Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren bitartez, Prometeus izeneko programa berri baten proba pilotua jarri du abian ikasturte honetan Iruñeko bi institututan. Proiektu horrek Nafarroako Gobernuaren Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiaren finantziazioa du, eta lankidetza-hitzarmen bat sinatu da harekin. Proiektuaren helburua da egoera kalteberan dauden ikasleak unibertsitateko goi-mailako ikasketetan sar daitezela eta haietan iraun dezatela, kontuan hartuta prozesu hori baldintzatu dezaketen faktore sozioekonomikoak –besteak beste, migratzailea izatea edo migrazio-jatorria edukitzea–, hala ekitatea sustatzeko eta hezkuntza-desparekotasunei aurre egiteko.
Bartzelonako Udalak hiri horretako unibertsitate publikoekin batera 2016. urtetik sustatzen duen izen bereko proiektuan dago oinarrituta programa. Izan ere, Unibertsitateko Jardunbide Egoki gisa dago identifikatua proiektu hori.
Programa pilotua hiru ikasturtez garatuko da (2023-2024, 2024-2025 eta 2025-2026), Iruñeko bi institutu publikotan: Julio Caro Baroja BHI eta Plaza de la Cruz BHI. Gainera, hezkuntza-eragileekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin koordinatuta lan eginen dute, programaren garapenean aktiboki diharduen lan-sare egonkor bat finkatzeko.
Institutuan hasi eta laneratu arte
Prometeus programaren laguntza-programa lau fasetan dago banatua: Lehenbiziko fasea institutuan hasten da. Bertan, Bigarren Hezkuntzako ikasleei (DBH eta Batxilergoa) informazioa eta aholkuak ematen zaizkie unibertsitatera sartzeari buruz, bai eta unibertsitatera joateko motibazioa ere. Horretarako, NUPeko taldeak honako ekintza hauek eginen ditu ikastetxeetan, besteak beste: tailerrak, banakako elkarrizketak, unibertsitateko ikasleen eta institutuetako ikasleen arteko topaketak eta hitzaldi informatiboak. Era berean, laguntza emanen du bekak eskatzeko eta matrikulatzeko prozesuetan. Fase honetan, nahi izanez gero, aliantzak egiten ahalko dira familiekin eta beste eragile komunitario batzuekin.
Bigarren faseak, trantsizio fasea deiturikoak, institutua amaitzen denetik unibertsitatera sartu arteko laguntza eta presentzia biltzen ditu. Hirugarren fasean, ikasleak dagoeneko NUPen daudenean, banakako laguntza ematen zaie tramiteak egiteko, bai eta zeharkako laguntza ere esparru akademikoan, pertsonalean eta emozionalean. Era berean, talde-topaketak antolatuko dira, helburu hauekin: parte-hartzaileen arteko lotura sustatzea, elkarri laguntzeko sare bat sortzea, esperientziak partekatzea eta askotariko gaiei buruzko hausnarketarako guneak irekitzea. Gainera, aurreikusita dago jarduera ludikoak ere egitea ekimen honetan parte hartzen dutenen aisialdian.
Azkenik, programak aurreikusten du goi-mailako ikasketak amaitzen dituztenean laneratze faserako laguntza ere ematea graduatzen direnei. Programan zehar, ikasle parte-hartzaileak “itzulkin soziala” deiturikoaren bidez konprometitzen dira programarekin, hau da, Prometeus programako ikasleek berek programako belaunaldi berriei laguntzeko ekintzetan eta ekimenetan parte hartzen dute.