Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 15 ikaslek hartuko dute parte Urretxindorra programaren ikasturte honetako edizioan. Programa horretan, unibertsitateko ikasleek, eskola-orduetatik kanpo, jarduera ludikoak eta kulturalak egiten dituzte adingabeekin, topaketa kultural, sozial eta hezitzaileak sortzeko, haiei babesa emateko eta eredu positibo gisa agertzeko. Mentorizatutako haurrek Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten dituzte San Jorge eta García Galdeano ikastetxe publikoetan (Iruñeko ikastetxeak biak ere).

zoom NUPeko ikasleak eta mentorizatutako adingabeak, proiektuaren lan-bileretako batean.

NUPeko ikasleak eta mentorizatutako adingabeak, proiektuaren lan-bileretako batean.

Programaren edizio honetan parte hartuko duten NUPeko ikasleak hauek dira: Victoria Romero Benedi, Elena Ariño Sanz, Kira Canales Aguerre, Monike Sánchez Grado, María Rubio Bellostas, Milene Delgado Benítez, Valentina Machuca Núñez, Ángela Lapeña Mangado eta Isabel Lipardi Janices (guztiak Psikologiako Gradukoak), Ángeles Contreras Mamani eta Naroa Alonso Fernández (Gizarte Laneko Gradukoak), Idoia Santamaría (Administrazioko eta Enpresen Zuzendaritzako Gradukoa), Nerea Zapata Bedoya (Prozesuen eta Elikagai Produktuen Berrikuntzako Gradukoa), María Riezu Quel (Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Masterrekoa) eta Pablo Llull Goñi (Ingeniaritza Mekanikoko Gradukoa).

Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak bultzatzen du programa, NUPen Plan Estrategikoan jasota dauden erantzukizun sozialeko jardueren barruan. Esperientzia horrekin, berdintasunari eta elkartasunari lotutako balioak sustatzeaz gain, unibertsitate publikoaren eta Nafarroako gizarte- eta hezkuntza-arloko garapenaren arteko loturak estutzen laguntzen da.

Sareko lana eta proiektuaren jatorria

NUP Mentoretza Sozialeko Koordinakundeko kide da (Kataluniako zenbait unibertsitaterekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, besteak beste), baita Nightingale Mentoring Network-ekoa ere, zeinak Europako bederatzi herrialdetako zenbait erakunde eta unibertsitate biltzen baititu (Alemania, Austria, Danimarka, Espainia, Finlandia, Islandia, Norvegia, Suedia eta Suitza).

Urretxindorra proiektua 1997an sortu zuen Malmöko Unibertsitateak (Suedia), adingabeak unibertsitateko ikasleekin konektatzeko programa gisa. Ekimena Israelgo Perach proiektuan oinarritu zen, eta urretxindor izena eman zitzaion, seguru sentitzen denean zoragarriki kantatzen duen txoria baita. Izen horrek, halaber, suediar hiriarekin dauka zerikusia, bertan jaio baitzen Hjalmar Gullberg poeta (1898-1961), zeinak hegazti horretan topatu baitzuen bertsoak idazteko inspirazioa.