Andrew Wallace, Summer Emily Seaward eta McKenzie Carrier New York estatuko Cornell Unibertsitateko ikertzaileek –munduko unibertsitaterik hoberenetako 13.a 2023ko QS World University Rankingaren arabera–, sei asteko egonaldia egin dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko I-COMMUNITAS ikerketa-institutuan, eta zenbait proiektutan parte hartu dute bertan.
Ezkerretik eskuinera, Andrew Wallace, McKenzie Carrier eta Summer Emily Seaward, NUPeko Arrosadiko campusean.
Cornell Unibertsitateak ikerketako beka batzuk eskaini zituen Iruñera bidaiatu eta I-COMMUNITAS institutuarekin lankidetzan aritzeko. Hautagaitzak aurkeztu eta bi erakundeen artean hautaketa-prozesu partekatu bat egin ondoren, aipatutako hiru lagunei eman zitzaien beka, zeinek lotura baitute unibertsitate horretako Europako Ikasketen Institutuarekin (Institute for European Studies). Hori, I-COMMUNITASeko arduradunen arabera, aurrerapauso bat izan da NUPen eta Cornell Unibertsitatearen arteko harremanean.
Andrew Wallacek, Summer Emily Seawardek eta McKenzie Carrierrek maiatzetik uztaileko lehenbiziko astera bitartean egin zuten egonaldia, eta I-COMMUNITASeko zenbait proiektutan parte hartu zuten, Sergio García Magariño ikertzaile eta institutu horretako kidearen mentoretzapean. Proiektu horietako batzuk honako hauek izan ziren: Udal Etorkizuna Eraikiz, gobernantza kolaboratiboari buruzko ikaskuntza-komunitate bat sortzeko transferentzia-kontratu bat, tokiko 14 gobernu-talderen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artekoa; Eusko Jaurlaritzaren integritatearen euskal sistemaren ebaluazio bat; 1982az geroztik terrorismo zigorren ondorioz Espainian giltzaperatutako pertsonei buruzko datu-base baten ustiapena (lan ildo hori kontzeptu probako proiektu nazional honi lotua dago: Smart War, Roger Campionek koordinatua, gerrari eta teknologiari buruzkoa); eta Euskal Autonomia Erkidegoko integritatearen sistemaren ebaluazioa Comaresek Espainiako autonomia-erkidegoen integritate sistemei buruz egindako monografia baten kapitulu baterako.
Zeregin horiez gain, ikerlari laguntzaileek eskuizkribu akademikoak editatzen eta berrikusten ere lagundu zuten, bereziki NBEren segurtasun kolektiboko sistemak mehatxu globalen aurrean dituen erronkei buruzko liburuki baterako, zeinak Thomson Reutersek ingelesez argitaratuko baitu.
Esperientzia aberasgarria
Bai bisitari gazteentzat, bai harrera egin zietenentzat, oso esperientzia aberasgarria izan da, bai dimentsio akademikoan, bai kulturalean eta pertsonalean. Arlo akademikoan, McKenzie Carrierrek aipatu zuenez, “nire praktiketan zehar gobernantza kolaboratiboaren gaian murgiltzeko aukera izan dut hitzaldi eta ikerketen bidez”. Horrez gain, Andrew Wallacek adierazi zuenaren arabera, “NUPeko giro intelektuala estimulatzaile handia izan da. Hemen lan egitea oso positiboa izan da; izan ere, hitzaldien, irakasleekiko harremanen eta ikerketetan parte hartzearen bidez, adituak ezagutu ditut, gaitasun handikoak, eta aukera izan dut gobernantza kolaboratiboari buruz, hauteskundeetan eragina duten indarrei buruz edo gerrari eta teknologiari buruz ikasteko”. Bestalde, Summer Seawarden iritziz, “mundu guztia oso abegikorra eta atsegina izan da, eta, horri esker, ikaskuntza-esperientzia bizia eta benetakoa izan da”.
Esperientzia kulturala ere polita izan da guztientzat. McKenzieren hitzetan, “Iruñeko eta Espainiako kultura eta jendea ezagutzeko aukera ere izan dut, eta hori esperientzia izugarri aberatsa eta pozgarria izan da”. Oso esperientzia kultural bizia izan da, eta era askotako jendearekin partekatu dugu; horregatik, bizitza aldatzeko moduko esperientzia izan da”. Wallacek ildo beretik jo zuen, eta, azpimarratu zuenez, “Nafarroa eta Euskal Herria eta bere kultura, historia eta dibertsitatea ezagutu ahal izan ditut, eta hori oso garrantzitsua da, Estatu Batuetan ez baita horren berri askorik”.
Maila pertsonalean, Andrew Wallacek jasotako babesa eskertu zuen. “Nire aholkulariarekin egotea sekulakoa izan da –komentatu nuen–, eta uste dut hori guztia mugarri bat izan dela nire bizitzan; horregatik, oso eskertuta nago”. McKenziek eta Summerrek ere eskerrak eman zizkieten “NUPi, aukera honengatik eta azken aste hauetan gu abegiz hartzeagatik, eta gure tutoreari ere bai, esperientziagatik eta gu hiruron kargu egiteagatik”.
Egonaldiaren tutore Sergio García Magariñorentzat “plazer handia izan da halako gazte trebe, gogotsu eta seguruekin egotea eta ikastea, zeinak denarekin harritzen eta liluratzen baitziren. Espero dut esperientzia honek balio izatea, halaber, bi erakundeen arteko loturak sendotzen jarraitzeko”.