Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Graduko berrogeita hamar ikaslek parte hartu dute berriki Donostian egin den Mugaz Gaindiko Ikerketarako I. Ikasle Jardunaldian. Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Institutuaren (MGLI) proiektuaren esparruan antolatu zen, eta mugak ixteak dakartzan ondorio legal, sozial eta ekonomikoei buruzko gogoeta egin zuten. Pirinioetako bi aldeetako ikasleak bildu ziren topaketan: guztira 150 gazte, Nafarroako Unibertsitate Publikokoak, Euskal Herriko Unibertsitatekoak (EHU) eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatekoak.
Jardunaldia EHUko Gipuzkoako campuseko Carlos Santamaria Zentroan egin zen, eta unibertsitate mugakideek partekatzen dituzten gaiak jorratzeko premiari erantzuten zion: mugaren bi aldeetan ikasleen mugikortasuna sustatzea, euroeskualdeko gaiei buruz sentsibilizatzea eta eleaniztasuna eta kulturartekotasuna sustatzea.
NUPeko Zuzenbideko ikasleak jardunaldian. Ezkerretik eskuinera: Iñigo Erro, Gorka Piñar, Alexandrina Bocancea eta Gonzalo Nicolao, zeinak Alicia Chicharro irakasleak irakasten duen Nazioarteko Erakundeak irakasgaia egiten ari baitira.
Jardunaldian, ikasleek beren ikerketak azaldu zituzten mahai-inguruetan, eta aztergai izan zituzten mugak ixteak ekonomian, mugaz gaindiko bizitzan eta migratzaileengan dituen ondorioak. Aztergaia zenbait ikuspegitatik landu zen ikasleen prestakuntza-ibilbideen arabera: NUPekoak eta EHUkoak Zuzenbide Gradua ari dira egiten eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatekoak Europako eta Nazioarteko Ikasketetako masterra.
Mugaz gaindiko lankidetzarako Europako proiektua
Jardunaldiaren ondoren beste batzuk eginen dira Baionan (Frantzia) eta Iruñean, eta Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Institutua (MGLI) sortzeko hiru urterako Europako proiektu baten barruan daude. Ekimenaren xedea da aipatutako hiru unibertsitateen arteko lankidetza sendotzea. Institutuak mugaz gaindiko lankidetza bultzatuko du bai eragileei mugaren bi aldeetako jardueretan laguntzeko bai hiru unibertsitateak eragile horien zerbitzura jartzeko prestakuntzaren, esperimentazioaren eta ikerketa aplikatuaren arloan.
Proiektu hori Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa Eragilearen barruan dago (POCTEFA 21-27), Europar Batasuneko Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du beste batzuekin batera, eta elkarte estrategiko bateko kide da Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearekin (NAEN).