Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) nazioarteko proiektu bat koordinatzen du, Erasmus+ Europar Batasunaren programak finantzatua, Bigarren Hezkuntzako ikasleengan STEM bokazioak sustatzea xede duena (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika ingelesezko sigletan), batez ere nesken artean eta astronomiarekin eta irrati-astronomiarekin lotutako gaietan. Proiektuaren zuzendaria Silvia Díaz Lucas da, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle eta NUPeko Smart Cities Institutuko ikertzailea (ISC).

zoom NUPeko ikertzaileak, Padre Moret BHIko irakasleekin batera. Ezkerretik eskuinera: Jesús Palacián (NUP), Raquel de la Rosa (Padre Moret BHI), Vladislavs Bezrukovs (Ventspils University of Applied Sciences), Susana Puyo (Padre Moret BHI), Rafael Ruiz (NUP), Silvia Díaz (NUP) eta Rut Bosque, Idoia Campo, Leandro González (Padre Moret BHI) eta Jesús Alberto Cazares (Ventspils University of Applied Sciences).

NUPeko ikertzaileak, Padre Moret BHIko irakasleekin batera. Ezkerretik eskuinera: Jesús Palacián (NUP), Raquel de la Rosa (Padre Moret BHI), Vladislavs Bezrukovs (Ventspils University of Applied Sciences), Susana Puyo (Padre Moret BHI), Rafael Ruiz (NUP), Silvia Díaz (NUP) eta Rut Bosque, Idoia Campo, Leandro González (Padre Moret BHI) eta Jesús Alberto Cazares (Ventspils University of Applied Sciences).

Proiektuak RACOBEU du izena (Radio Astronomy Collaboration Between European Universities), eta hartan parte hartzen dute Iruñeko Padre Moret Irubide BHI ikastetxeak, Ventspils University of Applied Sciences (Ventspils, Letonia) eta Adam Mickiewicz University (Poznań, Polonia) unibertsitateek eta Ventspils Secondary School No.2 (Letonia) eta Poznańgo Spark Academy (Polonia) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek. Proiektuaren helburua da lankidetza-sare bat sortzea aipatutako unibertsitateen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen artean. RACOBEUk hiru urteko iraupena izanen du, 2023ko azarotik 2026ko urrira, eta 250.000 euroko finantzaketa du bazkide guztientzat.

Bigarren Hezkuntzako ikastetxe horiek aitzindariak izanen dira hezkuntza-eredu berri bat diseinatzen, zeinak oinarri izanen baitu ikasleek astronomiako eta irrati-astronomiako gaitasunak eta ezagutzak modu eraginkorrean eskuratzea proiektu espezifikoetan aktiboki parte hartuz.

Erronka globaletarako prestakuntza eta nazioarteko esperientzia

“Ezagutza horiek eskuratzen dituzten ikasleak hobeto prestatuta egonen dira gure mundu globalaren erronkei aurre egiteko”, adierazi dute diziplina askotako ikasleak inplikatuko dituen proiektuaren arduradunek. “Gainera, nazioarteko proiektu batean aritzearen esperientzia edukiko dute ikasleek, eta hari lotutako balio guztiak bizitzekoa, aurreikusten baita Bigarren Hezkuntzako ikasleak proiektuko kide diren herrialdeetara joanen direla", esan dute.

Proposamenak bat egiten du 2030 Agendaren garapen jasangarrirako helburu batzuekin, besteak beste: kalitatezko hezkuntza (4. GJHa), genero berdintasuna (5. GJHa), lan duina (8. GJHa) eta desparekotasunen murrizketa (10. GJHa).

Proiektu horrekin loturik, Vladislavs Bezrukovs eta Jesús Alberto Cazares Ventspils University of Applied Sciences unibertsitateko irakasleak NUPera etorri ziren bisitan duela gutxi, eta aukera izan zuten Unibertsitatearen praktiketarako etxaldean dagoen Jocelyn Bell Burnell irrati-teleskopioa ezagutzeko; izan ere, RACOBEU proiektuaren esparruan material didaktikoa egiteko erabiliko da instalazio hori.