Joan eduki nagusira

Gizonezko lau ikertzaile eta emakumezko bi ikertzaile atzerritar Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) ari dira doktoretza-tesia egiten Welcoming International Talent (WIT) programaren bidez. Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren ekimen bat da, doktoregaiei dirulaguntzak ematen dizkiena, eta doktoregai talentudunak Foru Komunitatera erakartzea du helburua. Zehatz-mehatz, hauek dira doktoregaiak: Alisson García (Ekuador), Deborah Liguori (Brasil), Asheem Garwa (India), Ihtesham Khan eta Syed Nazim Shah (Pakistanekoak biak) eta Ismail El Hamzaoui (Maroko). 

Alisson García Herrera ingeniaria da, eta hau ari da aztertzen NUPen: pertsonen eta salgaien hiri garraioaren optimizazioa nola hobetu algoritmoen bidez eta “agile” metodologiarekin. Garraio sistema jasangarriak ikertzen ditu irtenbideak bilatzearren hirietako zenbait arazori, hala nola ibilgailu pilaketari, aparkamenduari eta poluzioari. Hiriko merkantzia-banaketa hobetzeko, “crowdshipping” delako teknika aztertzen du, hau da, noizean behingo gidariak garraio lanetan aritzea, azken buruan herritarren bizimodua hobetzeko xedearekin. Francisco-Javier Faulín-Fajardo Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedradun, ISC institutuko kide eta GILT ikerketa-taldeko zuzendariaren gidaritzapean ari da Alisson García Herrera NUPen lanean.

zoom Alisson García eta Asheem Garwa, WIT programako ikertzaileak, NUPen.

Alisson García eta Asheem Garwa, WIT programako ikertzaileak, NUPen.

Deborah Liguori fisikaria, berriz, iman iraunkor jasangarriagoak garatzen ari da NUPen. Zehazki, lur arraroen elementuak oxido magnetikoak erabiliz nola ezabatu ari da ikertzen, modu horretan energia sortzeko prozesuak kalte gutxiago egin diezaion ingurumenari. Alberto López Ortega Zientzien Saileko irakasle eta INAMAT2 ikerketa-institutuko kidea da bere ikerketaren zuzendaria.

Asheem Garwa ingeniari elektrikoa da, eta energia berriztagarrien arloan ari da ikertzen; zehazki, iturri berriztagarrien bidezko energia nola dimentsionatu eta kudeatu sare elektriko batean. Ikerketaren helburua da metodologia bat garatzea, egiazko kontsumo datuak, iturri berriztagarriekin sortuko den energiaren kalkuluak eta kode irekiko tresnak erabiliz, energia elektrikoa sortzeko parkea eta Espainian behar diren biltegiratze-sistemak dimentsionatzeko, eta, bestetik, energia kudeatzeko estrategia bat diseinatzea egungo sare elektrikoaren fidagarritasun-mailak ahalik eta kostu txikienarekin lortzeko.  Ikerketaren zuzendariak Luis Marroyo Palomo eta Julio Pascual Miqueleiz irakasleak dira, biak ere NUPeko INGEPER taldekoak eta ISC institutuari atxikiak.

Laugarrenik, Ihtesham Khan ingeniaria NUPeko Antenak ikerketa-taldean sartu da, eta bere ikergaia hau da: antenen diseinua Fabry-Perot barrunbeak erabiliz terahertzen heineko komunikazioetarako, eta gaur egun haien errendimendua mugatzen duten alderdiak ari da hobetzen, hau da, banda-zabalera eta elikatze-sistemak. Iñigo Ederra Urzainqui eta Juan Carlos Iriarte Galarregui irakasleen zuzendaritzapean ari da tesia egiten. 

zoom Ihtesham Khan, Syed Nazim Shah eta Ismail El Hamzaoui, WIT programako ikertzaileak, NUPen.

Ihtesham Khan, Syed Nazim Shah eta Ismail El Hamzaoui, WIT programako ikertzaileak, NUPen.

Syed Nazim Shah ingeniariaren tesi zuzendariak, berriz, Miguel Ángel Gómez Laso, Iván Arregui Padilla eta José María Lopetegui Beregaña ISC institutuari atxikitako irakasleak dira. Tesian, mikrouhin iragazkiak ari da ikertzen, zeinak osagai erabakigarriak baitira transmititutako seinalearen kalitaterako, adibidez telekomunikazio sateliteetako seinaleen kalitaterako. Ingeniariak maiztasun handiko eta fabrikazio aurreratuko diseinu-teknika berriak proposatuko ditu tesian. 

Azkenik, Ismail El Hamzaoui ingeniaria energia berriztagarrien arloan ari da ikertzen, NUPeko INGEPER taldean, Jesús López Tabernaren eta Javier Samanes Pascualen zuzendaritzapean. Bere tesiaren helburua da modua aurkitzea turbina eolikoen bidez sortutako energia sarean hobeki integratzeko, eta, bereziki, sare kode berriek karga mekanikoetan nolako eragina duten aztertzea.

WIT programa

WIT programak 2,6 milioi euroko aurrekontua du, Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak erdi bana finantzatua, eta Nafarroako Gobernua du lider, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bidez eta NUPekin eta UNAVekin koordinazioan. Aurrekontu horrekin, dirulaguntza emateko bi deialdi egin dira: lehenbizikoa 2022ko apirilean eta bigarrena 2023ko urtarrilean. 

Deialdiaren irabazleek hiru urteko dirulaguntza lortu dute ikerketa-proiektu bana egin dezaten Nafarroako S4 Estrategiaren ikerketa-lerro estrategikoetako hirutan. Dirulaguntzan sartzen da urteko 36.000 eurorainoko soldata gordina, Gizarte Segurantzaren kuota patronalaren kostuen finantzaketa, diru pixka bat gehiago Nafarroara bizitzera etortzeagatik, prestakuntza-egonaldiak egiteagatik eta mugikortasun kontuengatik, eta ikerketarekin lotutako beste gastu batzuen finantzaketa. Horrenbestez, beka bakoitzaren kostua, guztira, 132.000 euro da.

Espainian COFUND deialdiaren bidez kofinantzatu ziren EBko 11 proiektuetako bat da WIT. Horizon 2020 Estrategiako Marie Sklodowska‐Curie Ekintzen parte da, eta autonomia-erkidego baten gobernuak bultzatutako ekintza bakarra.