Joan eduki nagusira

Iruñeko Udalak frankismoak errepresaliatutako zenbait emakumeren izena jarri die Txantrea auzoko zazpi kaleri eta hiru plazari Gemma Piérola Narvarte Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu Funtseko  ikertzaileak egindako lanean oinarrituta. Hiriko planoetan eta kale-izendegiko plaketan jada jasota daude izen hauek: Julia Bea Soto, Dora Serrano Serrano, Aurora Gómez Urrutia, M.ª Luisa Elío Bernal, Josefina Guerendiain Caro, Nemesia Baztán Turrau, Ramona Zapatero Zapatel, Matilde Huici Navaz, M.ª Carmen Húder Carlosena eta Julia Fernández Zabaleta.

Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak erronboide-formako plaka bat desestali zuen joan den apirilaren 25ean. Plaka horren arabera, frankismoak errepresaliatutako emakumeen oroimen-gunea da leku hori. Udalbatzaz gain, ekitaldian parte hartu zuten omendutako emakumeen senitartekoek, zeinak Madriletik, Bartzelonatik edo Venezuelatik etorri baitziren. Beren familian errepresaliatu zuten emakumeari eskainitako plakaren erreprodukzio bat jaso zuten. Ekitaldian, Fernando Gómez Serranok, Teodora Serrano Serranoren semeak, udalaren ekimena eskertu zuen gainerako senitartekoen izenean.

Udalaren ekimenak Txantrea Auzo Ekimenaren eta auzoan memoria-gaiak lantzen dituen taldearen babesa du, bai eta auzoko elkarte feministen, Emakumeen Udal Kontseiluaren eta "Emakumeak izendatu Iruñean" lantaldearen babesa ere. Hautaketa egiteko, NUPen ikerketa bat erabili da, Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu Funtsaren datu-basean eskuragarri dagoen informazioari buruzkoa, eta liburu honetan gauzatu da: “Historia isilduak: frankismoan errepresaliatutako hamar nafar emakumeren bizitza eta ahanztura.Proposamen biografiko bat haiek aitortuak izan daitezen espazio publikoetan” . Liburuaren egilea Gemma Piérola irakaslea da, eta Iruñeko Udalak argitaratu du. Nekane Ibero Etxeberria auzoko artistak eta Isilune taldeak zenbait abesti jo zituzten.

Ekitaldi horretara iristeko prozesua 2021ean hasi zen, Udalak ikerketa NUPi agindu zionean, eta erabakia 2022ko apirilean onetsi zuen osoko bilkurak. Gero, Iruñeko Udalak erabaki zuen Txantreako Hegoaldeko Plana gauzatzeko urbanizazio-lanetatik sortutako kale eta plazek hartuko dituztela memoria-pilula horiek, eta baita ingurune horretan bertan, Mendigorria kalean sortutako biribilgune berriaren ingurukoek ere. Espazio horiek guztiak Batasunaren Pribilegioa kalearekiko perpendikularrak dira.

Isilarazitako emakumeei buruzko liburua

Historia isilduak: frankismoan errepresaliatutako hamar nafar emakumeren bizitza eta ahanztura. Proposamen biografiko bat haiek aitortuak izan daitezen espazio publikoetan liburuak “omendu nahi ditu gerra zibilaren izugarrikeriaren aurrean eta gerraoste luze eta gordinean isiltasunean, erresistentzian eta erbestean borrokatu, aurrez aurre jarri eta biziraun zuten beste hainbat emakume”.

Liburua ele bitan argitaratu zen, eta Iruñeko Udal Artxiboaren (IUA), Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu Funtsaren (NUP), Nafarroako Memoriaren Institutuaren (Nafarroako Gobernua) eta omenduen senitartekoen eta beste pertsona batzuen artxibo pribatuen irudiak biltzen ditu. Horien artean, honako hauen laguntza eskertu nahi du egileak: Maximino eta Fernando Gómez Serrano, María Jesús Arroyo Bea, María Carmen Yárnoz Húder eta Maite Bengaray, bai eta Iñaki Beaumont, Ángel García-Sanz Marcotegui, Javier Ilundain, ELA sindikatua eta Eduardo Mateo Gambarte ere. 

Emakume horiei eskainitako liburuan, haien bizitzaren laburpen bat agertzen da, eta, horrenbestez, haien memoriaren lekuko bat uzten da. Gehienak politikaren munduari lotutako ibilbideak zituzten emakumeak ziren, eta baita beste hainbat esparrutakoak ere, hala nola abokatutza, irakaskuntza, sorkuntza artistikoa edo zaintza. Beste emakume batzuk orobat errepresaliatuak ziren gizonen alabak edo bikotekideak ziren.

Aitortzaren amaiera gisa, hiru senitartekok (Iñaki Beaumont, Nemesia Baztán Turrauren senitartekoa; M.ª Jesús Arroyo Bea, Julia Bea Sotoren iloba, eta Fernando Gómez Serrano, Dora Serrano Serranoren semea) eta Gemma Piérola irakasleak “Frankismoak errepresaliatutako emakumeak: oroitzapenak eta aitortza” izenburupeko mahai-inguruan hartu zuten parte joan den astelehenean, apirilak 29.  Saioan, aztergai izandako emakumeen ibilbideaz hitz egiteaz gain, senideen testigantzak entzun ziren.