Esperanza Bausela Herreras Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Psikologia Ebolutiboko eta Hezkuntzaren Psikologiako irakasleak Bigarren Hezkuntzako Masterreko ikasleei zuzendutako liburu bat idatzi du. Liburuaren helburua etorkizuneko irakasleek beren ikasleei modu autonomoan ikasteko gaitasuna garatzen laguntzea da. Liburuaren izenburua hau da: “Aprender a aprender en educación secundaria: procedimientos y estrategias de aprendizaje en el aula” (“Bigarren hezkuntzan ikasten ikasi: ikasgelan ikasteko prozedurak eta estrategiak”). Dykinson argitaletxeak argitaratu du, eta formatu elektronikoan merkaturatu.
“Gaur egun, erronka garrantzitsu bati egin behar diogu aurre: hainbat arlotako profesionalak prestatu behar ditugu Bigarren Hezkuntzan irakasle izan daitezen etengabe aldatzen ari den mundu honetan”, adierazi du liburuaren egileak. “Hori lortzeko, funtsezkoa da ikasleek bizitzan zehar modu autonomoan eta eraginkorrean ikasteko trebetasunak eta gaitasunak garatzea”, gehitu du. “Testuinguru horretan, bereziki garrantzitsua da ikasten ikastea”, ondorioztatu du. Horrela, liburuan ikasgelan ikasteko zenbait prozedura eta estrategia aztertzen dira, Bigarren Hezkuntzako ikasleengan trebetasun hori garatzen laguntzen dutenak.
Zehazki, eskolako curriculumaren edukiak, hezkuntza-prozedurak, ikaskuntza-estrategiak, prozeduren ikaskuntza eta irakaskuntza eta bi horien ebaluazioa lantzen ditu testuak.
Esperanza Bauselaren CV laburra
Esperanza Bausela Herreras NUPeko irakasle titularra da, Osasun Zientzien Saileko Psikologia Ebolutiboko eta Hezkuntzaren Psikologiako arloari atxikia. Datorren ikasturtetik aurrera, irakasle arituko da NUPeko Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Masterrean. UHUNen master hori bera ezartzen eta garatzen parte hartu zuen, eta graduondoko horretako irakasle ere izan da Nebrija Unibertsitatean. Master horretarako beste irakasmaterial batzuk argitaratu ditu: “Formación práctica del profesorado de Educación Secundaria: acogida y contextualización” (“Bigarren Hezkuntzako irakasleentzako prestakuntza praktikoa: harrera eta testuingurua”) eta “Formación práctica del profesorado de Educación Secundaria: Plan de orientación y acción tutorial” (“Bigarren Hezkuntzako irakasleentzako prestakuntza praktikoa: orientazio-plana eta tutorearen lana”). Bigarren Hezkuntzako irakasleen prestakuntzari lotutako hainbat irakaskuntza-kongresutan eta berrikuntza-proiektutan parte hartua da.