Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak gaur ireki du 2023-2024 ikasturteko bigarren seihilekoan hizkuntza hauetan matrikulatzeko epea: alemana, frantsesa, ingelesa eta gaztelania atzerriko hizkuntza gisa. Matrikulazio epea urtarrilaren 31ra arte egonen da zabalik, eta irailean hasi ziren eta oraindik ere tokiak dituzten taldeetan sartzeko aukera ematen da. Horretarako, maila egiaztatzeko “online” proba bat egin beharra dago matrikulatze prozesuan bertan, doan. Unibertsitatearen webgunean zehazten dira matrikula egiteko urrats guztiak.

Ikastaro presentzialen kasuan bezala, matrikulazio epea irekia dute ikastaro malguek ere; ikasturte osoko edozein hilabeteren hasieran dago aukera ikastaro erdipresentzial horietakoren batean sartzeko. Era horretako ikastaroen helburua ikasleen lan autonomoa sustatzea da.

Ikastaroak denentzat dira: bai Unibertsitateko komunitateko kideentzat (graduko edo graduondoko ikasleak, irakasle eta ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak), bai NUPeko tituludunentzat, bai eta Unibertsitatekoak ez direnentzat ere. Unibertsitateko ikasle ohiei eta adiskideei zuzendutako A3U Programan izena emana duten kideek –inskripzioa doakoa da– deskontu bereziak dauzkate.

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Alemana ikasten hasteko doako ikastaroa

Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak alemana ikasteko sei hileko ikastaro bat eskaintzen die Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei, “Bigarren hizkuntza bat zure eskura” kanpainaren barnean. Ikasleek bigarren hizkuntza bat ezagutu, probatu eta “eskuratzeko” helburuarekin ematen da ikastaro hori. Ikastaroan parte hartzera animatzeko, Unibertsitateak doan eskaintzen die ikasleei baldin eta hura amaitutakoan probetxua atera diotela frogatzen badute.

Bestalde, First Certificate in English (FCE) eta Certificate in Advanced English (CAE) azterketen bidez ingelesaren ezagutza egiaztatu nahi duten pertsonentzat 60 orduko ikastaro presentzialak eskaintzen dira (astean bitan banatuak, bi orduko saioetan).

Hizkuntzen Goi Mailako NUPeko Ikastegia

Hizkuntzen Goi Mailako NUPeko Ikastegia duela 20 urte baino gehiago ari da hizkuntzak irakasten. Denbora horretan guztian, 30.000 ikasletik gora izan dira bertan. Gainera, akreditatutako zentro aztertzailea da honako hauen azterketa ofizialetarako: Cambridge eta TOEFL iBT (ingelesa), DELF-DALF (frantsesa), DELE (gaztelania) eta CCSE (nazionalitate espainiarra eskuratzeko) eta YCT, HSK eta HSKK (txinera).

Ikastaro eta zerbitzu horiei buruzko argibide guztiak Hizkuntzen Goi Mailako NUPeko Ikastegiaren webgunean kontsultatu daitezke, eta, orobat, 948 169791 telefono zenbakira deituta edo helbide elektroniko honetara mezu bat igorrita: centro.idiomas@unavarra.es.