Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Espainiako, Frantziako eta Andorrako beste 40 erakunderekin batera, Pyrenees4clima izeneko europar proiektuan parte hartzen ari da, zeinaren helburua “Pirinioetan klima-aldaketari erresilientzia egiten dion mugaz gaindiko mendi-komunitate baterantz” trantsizioa egitea baita, lankidetzaren bidez eta klima-aldaketara egokitzeko neurriak aplikatuz. Pirinioetako Lan Elkarteak (CTP) gidatuko du proiektua, Klimaren Aldaketaren Pirinioetako Behatokiaren (OPCC) bitartez eta LIFE europar proiektuaren finantzaketarekin, eta ia 20 milioi euroko aurrekontua izanen du guztira. Halaber, proiektua garatzeko epea zazpi urte eta erdikoa da; beraz, 2030ean bukatuko da.
NUPen, IS-FOOD institutuko hiru ikerketa-taldetako bost ikertzailek hartzen dute parte: Ekologia eta Ingurumena (Rosa María Canals Tresserras), Animalia Ekoizpena, Nutrizioa eta Elikagaien Zientzia (Beatriz Soret Lafraya), eta Lurzoruen Ebaluazioa eta Kudeaketa Jasangarria (Isabel S. de Soto García, Alberto Enrique Martín eta Iñigo Virto Quecedo).
Pyrenees4clima proiektu europarreko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Alberto Enrique, Isabel S. de Soto, Rosa María Canals, Beatriz Soret eta Iñigo Virto, NUPeko Olibondoak eraikinean.
Zehazki, lehenbiziko bi taldeek mendiko ekonomiak klima-aldaketaren ondorioetara egokitzearekin lotutako proiektuko ekintzetan hartuko dute parte (4. lan paketea). Mendebaldeko Pirinioetako mugaz gaindiko eskualdeetan abeltzaintzako ekoizpen estentsiboko sistemen jasangarritasunaren (ekonomikoaren eta ingurumenekoaren) analisi konparatiboa egin beharko dute, sektorea sustatzeko eta klima-aldaketak eta lurzoruaren erabilera-aldaketek ezarritako baldintza berrietara egokitzeko aukera emanen duten neurri teknikoak eta arauzkoak proposatzearren. Lan pakete hori Espainiako CREAF eta Frantziako Agence des Pyrénées erakundeek gidatzen dute.
Lurzoruen Ebaluazioa eta Kudeaketa Jasangarria izeneko taldeko kideen kasuan, lurzoruen gaineko ekintza espezifikoak egin beharko dituzte ekosistema erresilienteen eremuan aurreikusitakoen barnean (3. lan paketea). Bereziki, erdi mailako mendiko nekazaritza-sistemetan karbono atmosferikoaren biltegiratzea monitorizatzeko sistema bat garatzea izanen da haien zeregina. Lan horretan, Neiker-Teknalia koordinatzaile arituko da, baita Kataluniako Institutu Kartografiko eta Geografikoa ere (ICGC).
Klimaren Aldaketaren Pirinioetako Estrategiaren aplikazioa
Proiektua abian jartzeko bilera orain dela gutxi egin zen Jakako Biltzar Jauregian, eta Pirinioetako Lan Elkarteko kide diren zazpi lurraldeetako ordezkari instituzionalek parte hartu zuten ekitaldian: Nafarroa, Aragoi, Katalunia, Euskadi, Akitania Berria, Okzitania eta Andorra. Lurralde horiek modu aktiboan hartu zuten parte Klima Aldaketaren Pirinioetako Estrategia (EPiCC) diseinatzen, eta estrategia hori aplikatzea da orain hasiko den proiektuaren helburu nagusia. EPiCC estrategia klima-aldaketa ardatz duen eta mendiko bioeskualde baterako berariaz diseinatua dagoen mugaz gaindiko lehenbizikoa da Europan.
Proiektu hori garatzeko eratutako partzuergoak arlo horretan eskumena duten zazpi lurraldeak hartzen ditu (Nafarroa, Aragoi, Katalunia, Euskadi, Akitania Berria, Okzitania eta Andorra), eta, gainera, kanpoko 41 erakunde onuradunek hartzen dute parte, tipologia desberdinetakoak: ikerketa aplikatuko zentroak, unibertsitateak, enpresa publikoak, lurralde lankidetzako Europako taldeak, elkarteak, enpresak eta fundazioak. Nafarroan, ekimenaren parte dira bi unibertsitate presentzialak (NUP eta Nafarroako Unibertsitatea) eta hiru enpresa publiko: GAN-NIK (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa), NILSA (Navarra de Infraestructuras Locales) eta Nasuvinsa (Navarra de Suelo y Vivienda).
Klima Aldaketaren Pirinioetako Estrategia (EPiCC)
Pirinioetako bioeskualde menditsuak bereziki pairatzen ditu klima-aldaketaren ondorioak. Mendialdeetan, oro har, ekosistema asko eta askotarikoak daude, eta urteko batez besteko tenperatura azkarrago igotzen da munduko batezbestekoa baino. Klima-aldaketak inpaktu handia du sistema biofisiko eta sozioekonomikoetan, hala nola floran, faunan, baliabide hidrikoetan, energian, turismoan edo nekazaritzan eta artzaintzan.
Pirinioetan, klima-aldaketari buruzko zazpi lurralde-politika daude, Frantziakoak, Espainiakoak eta Andorrakoak hain zuzen. Hala ere, haietako gehienek ez dituzte kontuan hartzen bi gertaera bereizgarri: alde batetik, mendiko lurraldearen izaera, eta, bestetik, mugaz gaindiko ikuspegia. Klima Aldaketaren Pirinioetako Estrategiak eta 2030 Plan Operatiboak klima-aldaketarako egokitzapenerako mugaz gaindiko jarduna dute ardatz, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko ekintza batzuk ere barne hartuta. EPiCC estrategiari esker, 2050ean Pirinioak klima aldaketaren aurrean lurralde erresilientea izatea lortu nahi da.
Klimaren Aldaketaren Pirinioetako Behatokia
Bestalde, Klimaren Aldaketaren Pirinioetako Behatokia (OPCC) Pirinioetako Lan Elkarteak (CTP) klima-aldaketaren arloan bultzatutako lurralde lankidetzarako mugaz gaindiko ekimena da. Klima-aldaketak Pirinioetan dituen ondorioak ulertzen laguntzea du helburu, lurraldeari haren ondorioetara egokitzen laguntzeko. 2021ean Klima Aldaketaren Pirinioetako Estrategia onetsi zen, Europan mugaz gaindi klima-aldaketara egokitzeko lehenbiziko estrategia. 2010ean sortua, OPCCren kideak CTPren kide berak dira.
Pirinioetako Lan Elkartea
Azkenik, Pirinioetako Lan Elkartea (CTP) mugaz gaindiko lankidetzarako eskualdearteko erakunde bat da, Europako Kontseiluak 1983an sortua. Duela ia 40 urtetik, partzuergo horrek Pirinioetako mendiguneko lurraldeen eta eragileen arteko trukeak bultzatu ditu, arazo komunei irtenbide bateratuak aurkitzeko. Frantziako bi eskualdek (Akitania Berria eta Okzitania), Espainiako lau autonomia-erkidegok (Aragoi, Katalunia, Euskadi eta Nafarroa) eta Andorrako Printzerriak osatzen dute CTP, eta bere helburua Pirinioak garatzen laguntzea da, haien erronkak kontuan hartuta eta haien indarguneez baliatuta.