Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Erizaintzako Graduan praktikak egiten dituzten laugarren mailako ikasleek antsietate maila desberdinak izaten dituzte, Anunciación Jiménez Marcos erizain eta psikologoak unibertsitate berean irakurri berri duen doktoretza-tesiaren arabera. Egileak, zehazki, Larrialdietako, Zainketa Intentsiboetako, Onkologiako eta Oinarrizko Osasun Laguntzako zerbitzuetatik igarotzen diren ikasleen egoera aztertu du, horiek guztiak, haren ustez, “intentsitate emozional handiko” testuinguru klinikoak diren aldetik. Ana María Insausti eta Paula Camelia Trandafir Osasun Zientzien Fakultateko irakasleen zuzendaritzapean egin du ikerlana, eta kalifikaziorik hoberena lortu du: bikain “cum laude”.
Ikerketaren arabera, Larrialdietako Zerbitzuak sortzen du antsietate handiena ikasleengan, eta hori eragiten duten faktoreen artean honako hauek aipatzen ditu: “konpetentziarik eza, pazienteen eta senitartekoen agresibitatearen handiagotzea eta 12 ordura arteko guardia luzeak”. Bestalde, ikasleek Oinarrizko Osasun Laguntzan sentitzen dute antsietate gutxien, pazientearekiko harremana estuagoa delako eta beste errealitate batzuk ezagutzeak praktikak egiten ari den pertsonari bere egoera erlatibizatzen laguntzen ahal diolako. Tesiak azaltzen du, halaber, adinean aurrera egin ahala antsietate gutxiago izaten dela, batez ere berehalakotasuna eta erabakiak azkar hartzea funtsezkoa den zerbitzuetan. Tesiaren egileak dionez, elikaduraren eta atsedenaren gaineko ohitura osasungarriak hartzea lagungarria izan daiteke estresa hobeki kudeatzeko.
Bestalde, Anunciación Jiménezek dio ikasleen ulermen emozionala (norberaren emozioak identifikatzeko eta ulertzeko gaitasuna) handitu egiten dela Onkologiako zerbitzuan, testuinguru horrek “ikasleak beren heriotzarekin kontaktuan egotera, introspekziora eta beren burua ezagutzera bultzatzen baititu”.
Adimen emozionaleko gaitasunak gehitu beharra
Tesiaren egileak azaldu duenez, erizaintzako lanbidean egoera emozionalak maneiatzearekin lotutako gaitasunak jartzen dira martxan, enpatia, adibidez. “Ikasleak heriotzarekin kontaktuan dauden momentuetan, gehienek tristura eta pena sentitzen dute, nahiz eta neurri txiki batean betetasuna ere adierazten duten pertsona bati bere azken uneetan lagundu ahal izateagatik”, zehaztu du.
NUPeko doktore berriak adierazi du sentimendu horiek guztiak “normalak” direla, eta oso litekeena dela laugarren mailako ikasleak hobeki prestatuak egotea egoera horiei aurre egiteko unibertsitateko ibilbidea hasten ari direnak baino. Hala ere, aditzera eman duenez, “oso egokia litzateke unibertsitateak gehiago sustatzea biziaren amaierako zainketen azterketa, lanbide hori oso lotua baitago beste pertsonen sufrimenduarekin eta pertsonen heriotzarekin”. Alde horretatik, bere doktoretza-tesiak proposatzen du adimen emozionalari buruzko zeharkako gaitasun bat txertatzea emozioekin lotutako irakasgaietan, psikologiatik, komunikaziotik edo erizaintza klinikotik hurbil dauden irakasgaiak ematen dituzten irakasleekin koordinatuta, eta hori guztia “praktika kliniko berberen jarraipena eginez unibertsitateko tutoreen bitartez, ikasleek emozioak hobeki kudea ditzaten”, erantsi du Anunciación Jiménezek.
Anunciación Jiménezen CV laburra
Anunciación Jiménez Erizaintzan diplomaduna eta Psikologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bi diziplinekin lotutako zenbait master eta titulu bereki egin ditu, besteak beste Psikologia Klinikoko eta Osasunaren Psikologiako Masterra, Zentro Gerontologiko eta Soziosanitarioen Zuzendaritzako eta Kudeaketako Espezialistaren titulua eta NUPeko Osasun Zientzietako Ikerketako Masterra. Doktoretzan, ikerketa-egonaldiak egin ditu Porton (Portugal) eta Salamancako Unibertsitatean.
Erizain asistentzial lanak egin ditu Neumologiako, Kardiologiako eta Barne Medikuntzako zerbitzuetan (1990-1999), eta laborategiko erizain espezialista gisa ere jardun du (1990-2000), Osakidetzan bi kasuetan. Gainera, psikologo aritu da zenbait erakundetan (2000-2011), hala nola El Salvadorreko Osasun Mentaleko Batzordean (Erdialdeko Amerika), Matia fundazioan (Gipuzkoa) eta Gipuzkoako Parkinson Elkartean.
Kudeaketaren arloan, geriatriako laguntzaileen enplegu tailerretako zuzendaria izan da lau urtez (INEM). Horrez gain, Erizaintzako Graduko irakaslea izan da Euskal Herriko Unibertsitatean hamarkada batez, eta NUPeko Osasun Zientzien Sailean gaur egun. Nafarroan Zainketa Aringarrien Estrategia lantzen ari den lantaldeko kidea da, baita Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialeko zuzendaritza-batzordeko kidea eta erakunde horretako osasun mentaleko eta ikerketako batzordeetako kidea ere.