Joan eduki nagusira

UNITA - Universitas Montium Europako unibertsitateen aliantzak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa partaide duenak, ziurtatua du 2027ra arteko jarraipena, Europako Batzordearen aurrean egindako eskaera onartu baitio. Hala, zazpi herrialdetako Goi Mailako Hezkuntzako erakundeek osatutako partzuergoa “Europako Unibertsitateak” ekimenean geldituko da, eta Europako goi-mailako hezkuntzaren kalitatea eta lehiakortasuna goitik behera aldatzen lagunduko du.

zoom Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Europako Batzordeak oso balorazio ona egin du lanaren lehen hiru urteez, baita aliantzako bazkide kopurua handitu izanaz ere. Horri esker, 14 milioi euro eskuratu ahal izan dira, Batzordeak eskaintzen duen finantzaketarik handiena, eta beste erakunde batzuk ere sartu dira helburua Europar Batasunean (EB) goi-mailako hezkuntzaren kalitatea bultzatzea duen estrategian. EBren estrategia horren helburua haren partaide diren herrialdeetako goi-mailako hezkuntzaren lehiakortasuna handitzea da, eta horretarako erakundeen arteko lankidetza handitzen du, ikasleek, irakasleek eta irakasle ez diren langileek osaturiko mugimendu bat sortuz. Horrez gain, xede du baliabide fisikoak, ikastaroak, esperientzia, datuak eta azpiegitura partekatzea ere.

2020an sortu zen partzuergoa, eta honako hauek izan zituen bazkide fundatzaile: Barnealdeko Beirako Unibertsitatea (Portugal), Zaragozako Unibertsitatea (Espainia), Turingo Unibertsitatea (Italia), Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoie Mont Blanc Unibertsitatea (Frantzia) eta Vest din Timisoarako Unibertsitatea (Errumania). 2021eko irailean, lau erakunde batu ziren UNITAra, eta orain eskubide osoko bazkide bihurtuko dira: Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal), Bresciako Unibertsitatea (Italia), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (Espainia) eta Brasoveko Unibertsitate Transilvaniarra (Errumania). Suitzako Haute École Spécialisée de Suisse Occidentaleko erakundeak (HES-SO) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionalak (Ukraina) bat egin dute 10 kideko partzuergo horrekin, bazkide elkartu moduan.

Fase pilotuaren lehen 18 hilabeteetako ebaluazio txostenean, Erasmus+ Agentziak iritzi zion UNITA “argi eta garbi Europako unibertsitate erabat garatu izateko bidean” zegoela.

Proiektuak Europar Batasunaren 14,4 milioi euroko finantzaketa izan du guztira, partzuergoa osatzen duten unibertsitate guztien artean banatua. Diru horretatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 1.183.900 euro jasoko ditu.

UNITA osatzen duten erakundeak eremu menditsuetan daude kokatuak, herrialdeetako mugetatik gertu, eta latinetik eratorritako hizkuntzak hitz egiten dira haietan. UNITAk, bere lurraldeen garapena sustatzeaz eta testuinguru zientifikoan hizkuntza erromantzeen presentzia handitzeaz gain, helburu du jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren garapenean lan egitea.