Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) azken bi urteetan (2022an eta 2023an) tesia defendatu duten 62 doktore berrien inbestidura-ekitaldia egin zuen joan den larunbatean, martxoak 9. Ekitaldia Fernando Remacha aretoan egin zen (Arrosadiko campusa), eta Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektorea izan zuen buru. Bestalde, Juan Cruz Cigudosa García Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen estatu-idazkaria izan zen ekitaldiaren aitabitxia.
Unibertsitateko errektorearekin eta ekitaldiaren aitabitxiarekin batera, beste hauek osatu zuten lehendakaritza-mahaia: Francisco Javier Arregui Ikerketako errektoreordeak, Mercedes Sánchez Nafarroako Doktoretza Eskolako zuzendariak (NADOE) eta Roldán Jimeno erakunde akademikoko idazkari nagusiak. 450 lagun baino gehiago izan ziren ekitaldian, tartean agintari akademikoak, Foru Komunitateko agintariak eta omendutako pertsonen adiskide eta senitartekoak.
Ekitaldian errektoretza-taldeak eta dozenaka irakaslek hartu zuten parte, baita zenbait erakundetako agintariek ere, hala nola Patricia Fanlo Mateo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak, Ana Burusco Juandeaburre Unibertsitateko zuzendari nagusiak eta Antonio Pérez Prados NUPeko aurreko errektoreak. Ekitaldian zehar, Zura Quartet laukoteak zenbait musika-pieza interpretatu zituen (Leire Fernández Sainz de Murieta, Mario Oroz Arraiza, Daniel Sádaba Bermejo eta Paula Azcona Cerdán dira taldekideak).
NUPeko doktoretzako ikasketen nazioartekotzea
Azken bi urteetan 139 doktoretza-tesi defendatu dira NUPen; haietatik, % 55ek nazioarteko aipamena dute, hots, doktoregaiek hiru hilabeteko edo hortik gorako egonaldi bat egin dute nazioarteko unibertsitate edo ikerketa-zentro batean. “Datu hori bereziki azpimarragarria da, aurreko urteetan aipamen hori zuten tesien ehunekoa halako bi izan baita”, nabarmendu zuen Mercedes Sánchez NADOEko zuzendariak bere hitzaldian. Bi urte hauetan defendatutako tesien % 87k kalifikazio gorena jaso dute, bikain “cum laude”.
Bestalde, enplegagarritasunari dagokionez, gaur egun NUPen 42 lagun doktoretza industriala egiten ari direla nabarmendu zuen NADOEko arduradunak. Modalitate horretan, ikertzaileek gutxienez urtebete egon behar dute enpresa edo erakunde batean kontrataturik tesia egiten, eta horrek lan munduan sartzen laguntzen die.