Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Yamaguchiko Unibertsitate Prefekturalak (Japonia) aste honetan berritu dute hitzarmena ikerketaren, irakaskuntzaren eta irakasle zein ikasleen trukearen arloan; horrek jarraipena emanen dio bi erakundeen arteko hogei urteko harremanari. Erakundeek Arrosadiko campusean sinatu dute bien arteko hitzarmena (Iruñea), probestuz Yamaguchiko Prefekturak bisita instituzionala egin duela Foru Komunitatera bi lurraldeen arteko Senidetasun Akta sinatu izanaren hogeigarren urteurrena dela-eta.

Hamar bat lagunek osatu dute japoniar delegazioa, Takayuki Hiraya Yamaguchiko Prefekturako gobernadoreordea buru zutela. Harekin izan dira Noriaki Shimata Prefekturako Parlamentuko presidenteordea eta Masaaki Oka Yamaguchiko Unibertsitate Prefekturaleko presidentea ere. Ramón Gonzalo errektoreak eta Jorge Elso Torralba Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak egin zioten ongietorria japoniarren taldeari, eta, harekin batera, baita Nafarroako Gobernuaren ordezkaritzari ere, zeinak Sergio Pérez García Kanpo Harremanetako zuzendari nagusia baitzuen buru.

zoom Ramón Gonzalo NUPeko errektorea (ezk.) eta Masaaki Oka Yamaguchiko Unibertsitate Prefekturaleko presidentea, hitzarmena sinatu ondoren.

Ramón Gonzalo NUPeko errektorea (ezk.) eta Masaaki Oka Yamaguchiko Unibertsitate Prefekturaleko presidentea, hitzarmena sinatu ondoren.

Bi unibertsitateen arteko akordioak honako hauek jasotzen ditu: ikerketa-lan bateratuak egitea; guztien intereseko emaitzak argitaratzea eta hedatzea; elkarrekin egitea jarduera akademikoak eta zabalpenekoak, baita graduondoko ikastaroak eta mintegiak ere; eta irakasle zein ikasleen trukeak egitea bi unibertsitateen artean.

Bi hamarkada elkarrekin harremanetan

NUPek eta Yamaguchiko Unibertsitate Prefekturalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2003an, eta bi urte geroago hasi zen emaitzak izaten, ikasle eta irakasleentzako truke programa bat jarri zenean martxan.

zoom Yamaguchiko ordezkaritza, Jorge Elsorekin (eskuinetik hasita seigarrena) eta Sergio Pérez Garcíarekin (eskuinetik hasita laugarrena).

Yamaguchiko ordezkaritza, Jorge Elsorekin (eskuinetik hasita seigarrena) eta Sergio Pérez Garcíarekin (eskuinetik hasita laugarrena).

Yamaguchiko Unibertsitate Prefekturala izen bereko hirian dago; 190.000 biztanle inguru ditu, eta 1980az geroztik dago Iruñearekin senidetua. Unibertsitatea 1941ean sortu zen emakumeentzako ikastetxe moduan, baina 1975era arte ez zuen unibertsitate estatusa lortu. 1996an ateak ireki zizkien ikasle gizonezkoei, eta gaur egungo izena hartu zuen. Gaur egun osotara 1.400 ikasle inguru ditu hiru fakultatetan (Kulturarteko Ikasketak, Ongizate Soziala, eta Erizaintza eta Giza Nutrizioa) eta graduondoko ikasketetarako bi eskolatan (Kulturarteko Ikasketak eta Osasuna eta Ongizatea).