Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) unibertsitatearen arreta bulego berria inauguratu du Iruñerriko Mankomunitateak Bisitazioko Amen komentu zaharrean duen egoitzan. Iruñea erdialdean dagoen zerbitzu berri horrek informazioa eta orientabidea eskainiko du unibertsitateko sarbideaz, NUPen eskaintza akademikoaz, ikasleentzako baliabide eta zerbitzuez, beka-deialdiez eta beste tramite administratibo batzuei buruz, adibidez aurreinskripzioaz eta matrikulaz.


Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, ezkerrean, David Campiónekin batera, bulegoan zerbitzu emanen duen langilearekin hizketan.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Iruñerriko Mankomunitateak hitzarmen bat sinatu zuten 2023an. Hitzarmen horrek aurreikusten du Bisitazioko Amen eraikineko egoitza berrian espazioak partekatzea eta bi erakundeek lankidetzan jardutea prestakuntza-ekintzak diseinatzeko eta garatzeko. Hain zuzen ere, hitzarmen hori sinatu ondoren ireki dute bulego berria. Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta David Campión Iruñerriko Mankomunitateko buruak bisita informala egin dute bulegora. Erakundearen sustapenerako objektuak ere badituzte bulegoan, eta orobat eskuratzen ahal dira gradu eta masterrei buruzko liburuxkak eta informazioa paperean. Unibertsitateko arreta-zerbitzu berria eraikinaren beheko solairuan dago, eta Iruñerriko Mankomunitateko bulegoen irekiera-ordutegi bera izanen du.
Gogoratu behar da NUPek eta Mankomunitateak sinatutako hitzarmenak orobat aurreikusten duela Ansoleaga aretoaren, hots, komentuko eliza zaharraren erabilera partekatzea. Hori dela eta, unibertsitatea dagoeneko hasi da erakunde- eta dibulgazio-jarduerak programatzen, bai eta biltzarrak eta mintegiak ere. Hitzarmenari esker, Iruñerriko Mankomunitateak eta SCPSAk (Iruñerriko Zerbitzuak S.A.) NUPeko gelak eta espazioak erabiltzen ahalko dituzte probak eta azterketak egiteko, eta erakunde horietako langileek baldintza abantailatsuak izanen dituzte unibertsitateak emandako prestakuntzan.