Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Kontinente Zaharreko beste bost erakunderekin batera, Europako proiektu baten parte da, zeinak ingeleseko irakasle izateko prestakuntza jasotzen ari diren irakasleen nazioarteko esperientziak indartzea baitu helburu. Helburu horretarako eratutako partzuergoak atzerriko praktikak sustatuko ditu, eta mentoretzako eta tutoretzako programak babestuko praktika horien esparruan. Hiru urteko ekimen hori (2026ra bitartekoa da) Europar Batasuneko (EB) Erasmus+ Cooperative Partnerships deialdian berrogeita hamar bat hautagairen artean hautatutako zortzietako bat izan da. Horri esker, 250.000 euroko finantzaketa lortu du.
TEFE A+ izeneko proiektuak (“Teachers of English for a Future Europe – Putting the Internationalisation of Teaching Practice into Action” / Etorkizuneko Europarako ingeleseko irakasleak - Irakaskuntzaren nazioartekotzea abian jartzen), NUPez gain, unibertsitate parte hartzaile hauek ditu: Aston (Erresuma Batua), Comenius (Eslovakia), Eötvös Loránd (Hungaria), Passau (Alemania) eta South Bohemia (Txekiar Errepublika), zeina proiektuaren liderra baita. NUPen, hauek parte hartzen dute ekimen horretan: M.ª Camino Bueno Alastueyk, Mónica Aznárez Mauleónek, Jesús Lasheras Balduzek (Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslea) eta Unai Pérez Goyak (Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakaslea).
Nazioarteko esperientziak
“Proiektuaren xede nagusia aldaketa soziala bultzatzea da; horretarako, ingeleseko irakasle gisa arituko direnen prestakuntzaren eraldaketa du ardatz, eta, haren barrenean, baita nazioartekotzea ere, prozesu horren funtsezko partea baita”, azaldu du M.ª Camino Bueno irakasleak. Hala, irakasleen profesionaltasuna transferitzeko modukoa eta kalitate gorenekoa izatearen alde egiten du lan, irakasleek besteen bizitzan duten eragina garrantzitsua dela aitorturik. Prestakuntza horren barrenean sartzen da irakasle izateko prestakuntzaren hasieratik bertatik nazioarteko ikasketen esperientzia positibo ugari eskaintzea, bizitza errealekoak”.
Ezkerretik eskuinera: Unai Pérez, Mónica Aznárez, M.ª Camino Bueno eta Jesús Lasheras (Europako proiektu honetan lan egiten duten irakasleak).
Horretarako, proiektuak irakasle izateko prestakuntza jasotzen ari direnei zuzendutako zenbait ekintza jarriko ditu martxan, eta besteak beste nazioarteko irakaskuntza-esperientziak eskainiko ditu. Atzerriko praktikak sustatzeaz eta egonaldi horietan mentoretzako eta tutoretzako programak babesteaz gain, Europako ekimenak “parte hartzen duten herrialdeetako goi-mailako hezkuntza-sistemen arteko interkonexioa” sustatuko du, zeinak, irakaskuntza-praktika berritzaileak bultzatzeaz gain, ekarpena eginen baitu Europa mailako hezkuntzaren esparruan”, adierazi du NUPeko irakasleak. “Azken finean, proiektuaren bidez, ingeleseko irakasle izanen direnei ikasgelan hizkuntzen ikaskuntza, hausnarketa kritikoa, inklusioa, kulturartekotasuna eta balio demokratikoak sustatzeko beharrezkoak diren gaitasunak irakastea da xedea”, adierazi du.
NUP, digitalizazioaren arduradun
Europako unibertsitateen partzuergoaren barruan, NUPen ardura izanen da proiektuan sortutako metodologia eta baliabideak digitalizatzea eta proiekturako diseinatutako eta TEFE COIL (Collaborative Online International Learning) Platform izeneko online plataformaren interaktibitatea hobetzea.
Horrela, NUPek Irakasletzako Graduetako ikasleen nazioarteko prestakuntza sustatzen jarraituko du, proiektu hau aurreko beste baten jarraipena baita, “Teachers of English for Future Europe (TEFE)” izeneko proiektuarena hain zuzen; proiektu hori 2020an hasi eta joan den ekainean amaitu zen, eta bost unibertsitatek hartu zuten bertan parte, herrialde hauetakoak: Alemania, Eslovakia, Polonia, Erresuma Batua eta Txekiar Errepublika. Amaitua den proiektu horretan, fokua praktiken nazioartekotzearen bidez garatzen ahal diren gaitasun profesionalen identifikazioa eta autoebaluazioa zen, eta helburua zen garapen profesionalerako esparru teoriko-praktiko bat sortzea etorkizuneko ingeleseko irakasleentzat. Hiru urteetan zehar, NUPeko irakasleek eta ikasleek proiektuan parte hartu zuten erakundeak bisitatu zituzten, etorkizuneko irakasleen prestakuntzari nola heltzen zioten jakiteko eta ikasketak amaitzen zituztenentzako enplegu aukerak deskubritzeko.