtzionamendua erakutsi zuen. Irrati-teleskopioa Arrosadiko campuseko praktiketarako etxaldean dago. Silvia Díaz proiektuaren zuzendariaren arabera, “eskerrak eman behar zaizkio José Javier Vesperinas Oroz irrati-teleskopioa mantentzeaz arduratzen den Ikerketari Laguntzeko Unitate Zientifiko-Teknikoko (ILUZT) teknikariari, haren laguntzarik gabe proiektu hori ezinezkoa izanen baitzen”. 

Horrez gain, Endika Aguirre Eguizabal y Wassim Bouzarhoun El Asry NUPeko Ingeniaritza Informatikoko Graduko Nazioarteko Programako ikasleak Ventspilsen daude mugikortasunerako Erasmus beka bati esker, eta Python-eko programazio-lantegi bat eman zuten ikasleentzat.

“Konferentziak bazkide laguntzaile guztien arteko konfiantza sendotu du”, adierazi zuen Silvia Díazek, Letoniako topaketaren ondoren. Ventspilseko zenbait instalazio zientifiko ere bisitatu dituzte: Irrati-astronomiako Nazioarteko Zentroa  (VIRAC), Vizium Zientzia eta Berrikuntza Zentroa eta Planetarioa eta Behatokia.

Proiektuan parte hartu duten Bigarren Hezkuntzako hiru ikastetxeak aitzindariak izanen dira hezkuntza-eredu berri bat diseinatzen, zeinak oinarri izanen baitu ikasleek astronomiako eta irrati-astronomiako gaitasunak eta ezagutzak modu eraginkorrean eskuratzea proiektu espezifikoetan aktiboki parte hartuz.