Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hiru urteko hiru kontratu finantzatuko ditu EBrekin batera, erakunde akademikoan kultura-ondareari buruzko ikerketa egiten duten doktoretzako beste hainbeste ikaslerentzat. Laguntza horiek Marie Sklodowska-Curie ekintzen barnean sartzen dira. Europar Batasuneko (EB) ikertzaileen prestakuntzara eta mugikortasunera bideratutako ekimen ugari biltzen dira ekintza horietan, eta UNITA - Universitas Montium Europako unibertsitateen aliantzari esker lortu dira; NUP aliantza horretako kide da.
Zehazki, UNITA aliantzak doktoretza-programa bat jarri du abian, Choral izenekoa (Kultura Ondarea Hizkuntza Erromantzeetan Zabaltzea, ingelesezko sigletan). Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak (Frantzia) gidatzen du programa, eta aliantzako hamar unibertsitateetatik beste sei atxiki zaizkio: Zaragoza, Turin eta Brescia (biak Italian), Saboya-Mont Blanc (Frantzia), Brasoveko Transilvania (Errumania) eta NUP. Guztien artean, 42 kontratu finantzatuko dituzte doktoretza-tesiak kotutoretzan egiteko. Horrek esan nahi du UNITA aliantzako bi unibertsitatetako irakasleek batera gidatuko dituztela doktoretza-tesiak. Gainera, programarako hautatutako pertsonek gutxienez sei hilabeteko egonaldia eginen dute tutorekidearen unibertsitatean, bai eta hiru hilabeteko beste egonaldi bat ere beste unibertsitate batean, beren nazioartekotzea sustatzeko. Horregatik, NUPek hiru kontratu finantzatuko dituen arren, espero izatekoa da pertsona gehiago etorriko direla NUPera doktoretzaren zati bat egitera.
CHORAL doktoretza-programaren helburuak hauek dira: kalitatezko nazioarteko ikertzaileak prestatzea eta kultura-ondarearen edozein alderdi jorratuko duen diziplinarteko ikerketa egin dezaten lortzea (hala definitzen du UNESCOk), arreta jarriz bereziki UNITA aliantzako eskualdeak osatzen dituzten tokiko komunitateen interesetan. Izan ere, UNITAren beraren nortasun ezaugarrietan eragiten du aukeratutako gaiak: hizkuntza erromantzeak eta kultura-ondarea (azken hori da partzuergoaren ikerketaren elkarguneetako bat).
“NUPentzat, aukera gehiagotara irekitzeko parada da —esan du Eloísa Ramírez Vaquero Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko Erdi Aroko Historiako katedradun eta NUPeko I-COMMUNITAS Institutuko ikertzaileak—. Izan ere, programak, alde batetik, kultura-ondareari buruzko ikerketa-multzo zabal batean doktoretza-tesi berriak abian jartzeko aukera ematen du, eta, bestetik, zenbait onura ekarriko dizkie bai NUPeko ikasleei, bai NUPera egonaldiak egitera datozenei, besteak beste: mugikortasuna, beste talde batzuekiko harremana, lan egiteko beste modu batzuk eta prestakuntza aberasteko aukera eztabaidaezina. Eta, azkenik, irakasle gisa, ilusio handia egiten dit erronka honek: UNITAko gainerako unibertsitateetako taldeekin eta kideekin eginen dugu lan, prestakuntza eta metodologiak partekatuko ditugu, ikertzaile berriak ezagutuko ditugu, eta, azken batean, oso truke aberasgarria eginen dugu beste unibertsitateetako kideekin nahiz doktoregai berriekin”.
Arteetatik flora eta faunara
Choral doktoretza-programak kultura-ondareari buruzko ikerketak hartzen ditu barnean, eta honako gai hauek biltzen ditu: ondare ukigarria aztertzea eta zaintzea (ikusizko arteak, monumentuak eta eraikinak, gune arkeologikoak, paleontologia, industria-arkeologia, memoria-lekuak, museoak eta bildumak, artearen kontserbazioa eta zaharberritzea eta kultura- eta natura-ondarea babesteko legeria), ondare ukiezina eta nortasun narratibak (ahozko tradizioak, hizkuntza eta literatura erromantzeak, arte eszenikoak, erritualak, bidaiak, kultura-nortasuna, erlijioa, memoria kolektiboa eta indibiduala, migrazioak, komunitate kalteberak, genero-azterketak, historia transnazionala, balioak eta giza eskubideak), kultura- eta natura-ondarearen balorizazioa eta zabalkundea (turismoa, hezkuntza, komunikazioa, ondarearen kudeaketa, digitalizazioa, storytellinga, erakundeak eta ondarea) eta berrikuntza-politikak gainbeheran dauden eremuak garatzeko (natura-ondarea eta kultura-paisaiak, klima-inpaktua landa-eremuetan eta mendietan, flora, nekazaritza eta paisaia, kultura eta elikadura, fauna, abeltzaintza eta biodibertsitatea, mendiko eta mugaz gaindiko eskualdeetako indar ekonomikoa bermatzeko).
Choral doktoretza-programa 2024ko irailaren 1ean hasi, eta 2029ko abuztuaren 31n amaituko da. Lehenbiziko hiru urteetan (2024, 2025 eta 2026), hautatutako pertsonek –hamalau hautatuko dira urtean, bat NUPekoa– beren doktoretza-tesiak hasiko dituzte, eta hiru urte izanen dituzte amaitzeko. Hala, 2026a doktoretza-tesiak hasteko azken urtea izanen da, eta hor hasten direnek 2029an defendatuko dituzte.
Aurreikuspenen arabera, doktoretza-tesiak egiteko deialdia otsailean argitaratuko da, gaiak zehaztu ondoren, eta ekainean jakinaraziko da nor hautatu den programarako.