Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Osasun Zientzien Fakultate berria eraikitzeko obrak aurrera doaz. Osés Construcción eta Construcciones Mariezcurrena enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkartea ari da obra gauzatzen, eta une honetan zur ijeztuzko egitura bat muntatzen ari dira, eraikin horren elementu nagusietako bat. Eraikina energia positibokoa izanen da, “in situ” sortuko baitu energia, berokuntza-, hozte-, aireztapen- eta argiztapen-sistemek kontsumitzen duten kantitatea gutxienez. Ramón Gonzalo errektoreak, haren gobernu taldeak eta Nafarroako Gobernuko bi kontseilarik, Patricia Fanlo Mateok (Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua) eta Fernando Domínguez Cunchillosek (Osasun Departamentua), erakina bisitatu dute gaur, abenduak 15 (ostirala), apirilean hasitako obrak zer egoeratan dauden ikusteko.
Eraikin berriaren kostua 30,2 milioi eurotan esleitu zen (BEZa barne), eta 28 hilabeteko epean eginen da. Guztira 13.504 metro karratuko azalera du gutxi gorabehera, eta lau solairu eta beheko solairu bat izanen ditu. Lanek instalazio funtzional batzuk eraikitzea dute asmo, non jasangarritasuna gakoa izanen baita.
Bryaxis eta Varquitectos estudioek egin dute eraikinaren proiektua. Eraikinak espazio berean bilduko ditu irakaskuntza, ikerketa eta asistentzia, eta hori oso onuragarria izanen da ikasle, irakasle, osasun langile eta pazienteentzat. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren barrutian eraikiko dute, gaur egun Osasun Zientzien Fakultatea hartzen duen eraikinaren ondoan, non Medikuntzako eta Erizaintzako graduak eta osasunaren arloko zenbait graduondo ematen baitira.
Sotoko solairuaren eta beheko solairuaren hormigoizko egitura amaitu ondoren, urrian, bi enpresak zur ijeztuzko egitura jartzen hasi ziren, zeina proiektuaren elementu bereizgarrietako bat baita. Zazpi hilabete eta erdi beharko dituzte egitura hori muntatzeko. Intsinis pinuzko zur ijeztuzko habe eta pilarez osatutako egitura bat da, zeina barneko eta fatxadako itxitura bertikalekin osatuko baita, bai eta CLTzko panelen forjaketekin ere (zur kontralaminatuaren ingelesezko sigla da CLT). Zur ijeztuzko egitura dorre-garabiekin muntatzen ari dira, eta 2.800 metro karratu hartuko ditu solairu bakoitzeko.
Eraikinaren banaketa
Eraikin berriak lau solairu eta beheko solairu bat izanen ditu, eta, horiez gain, lurpeko solairu bat ere bai, aparkaleku batzuk eta eraikinaren instalazio teknikoa izanen dituena. Beheko solairuan sarbide nagusiak, ataria eta kafetegi-jantokia egonen dira, baita anatomiarako eremu bat ere, irakaskuntza-gela batekin.
Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren solairuak nagusiki irakaskuntzarako eta ikerketarako izanen dira: ikasgelak, laborategiak, informatikako / mikroskopiako gela, bulegoak, aldagelak eta komunak. Gainera, lehenbiziko solairuan gradu areto bat izanen da, auditorium modukoa, erakusketa magistralak, hitzaldiak, tesien defentsak eta gradu eta master amaierako lanen aurkezpenak egiteko. Azkenik, laugarren solairua gardena izanen da, eta etorkizunean sortzen diren beharretara egokitu ahal izateko dago diseinatua.