WEIDPLAS Spain, S.L.U enpresak Taxoaren du egoitza (Nafarroa), eta autogintzaren eta industria-txorrotagintzaren sektorerako injektatutako plastikozko piezetan dago espezializatuta. Enpresak 3D inprimagailu bat eman dio Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP), eta unibertsitateak Tuterako campusean jarri du, non Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzako Graduaren irakaskuntzan erabiliko baita. Instituzio akademikoaren Gizarte Kontseiluak bitartekari lanak egin ditu prozesuan, eta Javier Vidorreta Salillas kontseiluburuak jaso du makina Hinrich Stomberg WEIDPLAS Spain, S.L.U enpresako kudeatzailearen eskutik.
NUPeko Ingeniaritza Sailak hartu du bere gain 3D inprimagailua, eta Tuterako campuseko tailerren eraikineko 3D-ko inprimaketarako laborategian jarri du. Makina Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzako lau irakasgaitan erabiliko da (Bulego Teknikoa, Diseinuaren Metodologia; Prototipatzeko Teknologia Aurreratua eta Plastikozko eta Xaflazko Piezen Diseinua eta Garapena) eta aipatu titulazioko gradu amaierako lanetan.
Javier Vidorreta (eskuinean), NUPeko Gizarte Kontseiluko burua Hinrich Stomberg WEIDPLAS Spain enpresako zuzendari nagusiarekin.
Hogei urte Nafarroan
WEIDPLAS Spain enpresa-emaileak 25 langile ditu, eta urtean 20 milioi euro baino gehiagoko salmentak ditu. Aurten hogeigarren urtea beteko du Nafarroan, eta Techniplas taldeak Espainian duen filial bakarra da. Techniplas Taldea Estatu Batuetako multinazional bat da, osagai plastikoak eta goi-teknologiako funtzio anitzeko gainazalak ekoizten dituena, eta, nagusiki, automobilaren sektorera zuzenduta dago, bai eta industriaren, kontsumo-ondasunen eta medikuntzaren esparruetako beste batzuetara ere. Techniplas Taldeak mundu osoan dihardu bere hogeita hamar egoitzen bidez. Egoitza horietan ekoizpen eta salmenta plantak eta zentro teknologikoak daude, eta ia 4.000 langile ditu. Techniplas duela urte askotatik ari da lanean automobilaren eta industriaren sektoreetan munduko liderrak diren OEM nagusiekin (jatorrizko ekipoen fabrikatzaileen ingelesezko siglak).