Gutxiengo erlijiosoen arloko Europako 50 bat aditu elkartuko dira Iruñean aste honetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatutako nazioarteko biltzar batean. Biltzar horretan Estatuarekin lankidetza-akordiorik ez duten konfesio erlijiosoen egoera juridikoa izanen dute hizpide. Gutxiengo erlijioso horien ordezkariak eta zazpi herrialdetako administrazioko langileak eta kontzientzia-askatasunari buruzko ikertzaileak elkartuko dira gaurtik hasi eta ostiralera bitarte (martxoaren 6tik 8ra) Bisitazioko Amen komentu zaharrean (Iruñerriko Mankomunitatearen egungo egoitza), gizartean erlijio dibertsitatearen inklusioari loturiko erronkak aztertzeko. Zehazki, Espainiako, Frantziako, Italiako, Poloniako, Portugaleko, Erresuma Batuko eta Errumaniako ordezkariak izanen dira bertan. Izan ere, “legeak diskriminazio nabarmena egiten du” arlo horretan, adierazi du Alejandro Torres Gutiérrez NUPeko katedradun eta biltzarraren antolatzaileak.
“Pentsa dezagun, adibidez, Estatuarekin lankidetza-akordiorik ez duten konfesio askok nolako zailtasunak dituzten onura fiskalen eta dohaintzen kenkarien araubidearen onurak eskuratzeko” –adierazi du Alejandro Torresek–. Abantaila horiek, orain arte, Estatuarekin akordioren bat zuten konfesioek bakarrik izan dituzte; hala ere, mezenasgoari buruzko legeriaren “ad hoc” erreforma baten zain gaude. Halaber, azpimarratzekoa da zein zaila suertatzen zaien lurrak lortzea beren tenpluak eraikitzeko, leku egokiak lortzea ehorzketak egiteko, eta fededunei erlijio-laguntza ematea”.


Gutxiengo erlijiosoetako espezialista europarrak biltzarraren hasieran, Bisitazioko Amen komentu zaharrean.
Espainiako Estatuak, hasiera batean, Eliza Katolikoaren aldeko akordioak sinatu zituen Egoitza Santuarekin, eta, aurrerago, 1992an, akordioak sinatu zituen Erlijio Erakunde Ebanjelikoen Federazioarekin, Espainiako Komunitate Israeliten Federazioarekin eta Espainiako Batzorde Islamikoarekin. Lau konfesiok sinatu dute akordioa Estatuarekin, baina badira akordiorik ez dutenak ere. Eta, horien artean, badira aldeak. Izan ere, sustraitze nabarmenaren errekonozimendua eskuratu zuten batzuek, hala nola hauek: Azken Egunetako Santuen Jesu Kristoren Elizak (2003), Jehovaren Testigu Kristauek (2006), Espainiako Entitate Budisten Federazioak (2007), Eliza Ortodoxoak (2010) eta Bahá’i Fedeak (2023). Beste batzuek, aldiz, ez dute aitorpen administratibo hori, besteak beste Scientology Elizak, Ahmadia Komunitateak, Taoismoak, Espainiako Federazio Hinduak eta Sikhismoak.
Biltzarreko parte-hartzaileak
“Legezko lankidetza-akordiorik ez duten gutxiengo erlijiosoen estatutu juridikoa” izeneko nazioarteko biltzarrak sona handiko jendea elkartuko du Iruñean, besteak beste Mercedes Murillo Muñoz (Lehendakaritzaren, Gorteekiko Harremanen eta Memoria Demokratikoaren Ministerioaren erlijio askatasunaren zuzendari nagusia) eta Inés Mazarrasa Steinkuhler (Pluralismo eta Bizikidetza Fundazioko zuzendaria). Era berean, Espainian Estatuarekin lankidetza-akordiorik ez duten konfesio erlijioso batzuetako ordezkariek ere hartuko dute parte: Azken Egunetako Santuen Jesukristoren Elizak, Jehovako Lekukoek, Espainiako Federazio Budistak, Eliza Ortodoxo Errumaniarrak, Bahài’í Komunitateak, Scientologyko Elizak, Federazio Hinduak edo Espainiako Batasun Taoistak.
Biltzarra Ikerketako Errektoreordetzak, I-COMMUNITAS Institutuak (biak NUPekoak), Pluralismo eta Bizikidetza Fundazioak eta Zientziako eta Berrikuntzako Ministerioak finantzatu dute, Lankidetza Akordiorik gabeko Espainiako Konfesio Erlijiosoen Estatutu Juridikoa proiektuaren bidez. Proiektu horren ikertzaile nagusiak Alejandro Torres Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna eta Óscar Celador Angón Carlos III. Unibertsitateko (Madril) Eliza Zuzenbideko katedraduna dira. Gainera, bilera zientifiko hau EUROPIA proiektuaren parte da, zeinak Europar Batasunaren babes ekonomikoa lortu baitu eta Spasimir Domaradzki baitu ikertzaile nagusi, Varsoviako Unibertsitateko (Polonia) Zientzia Politikoen Fakultateko irakaslea.
Informazio gehiago nahi izanez gero, biltzarraren programa kontsultagai dago Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean.