40 ikasle inguru bildu dira berriki Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Historiako eta Memoriako Unibertsitate Masterraren eta Historiako eta Memoriako eta Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Master Bikoitzaren lehenbiziko saioan. Bi aukera horiek berriak dira 2023-2024 ikasturteko eskaintzan. Irekiera-hitzaldia, “Historia, memoria eta teknologiak. Orainaldiko apustu bat iraganaren hedapenerako” izenekoa, Matilde Eiroa San Francisco irakasleak eman zuen. Eiroa Madrilgo Carlos III Unibertsitateko irakaslea da. Osorik ikus daiteke UPNA TV kanalean.
Adierazitako bi masterretako ikasleez gain, Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterreko Geografia eta Historia espezialitateko ikasleak ere bertaratu ziren ekitaldira. Inmaculada Farran Blanch NUPeko Irakaskuntzako errektoreordea izan zen ekitaldiaren buru, eta bertan izan ziren, halaber, Inés Gabari Gambarte Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa eta Fernando Mendiola Gonzalo masterreko tituluaren zuzendari akademikoa ere.
NUPek eskaintzen duen graduondoko berri honekin “jarraipena eman nahi zaie historiarekin lotutako ikasketei, eta aukera ematen die ikasleei haietan sakontzeko”, azaldu du Fernando Mendiolak. Ildo horretan, “Historiako eta Memoriako Unibertsitate Masterrak bi espezializaziotarako bidea ematen du, batetik historiaren ikerkuntzan aritzeko aukera, eta horrek doktoretza-tesia egiteko aukera irekitzen ahal du, eta bestetik memoriari eta historiaren erabilera publikoari loturiko lanpostuetan aritzeko aukera”, esan du. Bi ibilbide horien osagarri, hirugarren bat ere badago, gai didaktikoetan zentratua. Hirugarren hori titulu bikoitza egiten dutenei zuzendua dago, hau da, Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Masterrarekin batera egiten dutenei.
“Master hau berritzailea da Espainiako graduondoko ikasketen panoraman; izan ere, hainbat aldi historikori buruzko memoria eta politika publikoak jorratzen ditu, Antzinarotik hasi eta XXI. mendearen hasierara arte”, ondorioztatu du graduondokoaren zuzendari akademikoak. Izan ere, adierazten duen bezala, masterreko ikasleen zati bat beste komunitate batzuetatik dator. Historiako eta Memoriako Masterrak 60 ECTS ditu, eta master bikoitzak 90.
Ezkerretik eskuinera, Matilde Eiroa, Inmaculada Farran eta Fernando Mendiola, ekitaldiko mahaiburuan.
Matilde Eiroa San Frantziskoren CV laburra
Matilde Eiroa UC3Mko irakaslea, irekiera-hitzaldiaren buru izan dena, diktadura frankista eta Espainiako demokraziarako trantsizioa ari da ikertzen. Garai horietan, batez ere erbestearekin, generoarekin, kulturarekin eta umorearekin lotutako gaietan espezializatu da. Espezialista nagusietako bat da historia digitala ikertzen eta bultzatzen, hau da, historiak sarean duen presentzia eta IKTek (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) historiaren irakaskuntzan eta komunikazio publikoan duten erabilera ikertzen eta bultzatzen.
Ikerketa-proiektu hauen arduraduna da: “Historia eta memoria historikoa online. Erronkak eta aukerak Interneten iragana ezagutzeko” eta “Historia, Memoria eta Gizarte Digitala. Iraganaren transmisiorako forma berriak. Trantsizio politikotik demokraziara”. Espainiako eta nazioarteko aldizkari zientifiko batzuetan hamar artikulu baino gehiago ditu idatziak, eta berrienetako batek Franco Erorien Haranean deshobiratu zutenean sarean umorea nola erabili zen aztertzen du. Beste liburu ugari ere idatzi ditu, besteak beste hauek: “Españoles tras el Telón de Acero: el exilio republicano y comunista en la Europa socialista” (Espainiarrak altzairuzko oihalaren atzean: errepublikanoen eta komunisten erbestea Europa sozialistan) edo “Málaga tras la guerra: el asentamiento del sistema franquista” (Malaga gerraostean: sistema frankistaren ezarpena”). Zenbait liburuki kolektiboren koordinatzailea eta editorea ere izan da. Azken horien artean daude “Mujeres en el exilio republicano de 1939: homenaje a Josefina Cuesta” (Emakumeak 1939ko errepublikanoen erbesteratzean: Josefina Cuestarentzako omenaldia) eta “La Transición en directo: narrativas digitales de una historia reciente” (Trantsizioa zuzenean: duela gutxiko historiaren narratiba digitalak).