Joan eduki nagusira

Philip Obaji Jr. kazetari eta aktibista nigeriarrak eta Wassu UAB Fundazioak (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) “ex aequo” jaso dute gaur, ekainak 16, Giza Eskubideak sustatzeko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) 2022ko Jaime Brunet Nazioarteko Saria. Ekitaldia Errektoretzako erainkinean egin da, Ramón Gonzalo NUPeko errektore eta Jaime Brunet Fundazioko presidentea buru izan dela. Esandakoez gain, Doktoretza Tesien Jaime Brunet saria eman zaio Juan Bautista Cartesi, eta Jaime Brunet Unibertsitateko Saria  Jeovanny Encaladari, Sara Casanellasi eta Susana Hadzhievari, “ex aequo”.

zoom Philip Obaji Jr. saritua, bere hitzaldian.

Philip Obaji Jr. saritua, bere hitzaldian.

Lehendakaritzako mahaian, errektorearekin batera, Joaquín Mencos Doussinague Jaime Brunet Fundazioko presidenteordea izan da. Ekitaldi instituzionala 13:00etan hasi da, eta Foru Komunitateko arlo politiko eta sozialeko pertsona ezagunak bertaratu dira, baita unibertsitateko komunitateko eta Jaime Brunet Fundazioko kideak ere. Zura Quartet harizko laukoteak jo du musika.

Diplomen eta sarien banaketa eta hitzaldiak

Lehenik eta behin, unibertsitateko sarien irabazleei eman zaizkie diplomak eta, ondoren, doktoretza-tesien sariaren irabazleari. Gero, Jaime Brunet Nazioarteko Saria Philip Obaji Jr. kazetariari eta Wassu UAB Fundazioari “ex aequo” emateko erabakia irakurri du Javier Blázquez Ruiz Jaime Brunet Fundazioko idazkariak. Saria 36.000 eurokoa da, eta sarituei erdi bana emanen zaie. Horrez gain, diploma bat eta Carlos Cirizaren oroimenezko eskultura bat eman zaizkie. Epaia 2022ko abenduan eman zen jakitera.

zoom UABko errektorea, bere hitzaldian.

UABko errektorea, bere hitzaldian.

Saria jaso ondoren, esker oneko hitzaldi bana eman dute Philip Obaji Jr. kazetariak eta, Wassu UAB Fundazioaren izenean, Javier Lafuente Sancho Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) errektoreak. Ondoren, gauza bera egin du NUPeko errektore Ramón Gonzalok.

Philip Obaji Jr. kazetariak, hitzaldian, Wagner taldeak Ukrainan Putinentzat lan egin aurretik Afrika Erdiko Errepublikan eginak dituen krimenak salatu ditu. Besteak beste hauek kontatu ditu: Wagner taldearen ekintzak salatzera ausartu ziren hiru kazetari errusiarren hilketa basatia, beste informatzaile baten desagertze misteriotsua eta, oro har, salaketa publikoak egitera ausartzen direnek sistematikoki jasaten dituzten ziberjazarpena, indarkeria edo mehatxuak. Kazetariak azaldu duenez, mertzenario talde hori ez da soilik informazioa jasotzeko askatasuna murrizten saiatzen, baizik eta Afrika erdialdeko populazio ahulei ere eraso die Errusiaren agindupean, urrea eta diamanteak saltzeko helburuarekin. “Kazetari gisa, nire lanaren parterik zailena ez da istorio horiek kontatu beharra, baizik eta bizirik iraun dutenak kontsolatzea, askotan kosta egiten baitzaie beren burua kontrolatzea igaro duten sufrimendua kontatu ahal izateko” adierazi du. Informatzaileak, hala ere, itxaropen mezu batekin amaitu du hitzaldia, eta Data Critica eta Akhbar al-Saha erakundeen lana aipatu du, baita Yousra Ishaq kazetariarena ere.

Bestalde, UABko errektoreak nabarmendu du Wassu Fundazioak emakumeen genitalen mutilazioaren arloan testuinguruari egokitutako estrategia eraginkor eta jasangarri bat garatu duela prebentziorako eta arreta emateko. Praktika hori oraindik ere ohikoa da herrialde batzuetan (gutxienez 30 herrialdetako 200 milioi emakumeri eta neskatori egin diete eraso horrela). Azaldu duenez, Fundazioak lekuan bertan egiten du lan, eta emakume afrikarrei prestakuntza ematen die osasun eragile moduan jardun dezaten. Gainera, azaldu duenez, haren lana “erabakigarria izan zen 2015ean Gambian emakumeen mutilazioa debekatzen duen lege bat aldarrikatzeko”.

zoom Sarituak, agintariekin. Ezkerretik eskuinera, atzeko ilaran: Juan Bautista Cartes, Ramón Gonzalo errektorea eta Joaquín Mencos. Ezkerretik eskuinera, aurreko ilaran: Jeovanny Encalada (saritua), Javier Lafuente Sancho UABko errektorea, Philip Obaji (saritua), Sara Casanellas eta Susana Hadzhieva (sarituak).

Sarituak, agintariekin. Ezkerretik eskuinera, atzeko ilaran: Juan Bautista Cartes, Ramón Gonzalo errektorea eta Joaquín Mencos. Ezkerretik eskuinera, aurreko ilaran: Jeovanny Encalada (saritua), Javier Lafuente Sancho UABko errektorea, Philip Obaji (saritua), Sara Casanellas eta Susana Hadzhieva (sarituak).

Azkenik, NUPeko errektoreak zorionak eman dizkie sarituei, eta eskerrak eman dizkie giza eskubideen alde egin duten lanagatik. Philip Obajiri buruz, Boko Haram taldeak eta Wagner taldeko mertzenarioek egindako “ankerkeriak” salatzeko betetzen duen "rola" azpimarratu du. Horrez gain, esan du kazetari nigeriarra “funtsezko ahotsa dela Afrikako bidegabekerien salaketan eta giza eskubideen aldeko borrokan”. Bestalde, adierazi du Wassu Fundazioaren lana “adibide nabarmena dela erakusteko akademiak zeregin erabakigarria izan dezakeela praktika tradizional kaltegarrien aurkako borrokan eta giza eskubideen defentsan”. Halaber, errektoreak tesien eta ikasketa amaierako lanen kategorietan saritutakoak aintzatetsi ditu.

Wagner taldearen aurkako salaketa eta emakumeen genitalen mutilazioaren aurkako borroka

Philip Obaji Jr. kazetariaren kasuan, epaimahaiak, saria banatzean, “kazetari gisa egin duen lan ausarta” (besteak beste “The Daily Beast” egunkarian egina) nabarmendu du; izan ere, besteak beste, “kazetariak Wagner taldeko mertzenarioek eta Mendebaldeko Afrikako haien aliatuek (bereziki Malikoak eta Afrika Erdiko Errepublikakoak) giza eskubideen aurka egindako ehun abusu kasu baino gehiago dokumentatu ditu mehatxuak mehatxu eta arrisku bereziko testuinguru batean; gainera, Mendebaldeko Afrikako eta Afrika Erdiko desplazatu eta errefuxiatuen historia pertsonalak azalarazi ditu, eta bizitasun handiz jaso”. Kazetari eta aktibista seinalatua eta jazarria izan da, eta Boko Haram bera bahitzen ere saiatu zen.

Wassu Fundazioaren kasuan, epaimahaiak 1999an Gambian sortu zenetik “emakumeen genitalen mutilazioaren aurka borroka sendoz egin duen” ibilbidea azpimarratu zuen. Hauek izan dira Afrikako herrialde horretan izandako lorpen esanguratsuenetako batzuk, epaian adierazten denez: emakumeen genitalen mutilazioaz hitz egitea galarazten zuen betoa kentzea, “mutilaziorik gabeko iniziaziorako erritu” alternatibo bat proposatzea, azterketa klinikoak egitea emakumeen genitalen mutilazioak osasunean dituen ondorioen ebidentzia zientifikoa emateko, nazioarteko foroak antolatzea gai horri ekiteko, osasun langileentzako Estatuko Prestakuntza Programa bat sortzea, curriculum akademiko bat eta prebentziorako eta arretarako gidaliburu bat garatzea (Gambiako Osasun Zientzietako ikastegi guztietan txertatua), eta, azkenik, Afrikako herrialde horretan emakumeen genitalen mutilazioa debekatzen duen lege bat aldarrikatzea 2015ean.

Jaime Brunet Fundazioa

Jaime Brunet Fundazioa kultur fundazio pribatu bat da, eta hauek ditu helburuak: gizakiaren duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea.

Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, Gipuzkoa, 1992) XVIII. mendean Gipuzkoan bizitzen jarritako ekintzaile katalanen familia batean jaio zen (industria-jarduera garrantzitsua gauzatu zuten han). Jarrera liberalean hezia, kritikoa izan zen bizitzea egokitu zitzaion garaiarekin. Aitak, Jaime Brunet Goitiak, Alderdi Errepublikanoko lekuko buruak, Zuzenbide karrerara bideratu zuen, eta Donostiako Udaleko alkateorde izatera iritsi zen, non aitona eta birraitona alkate izan baitziren. Valladolideko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta etxe horretan bertan irakasle laguntzaile aritu zen gero.

Irakurtzeko zaletasunak hizkuntzak ikasteko interesa piztu zion, eta, haiei esker, bere bidaia ugarietan erraz moldatzeko aukera izan zuen. Hala, bere garaiko zailtasunak gorabehera, hogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan jakin eta ulertu zuen zenbateko diskriminazioa eta bortizkeria dagoen oraindik gure mendean, nola baliatzen diren boteretsuak ahulez, eta zeinen erraz urratzen diren egunero gizakiaren eskubide oinarrizkoenak.

Bere bizitzako azken urteetan, etengabeko kezka piztu zioten giza eskubideen egoerarekiko sentiberatasunak eta herritarraren askatasunaren defentsak. Seme-alabarik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurkako sentimenduek bultzatuta, bere ondarea oinordetzan uztea erabaki zuen hiltzean bere izena izanen zuen fundazio bat sortzeko, bi helbururekin: batetik, giza eskubideak zabaltzeko, eta, bestetik, saritzeko giza eskubideen alde egindako lanagatik aintzatespena merezi zuten haiek. Horrela, Jaime Brunet Romero fundazioa sortu zen, egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoan duela, hark testamentuan adierazitako nahiari jarraikiz.