Joan eduki nagusira

Zuzenbideko nazioarteko doktore eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle Juan Bautista Cartes Rodríguezek Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) emandako Doktoretza Tesien Jaime Brunet VII. Saria irabazi du “El Tribunal Africano de Derechos Humanos y de los Pueblos” lanagatik. Jaime Brunet Fundazioak ematen duen sari horrek (Nafarroako Unibertsitate Publikoan du egoitza) 2.000 euro eta lana argitaratzeko aukera ematen ditu. Bere helburua doktoretza-tesiak aintzatestea da, baldin eta haien oinarrizko ikerketa-edukiak harreman zuzena badu giza eskubideekin eta horien defentsarekin eta sustapenarekin.

Haren tesian, saridunak Giza Eskubideen Afrikako Auzitegiaren lana aztertu du. Auzitegi hori 1998an sortu zen, baina ez zen martxan jarri 2008ra arte. Auzitegi horrek askotariko kasuak aztertzen ditu: ustelkeria-tramak ikertzen zituzten kazetarien hilketei lotutako kasuak, emakumeen eta nesken eskubide urraketari buruzko salaketak, nazionalitate-gabetze arbitrarioak, herri indigenak beren lurretatik kanporatzea, heriotza-zigorrak, hauteskunde-iruzurrak, edo, bere azken erabakiei erreparatuz, Saharako herriari erabakimen askea aitortzea. Kasu gehienetan, lanaren egileak azaldu duen moduan, soluzio egokiak agindu ditu, eta, horretarako, Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegiaren jurisprudentzia erabili du iturri moduan. “Hala eta guztiz ere, erakunde sortu berria da, eta oraindik findu beharreko zenbait kontu ditu; esaterako, sistema afrikarreko beste organo batzuekin osagarritasun harremanak indartu behar ditu, eta hartutako erabakien jarraipena dinamizatu behar du. Horrez gain, azpimarratzekoa da behar duena baino finantziazio txikiagoa duela”, adierazi du. 

zoom premio tesis brunet

Juan Bautista Cartes Rodríguez.

Giza Eskubideen eta Herrien Afrikako Auzitegia nazioarteko giza eskubideen nazioarteko babeserako hiru organo judizialetako bat da. Beste biak Giza Eskubideen Europako Auzitegia eta Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegia dira, 50eko eta 70eko hamarkadetan sortuak hurrenez hurren. Horien guztien lana estatuek gai horretan berretsitako itunak betetzen direla ziurtatzea da.

Juan Bautista Cartes Rodríguezen CV laburra

Juan Bautista Cartes Rodríguez doktoretza ondoko irakasle kontratatua da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (UCM), eta Nazioarteko Zuzenbide Publikoari lotutako graduko eta masterreko irakasgaiak ematen ditu. Zenbait argitalpen zientifiko idatzi ditu Europan, Afrikan eta Amerikan, eta, 2020az geroztik, Espainiako Amnesty International erakundearen Ekialde Hurbileko Lantaldearen koordinatzaile atxikia da. Gaur egun ikerketako lau proiektutan dabil, eta irakaskuntzaren berrikuntzako beste hainbeste proiektutan parte hartzen du.

Juan Bautista Cartesek bere promozioko espedienterik onenarekin amaitu zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Nazioarteko Zuzenbideko Masterra. Halaber, Mundu Arabiarreko Giza Eskubideen eta Demokraziaren Masterra egin zuen Beiruteko Saint Joseph Unibertsitatearen (Libano) eta Kartagoko Unibertsitatearen artean (Tunisia), eta Zuzenbideko eta Enpresen Zuzendaritzako eta Administrazioko Gradua Sevillako Unibertsitatean. Horrez gain, Pretoriako Unibertsitateko Giza Eskubideen Zentroan ikasia da (Hegoafrika), baita Hagako Nazioarteko Zuzenbideko Akademian ere (Herbehereak). Doktoretza egin bitartean, hiru beka lortu zituen: UCMren doktoretza aurreko beka, Unibertsitateko Ikerketa Sustatzeko Oriol-Urquijo Fundazioaren beka eta Europar Batasuneko Graduondokoetarako beka. Tesiak kalifikaziorik hoberena lortu du: bikain cum laude.

Hitzaldiak eman ditu estatuko eta nazioarteko zenbait unibertsitate eta zentrotan, eta lankidetzan aritua da zenbait hedabiderekin, besteak beste hauekin: África Sur, RNE, Valsaín Fundazioa, Ubuntu Pachamama, El Orden Mundial eta The Citizen. 

Jaime Brunet Fundazioaren beste sari batzuk

Jaime Brunet Fundazioak, sari horretaz gain, Jaime Brunet Nazioarteko Saria eta Jaime Brunet Unibertsitate Saria ere ematen ditu. Azken hori graduko eta masterreko ikasleentzat da. 2022ko deialdian, horietako lehenbizikoa “ex aequo” eman zieten Philip Obaji Jr. kazetariari eta Wassu Fundazioari. Lehenbizikoari Wagner Taldeak eta haren Afrikako aliatuek giza eskubideak urratu izana salatzeko egin dituen lanengatik eman diote, eta bigarrenari emakumeen genitalen mutilazioaren aurka egindako lanagatik.