Laneko segurtasunaren arloko ikerketa-sariak eman dizkiete sei proiekturi. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak egin zuen 7.000 euroko sarietarako deialdia. Sari pare bat Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleei dagozkie (Carmen Jarén Ceballos IS-FOOD Institutuko katedradun eta ikertzailea, eta Julen Llorens Espada irakaslea); eta beste bi sari, bi ikasle ohiri (Raquel Goñi Toribio eta Natalia Cirauqui Dúcar). Gaur, astelehena, apirilak 29, Patricia Fanlo kontseilariak, Agurtzane Martínez Ortigosa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiarekin batera, sariak banatu ditu Nafarroako Industria Elkarteak (AIN) Cordovillan duen ekitaldi-aretoan.
Ezkerretik eskuinera: Julen Llorens, Natalia Ciraqui, Agurtzane Martínez Ortigosa, Patricia Fanlo, Daniel Bruque, Carmen Jarén eta Alejandro Fernández Montero.
Unibertsitate-masterraren amaierako lan-modalitatean NUPeko bi ikasle saritu dituzte: Raquel Goñi Toribiori 1.500 euroko saria eman diote “Arrisku higienikoen analisia eta prebentzioa unibertsitate-irakaskuntzan” lanagatik; eta Natalia Cirauqui Dúcarri, berriz, 500 euroko saria “Nekazaritzako ustiategi bateko lan-arriskuen ebaluazioa” lanagatik.
Gradu amaierako lanaren modalitatean, 1.000 euroko saria eman diote Daniel Bruque Daza Nafarroako Unibertsitateko kideari “COVID-19 gaitzaren larritasunaren bilakaera pandemian zehar Nafarroako Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Klinikan” lanagatik.
Sariak ikertzaileei
SINAIk izendatutako eragileen proiektuetan, Julen Llorens Espada NUPeko Zuzenbide Saileko irakasleak 1.500 euroko saria jaso du “Laneko osasunaren arloan Adimen Artifiziala (AA) erabiltzeko mugak” lanagatik.
SINAIk izendatutako eragileen artikuluetan, bi proposamen saritu dira: Carmen Jarén Ceballos NUPeko Ingeniaritza Saileko katedraduna buru duena, “Fatal tractor accidents in the agricultural sector in Spain during the past decade” lanagatik (1.500 euro); eta Alejandro Fernández Montero Nafarroako Unibertsitateko irakaslea “Effect of a nutrition intervention on mediterranean diet adherence among firefighters” lanagatik (1.000 euro).