Joan eduki nagusira

Amaia López Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Nazioarteko Programako ikasleak egin du gradu amaierako lana, Amaya Erro Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslearen tutoretzapean eta Elkarkide Enplegurako Zentro Bereziarekin lankidetzan. Lan horrek hainbat hobekuntza proposatzen ditu enpresaren publizitatea postontzietan banatzeko. Lanean, zentro horretaz gain, Sheffieldeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) eta CUNEF Unibertsitateko (Madril) irakasleek parte hartu dute. Zehazki, Elkarkideren izenean Marcos Resano kudeatzaileak eta Gonzalo Marín Giza Baliabideetako zuzendari eta NUPeko ikasle ohiak hartu dute parte, baita Inés Gironések ere, zuzendaritza-taldeko kide moduan. Sheffieldeko Unibertsitatearen eta CUNEF Unibertsitatearen izenean, Diego Ruiz Hernández eta Jesús María Pinar irakasleek parte hartu dute hurrenez hurren.

Lana, esan dugun moduan, publizitatea postontzietan banatzeari buruzkoa da (horixe da enpresaren zereginetako bat), eta haren helburu nagusiak Ekintza bidezko Ikerketa edo “Action Research” (AR) metodologia erabiliz enpresaren arazo operatiboa identifikatzea eta konpontzea izan dira. Parte hartzea bultzatzen duen metodologia horrek unibertsitatearen eta enpresaren lankidetza ekarri du. Hain justu, banatzaileek egiten zituzten ibilbideak zehatz-mehatz aztertu ondoren, sistema bat diseinatu zuten ibilbideak optimizatzeko erabakiak hartzen laguntzeko. Prozesuan, enpresaren giza baliabideen esparruan ere jardutearen garrantzia detektatu zen, zeina proiektuaren helburuaren osagarri izan baitzen.

zoom Proiektuaren parte-hartzaileak lana egin duen ikaslearekin eta lanaren tutorearekin batera, NUPen. Ezkerretik eskuinera, Marcos Resano (Elkarkideko gerentea), Amaya Erro (NUPeko irakaslea), Diego Ruiz (Sheffieldeko Unibertsitateko irakaslea), Amaia López (lanaren egilea) eta Gonzalo Marín (Elkarkideko Giza Baliabideen arloko zuzendaria eta NUPeko ikasle ohia).

Proiektuaren parte-hartzaileak lana egin duen ikaslearekin eta lanaren tutorearekin batera, NUPen. Ezkerretik eskuinera, Marcos Resano (Elkarkideko gerentea), Amaya Erro (NUPeko irakaslea), Diego Ruiz (Sheffieldeko Unibertsitateko irakaslea), Amaia López (lanaren egilea) eta Gonzalo Marín (Elkarkideko Giza Baliabideen arloko zuzendaria eta NUPeko ikasle ohia).

Gaur egun, erakunde horiek eta Elkarkidek lankidetzan jarraitzen dute banaketa-ibilbideak eskariaren ezaugarri espezifikoen arabera eta modu dinamikoan doitzeko modua emanen duen tresna bat garatzeko, betiere 4.0 Industriaren esparruan. 

Elkarkideri buruz

Elkarkide Enplegurako Zentro Berezia da, eta Noainen du egoitza. 1991n sortu zen, irabazi-asmorik gabeko erakundea izateko helburuz, gaixotasun mentalak eta desgaitasuna duten pertsonei gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko, haien bizi-kalitatea hobetzeko eta gizartean ahalik eta hobekien integratzeko. Enpresak jarduera ugari egiten ditu, hala nola zenbait produktu muntatzen eta manipulatzen ditu, soberako elikagaiak biltzen ditu eta ondoren elikagai-bankuari ematen dizkio, edo publizitatea postontzietan banatzen du –azken hori izan da NUPekin egin duen lankidetzaren xedea–.