Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Granadako Unibertsitatearekin batera, ikerketa nazionaleko proiektu bat koordinatzen du, aztergai duena haurtzaroko (3-5 urte) egoera fisikoak nerabezaroko (11-14 urte) osasun kardiometabolikoa eta emozionala aurresateko duen ahalmena. 

Proiektuaren izena PREFIT-UP da, eta PREFIT proiektuaren jarraipena da. PREFIT proiektuak Espainia osoko 3.000 haurren egoera fisikoa aztertu zuen 2015ean eta 2016an. Hori dela eta, lagun horiekin harremanetan jarri nahi dute, zeinak 11 urtetik 14 urtera bitarteko adin-tartean baitaude. Proiektuan 31 ikerketa-zentrok parte hartzen dute, beste horrenbeste hiritakoak, eta 60 bat ikastetxek. Iruñean, Hijas de Jesús ikastetxea hasiko da datozen hilabeteetan. NUPek (Ikertzaile gazteak deialdia), Andaluziako Kirol Institutuak eta The European Association for the Study of Obesity erakundeak finantzatzen dute proiektua.

zoom Proiektuan parte hartzen duen NUPeko taldea. Ezkerretik eskuinera: Víctor Alfaro, Mara Concepción, Nerea Ruiz de Larramendi, Jon Etxarte, María Medrano, Jesús García, Claudia Izquierdo eta Maddi Oses.

Proiektuan parte hartzen duen NUPeko taldea. Ezkerretik eskuinera: Víctor Alfaro, Mara Concepción, Nerea Ruiz de Larramendi, Jon Etxarte, María Medrano, Jesús García, Claudia Izquierdo eta Maddi Oses.

NUPen aldetik, honako hauek ari dira parte hartzen proiektuan: Idoia Labayen Goñi, Rafael Cabeza Laguna, Fernando Idoate, Maddi Osés, Unai Azkárate eta María Medrano irakasleak; Víctor Alfaro, Jon Etxarte, Juan Manuel Alcántara eta José Luis Santos ikertzaileak; Jesús García (proiektu honetan egiten ari da bere tesia), Mara Concepción eta Claudia Izquierdo doktoretzako ikasleak eta masterreko eta praktiketako beste ikasle batzuk. 

Aldagaien analisia

Ikerketan aztergai izanen dira osasunarekin lotutako egoera fisikoaren osagaiak (bihotz-biriketako gaitasuna, indarra, abiadura eta arintasuna). Orobat aztergai izanen dira pisua, neurria, gerri-perimetroa, gorputzaren osaera, osasun kardiometabolikoa, ongizate emozionala (estresa, bizi-kalitatea, osasun mental orokorra, adikzioak, etab.), bizimodua (jarduera fisikoa, dieta, pantailak erabiltzeko denbora, loa) eta determinatzaile sozioekonomikoak (hezkuntza-maila, familia-egitura, lanbidea, maila sozioekonomikoa, familia-aurrekariak, aldagai perinatalak).