Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Brunet Fundazioak Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet 2023ko Nazioarteko Sariaren deialdia egin du. Giza eskubideen defentsa sustatu eta hedatzea eta pertsonen duintasunaren aurka egiten duten egoera eta tratu krudelak edo iraingarriak behingoz amai daitezen laguntzea da deialdi horren xedea.
Giza eskubideen alde norbaitek egindako lana edo ibilbide osoa aitortzen du sariak, eta saridunari diploma bat, figura oroigarri bat eta 36.000 € gordin emanen zaizkio.
Hautagaitzak 2023ko irailaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira fundacion.brunet@unavarra.es helbide elektronikoaren bidez, eta deialdiaren oinarriak Brunet Fundazioaren web-orrialdean daude kontsultatzeko.
Saria jasotzeko aukera dute pertsona fisikoek, lantaldeek eta erakundeek edo organismoek, zein den ere beren egoera edo nazionalitatea. Hautagaitzak gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez edo ingelesez aurkezten ahal dira, interesdunek berek edo bestelako pertsona edo erakunde batek eskaturik, Fundazioaren webgunean eskuratzen ahal den eredu ofiziala erabiliz. Proposamenek txosten arrazoitu bat eduki beharko dute, eta hautagaitzaren aldeko hamar iritzi arrazoitu aurkezten ahalko dituzte gehienez ere.
Jaime Brunet Fundazioaren patronatuak izendaturiko epaimahai batek aztertuko ditu proposamenak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan bilduko da. Brunet Sariaren erabakia abenduaren 10ean aldarrikatuko da gutxi gorabehera, egun horretan ospatzen baita Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren urteurrena.
Jaime Brunet Fundazioa
Brunet Fundazioa Jaime Brunet Romero jaunak sortu zuen, eta haren helburua da giza eskubideak dibulgatzea eta haien alde egindako lanarengatik aitorpen hau jasotzeko merezimenduak dituztenak saritzea. Jaime Brunet jaunak bere ondasun guztia fundazio horri eman zion, eta haren kudeaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esku utzi zuen. Fundazioan beste pertsona ospetsu batzuek ere hartzen dute parte.