ARIES4 proiektu europarreko hiru kide nafarrek –Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) koordinatzen du proiektu hori– online tresna bat sortuko dute jasangarritasunaren arloan egindako aurrerapenak bistaratzeko, bai Foru Komunitatean bai eta aliantza horretan inplikatuta dauden Bulgariako, Danimarkako eta Suediako hiru eskualdeetan ere. Jasangarritasunaren arloari buruzko espezializazio adimenduneko estrategiak lantzen ari dira aliantza horren bidez. Karlstad-en (Suedia) egin berri duten bilera batean egin dute akordioa, eta horrez gain, erabaki dute tailer batzuk martxan jartzea, non tokiko enpresek benetako erronkak planteatuko baitizkiete unibertsitateko eta Lanbide Heziketako diziplina anitzeko ikasle taldeei.
NUPez gain, hauek dira Foru Komunitateak ARIES4 proiektuan dituen ordezkariak (ARIES4: Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategietan oinarritutako Berrikuntzarako Eskualdeko Ekosistemen Aliantzaren ingelesezko sigla): SODENA (Nafarroako Gobernuaren Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren mendeko sozietate publikoa) eta Foru Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusia, CENIFER (Imarkoain) eta Ega BHI (San Adrian) institutuen bidez.
Ekimen hori Erasmus+ programako “Berrikuntzarako Aliantza” lerroaren barreneko proiektu bat da, non Europako lau eskualdek hartzen baitute parte. Hain zuzen, Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategiak diseinatuak dituzten eskualdeak dira (S4, ingelesezko sigla), eta haietako unibertsitate publikoek konpromisoa hartua dute halako estrategiak garatzeko. Nafarroak ez ezik, Varmland (Suedia), Hego Danimarka eta Gabrovo (Bulgaria) eskualdeek osatzen dute aliantza.
ARIES4 aliantzako Europako lau herrialdeetako parte-hartzaileak, Karlstaden (Suedia) egindako lan bileran.
ARIES4ren helburu nagusiak dira espezializazio adimenduneko estrategiei buruzko jakintza sortzea eta trukatzea aliantzako eragileen artean (unibertsitateak, Lanbide Heziketako ikastetxeak, sektore publikoa eta pribatua eta gizartea oro har), eta halako estrategiak monitorizatzeko tresnak diseinatzea. Gainera, proiektuak negozio eredu jasangarriagoetarako trantsizioa sustatu nahi du, horretarako jardunbide egokietan oinarritutako prestakuntza-programak garatuz.
Bestalde, berrikuntzako ekosistemetako eragile nagusien pentsamoldea, jarrera eta ekintzailetzarako trebetasunak bultzatu nahi dira, eta arreta berezia jarriko zaie ikasleei (unibertsitateetakoei zein Lanbide Heziketakoei). Finean, aldaketa horiek guztiak jasangarritasunerako trantsizioa lortzera bideratuko dira. Helburua inplikatutako eskualdeen artean komunikazio egiturak sortzea da, gai izan daitezen ikasitakoa Europako beste toki batzuetara zabaltzeko.
Ikasleentzako erronka
Karlstadeko bileran, erabaki zuten datozen hilabeteetan eta lau eskualdeetako bakoitzean tailer batzuk martxan jartzea, CREA8 izenekoak. Horietan, tokiko enpresa batek jasangarritasunarekin lotutako benetako erronka bat planteatuko die diziplina anitzeko zenbait ikasle talderi, eta haiek desafioan lan eginen dute jardunaldi batean zehar. Amaieran, lortutako irtenbideak azalduko dituzte. Nafarroaren kasuan, energia berriztagarrien sektoreko enpresa batek proposatuko du erronka, urtarrilaren amaieran NUPen eginen den ekitaldi batean. Irtenbidea bilatzen saiatuko diren ikasleak zentro hauetakoak izanen dira: NUPen aldetik, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoa (IITIGMET) eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoa (NIBGMET) eta Lanbide Heziketako zentroen aldetik, CENIFER eta Ega BHI.
Suediako topaketan, halaber, tailer bat egin zuten proiektuan parte hartzen duten eskualdeetako espezializazio adimenduneko estrategien kudeatzaileentzat. Tailer horretan, lankidetzarako eta ezagutzak trukatzeko aukera berriak aztertu zituzten. Eztabaidaren aurretik, Johan Stierna Europako Batzordeak Sevillan duen Ikerketa Zentro Bateratuko ikertzaile buruak (Joint Research Centre, JRC) hitzaldi bat eman zuen Europako eskualdeen jasangarritasunerako eta lehiakortasunerako etorkizuneko erronkei buruz.
Espezializazio Adimenduneko Estrategia Nafarroan
Espezializazio Adimenduneko Estrategiak eskualdeen garapen ekonomikoko ereduak dira, Europar Batasunak bultzatuak, eta haien xedea da eskualde bakoitzak lehiarako dituen arlo ekonomiko abantailatsuenetan kontzentratzea baliabideak, kontuan hartuta nolako potentzial ekonomikoa eta zientifiko-teknologikoa duen eskualdeak eta nolako bilakaera izan duen eskariak. Nafarroak, zehazki, honako sei lerro estrategiko hauek ditu: mugikortasun elektrikoa eta konektatua, elikadura osasungarria eta jasangarria, energia berdearen industria, medikuntza pertsonalizatua, turismoa eta ikus-entzunezkoen industria. Jasangarritasuna da estrategia osoaren zeharkako alderdia, eta 2021-2027 aldirako txertatua dago Nafarroako proiektuetan. Hala, Europako Itun Berdearekin bat egiten du Nafarroak. Gobernantza bost lan-organotan egituratzen da, eta NUP da organoetako kideetako bat.
ARIES4 aliantza osatzen duten eskualdeak antzekoak dira ezaugarri sozioekonomiko batzuetan, besteak beste eskualde periferikoak eta biztanle gutxikoak direla. “Hain zuzen ere, halako eskualdeetan dute eragin handiena espezializazio estrategiek, eta hor nabaritzen dira gehien proiektuetan lortutako aurrerapenak”, esan du proiektuaren zuzendariak.