Joan eduki nagusira

Bartolomé de Carranza Fundazioak bereziki Foru Komunitateko delinkuentziari, droga-menpekotasunari eta gazteriari buruz ikertu zuen 1979an sortu zenetik hasi eta ia 30 urtean. Fundazioa dagoeneko ez da existitzen, eta orain Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Artxibo Nagusiari eman dio bere dokumentazio guztia, nagusiki txosten eta azterketa ugarik osatua.   Artxiboa emateko ekitaldian izan dira Ramón Gonzalo NUPeko errektorea eta Vicente Madoz Jáuregui fundazioaren sortzaile eta burua, gobernuz kanpoko erakundearekin lotutako pertsona-talde batekin batera.

Bartolomé de Carranza Fundazioa 1979an sortu zen, eta zenbait arlotako (zuzenbidea, epailetza, soziologia, gizarte-lana, psikologia, psikiatria, pedagogia, ekonomia eta kazetaritza) profesional-talde baten kezken emaitza izan zen. Gizartean eta zientziaren esparruan baztertuta zeuden sektore batzuekin zuten konpromisoak elkartzen zituen profesional horiek. Haien helburua zen “kriminologiarekin lotutako fenomenoak ikertzea, delinkuentzian espezializatutako teknikari eta hezitzaileak prestatzea, delinkuentziari aurrea hartzeko lan egitea, baztertuta edo gatazkan zeuden pertsonen birgaitzea eta gizarteratzea aztertzea eta helburu horiekin lotuta zeuden herritarren, profesionalen edo administrazioaren ekimenetan parte hartzea”, 2004an zilarrezko ezteiak betetzean argitaratutako jardueren memoriak jasotzen zuenez.

zoom Bartolomé de Carranza Fundazioarekin lotutako pertsonak, sinatzen. Ezkerretik eskuinera: Jesús Cedazo, Margarita Aguinaga, Juan Cabasés, M.ª Josefa Iribarren, Gregorio Urdániz, Roldán Jimeno (NUP), Vicente Madoz, Ramón Gonzalo (NUP), Jesús Domínguez, Inés Sáenz de Pipaón, Javier Ibáñez Santos, Alicia Izco eta Jesús Hernández Aristu.

Bartolomé de Carranza Fundazioarekin lotutako pertsonak, sinatzen. Ezkerretik eskuinera: Jesús Cedazo, Margarita Aguinaga, Juan Cabasés, M.ª Josefa Iribarren, Gregorio Urdániz, Roldán Jimeno (NUP), Vicente Madoz, Ramón Gonzalo (NUP), Jesús Domínguez, Inés Sáenz de Pipaón, Javier Ibáñez Santos, Alicia Izco eta Jesús Hernández Aristu.

Artxiboa emateko ekitaldian egindako hitzaldian, Vicente Madozek gobernuz kanpoko erakundearen hiru ezaugarriak deskribatu zituen, “eraginkortasun handikoak izan zirenak”. “Askotariko jende ugarik parte hartu genuen fundazioan, askotariko lanbide eta ideologiatakoak ginen, eta xede bakarrak elkartzen gintuen: dinamika sozialarekiko interesa eta haren hobekuntza —esan zuen—. Gainera, kideetako batzuk Nafarroako Gobernuak aukeratu zituen, eta lankidetza publiko-pribatu bizi batean bat egin genuen. Orobat, berez, fundazioaren zeregin eta helburuen parte handi batek harrera bikaina izan zuten handitzen ari zen NUPen ”.

Katalogatzea eta sozietatearen eskura jartzea

Sortu zenetik 2009an bere jarduera amaitu zuen arte, gobernuz kanpoko erakunde horrek ikerketan oinarritu zuen bere jardueraren parte handi bat.  Horren emaitza izan zen bibliografia-ekoizpen zabala, orain NUPek jasoko duena, zenbait arlotan, hala nola hezkuntza, kriminologia, droga-menpekotasuna, buruko gaixotasunak eta Nafarroako gazteria. Agirien Kudeaketaren eta Artxibo Nagusiaren Ataleko langileek katalogatuko dute material hori guztia, eta ikusgai egonen da NUPeko ikasle eta ikertzaileentzat eta herritarrentzat. 

“Zuen lana aitzindaria eta berritzailea izan zen, bai eta giltzarri ere uneko ikerketa sozialerako, erretratu ederra garai hartako gizartea gaur ezagutzeko eta Nafarroa bidezkoagoa eta desberdintasun sozial gutxiagokoa sortzeko ezarri zenituzten soluzio eta lan-ildoetarako”, esan zuen Roldán Jimeno Aranguren NUPeko idazkari nagusiak artxiboa emateko ekitaldian. Artxibo Nagusia idazkari nagusiaren mende dago. 

Horrez gain, fundazioak beste ekimen batzuk ere egin zituen. Esaterako, 1980ko ekainean Iruñean egin zen Kriminologiako Nazioarteko XXIX. Ikastaroa antolatu zuen, Kriminologiako Nazioarteko Elkartearekin eta Nafarroako Foru Aldundiarekin batera; integrazio sozialeko programa bat garatu zuen Nafarroako hiriburuko kartzelan (1987-1990); prestakuntzako eta dibulgazioko hainbat jarduera egin zituen; aholkularitza eta orientazioa eman zizkien informazio eske joandako erakunde zein partikularrei, edo kriminologiako eta moldaezintasun sozialeko gaietan espezializatutako dokumentazio-zentro bat izan zuen Iruñeko Gaztelu plazako 12 zenbakian zuen egoitzan. 

Gazteriaren arloan egindako ibilbideagatik eta lanagatik, Nafarroako Gobernuak Gazteria Saria eman zion Fundazioari 2003an.