Joan eduki nagusira

Jaime Martorell Suárezek, zeina Mikroelektronikaren eta Erdieroaleen PERTEko komisario berezia baita (Ekonomia Errekuperatzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) bisitatu du, Espainian arlo horretan garrantzitsuak diren erakundeak ezagutzeko egiten ari den ibilbide instituzionalaren barrenean. Komisarioa PERTE horren arduradun nagusia da, eta PERTEa exekutatzeko sortutako Mikroelektronikaren eta Erdieroaleen Estatuko Sozietatearen (Semis) administratzaile bakarra.

zoom Jaime Martorell (ezk.) eta Ramón Gonzalo, Nafarroako Unibertsitate Publikoan bilera hasi aurretik.

Jaime Martorell (ezk.) eta Ramón Gonzalo, Nafarroako Unibertsitate Publikoan bilera hasi aurretik.

Jaime Martorell IKTen (informazioaren eta komunikazioen teknologiak) sektoreko zuzendari historikoa da, eta Espainia eta AEB artean egin du bere ibilbide profesionala. 1983an Logic Devices erdieroaleen enpresa sortu zuen Silicon Valleyn (Kalifornia), eta 1987an Espainiara itzuli zen AT&T Microelectrónica-n zuzendari nagusiaren kargua betetzeko. Geroago, Motorolako Espainiako presidentea eta ONOko zuzendari nagusia izan da.

Bisitan, komisarioa Ramón Gonzalo NUPeko errektorearekin, Francisco Javier Arregui Ikerketako errektoreordearekin eta Antonio López NUPeko Ikerketaren Arloko zuzendari eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailearekin mintzatu da. Azken horrek, Antonio Lópezek, 27 urteko esperientzia du diseinu mikroelektronikoan Espainian, AEBn eta Suitzan, eta NUP ordezkatu du sektoreko bileretan, bai Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioan, bai AESEMIn (Erdieroaleen Industriaren Espainiako Elkartea).

Bileran, Jaime Martorellek PERTEa zer gauzatze fasetan dagoen jakinarazi du, baita zer finantzaketa-aukera dauden ere, bereziki unibertsitateentzat. Ondoren, NUPek mikroelektronikan, sentsorikan eta fotonika integratuan dituen ahalmenak aurkeztu dizkiote komisarioari, eta NUPen sektore horretako laborategi, instalazio eta "spin-off" batzuk bisitatu dituzte.

PERTE Chip, proiektu estrategiko horietatik anbiziotsuena

PERTEak lankidetza publiko-pribaturako tresna dira, eta zenbait administrazio publikok, enpresak eta ikerketa-zentrok hartzen dute parte haietan. Espainiako ekonomia eraldatzen lagunduko duten ekimen handiak bultzatzea dute helburu. Mikroelektronikaren eta Erdieroaleen PERTEa (PERTE Chip izenez ezaguna) 2022ko maiatzean onartu zen Ministroen Kontseiluan, eta hau du helburu: industria horretan autonomia estrategikoa lortzea eta Espainia erreferentziazko herrialde gisa kokatzea nazioartean txipen diseinuari eta ekoizpenari dagokienez. PERTErik anbiziotsuena da, eta Gobernuaren errekuperazio planaren eranskinaren ikur nagusia; izan ere, 2027rako 12.250 milioi euroko inbertsio publikoa mobilizatuko du guztira (aurrekontuko hurrengo PERTEak ia halako bi). Inbertsio maila horrek islatzen du mikroelektronikaren sektoreak nolako garrantzi geoestrategiko handia duen ekonomiaren eraldaketa digitalaren eta hornidura-krisiaren testuinguru honetan.

PERTE Chip lau ardatzetan egituratzen da: sektorean I+G+b-ren gaitasuna indartzea, txipak diseinatzeko zentroak sortzea, mikrotxipak ekoizteko fabrikak instalatzea eta txipen eskaria dinamizatzea IKT produktuen fabrikazioa bultzatuz.

NUP, nazioarteko erreferentea mikroelektronikan

NUP duela hogeita hamar urtetik ari da ikertzen diseinu mikroelektronikoaren arloan, eta gaur egun nazioarteko erreferentea da kontsumo ultrabaxuko txipen diseinuan. Mota horretako txipen diseinua garrantzi handia hartzen ari da, Europak helburutzat ezarri duen trantsizio berde eta digitala dela eta. Horri esker, NUP oso erakunde aitortua da Espainiako mikrotxipen sektorean. Izan ere, NUPek antolatu zuen Iruñean DCIS (Zirkuituen eta Sistema Integratuen Diseinua, ingelesezko sigletan) nazioarteko kongresuaren azken edizioa. Kongresu hori Espainiako mikroelektronikaren sektoreko I+G+b-ko foro nagusia da 1981etik, eta PERTE Chip-en memorian berariaz aipatu zuten sektoreko funtsezko ekitaldi gisa.