Joan eduki nagusira

Duela gutxi Unibertsitateko Logistikaren Katedraren sariak banatu dituzte NUPen; Agustín Huerga Arévalo (Zaragozako Unibertsitatea) eta Sergio Martínez Abad (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) izan dira irabazleak, graduko eta masterreko kategorietan hurrenez hurren. Sari horiek 2020-2021 edo 2021-2022 ikasturteetan Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako batean garraioaren, logistikaren eta mugikortasunaren arloei buruz defendatutako ikasketa amaierako lanik onenak aitortzen dituzte. Kategoria bakoitzeko lehen saria 1.000 eurokoa da. Sariez gain, 500 euroko bi accesit ere banatu dira: graduko kategorian, Álvaro Muro Aranguren (NUPeko egresatua), eta, masterreko kategorian, Lucas Monreal Ciáurriz (NUPeko egresatua) eta Camila Berenice Rubio Cárdenas (UNIZAReko egresatua), “ex aequo”.  

zoom Irabazleak eta epaimahaikideak. Lehenbiziko lerroan, ezkerretik eskuinera, Álvaro Muro, Camila Berenice Rubio, Lucas Monreal, Sergio Martínez (sarituak) eta Javier Faulín Fajardo NUPeko katedraduna. Bigarren lerroan, ezkerretik eskuinera, Carlos Chocarro, Miguel Suárez eta Diego Galilea, NASUVINSA, ANET eta ALINAR enpresen izenean, hurrenez hurren.

Irabazleak eta epaimahaikideak. Lehenbiziko lerroan, ezkerretik eskuinera, Álvaro Muro, Camila Berenice Rubio, Lucas Monreal, Sergio Martínez (sarituak) eta Javier Faulín Fajardo NUPeko katedraduna. Bigarren lerroan, ezkerretik eskuinera, Carlos Chocarro, Miguel Suárez eta Diego Galilea, NASUVINSA, ANET eta ALINAR enpresen izenean, hurrenez hurren.

Graduko kategorian irabazitako lanak hirietan teknologia berritzaileen bidez logistika jasangarriagoa eta efizienteagoa bilakatzeko modua jorratu du, eta “Estudio y análisis de indicadores operativos, sostenibles y económicos para la implementación de un Hub logístico en Zaragoza” du izenburua. Lanak kalkulu tresna bat aurkezten du, bitarteko biltegiak, ibilgailu elektrikoak, banaketa-bizikletak eta armairu adimendunak prozesuan nola txertatu aztertzen duena. Lanak azaltzen duenez, tresna hori Zaragozan aplikatuta, emisioen % 82 murriztea lortuko litzateke, ibilgailuen trafikoa % 49 gutxitzea eta kostuak % 52 jaistea.

Masterreko kategoriako lan irabazlearen izenburua, berriz, “Uso de Modelos de Simulación y Optimización para Diseñar la Red de taquillas Inteligentes de Pamplona (Navarra)” da. Lan horretan simulazioko eta optimizazioko eredu matematiko bat garatu da, hiriko logistikara bideratutako armairu adimendunen sareak diseinatzeko bukaerako kontsumitzailearentzat. Aztertzen den biztanleriaren parametroetan oinarritzen da eredua, eta, hala, aukera ematen du hainbat hipotesi aztertzeko eta azterlanean ziurgabetasun elementuak sartzeko. Lanaren amaieran, proposatutako eredua Iruñean aplikatzen duen kasu praktiko bat dago.

Sariak emateko, ekitaldi bat egin zen; bertan, Bartosz Sawik NUPeko eta Krakoviako (Polonia) AGH Universityko irakasle bisitariak parte hartu zuen, eta logistikarekin eta garraioarekin lotutako gai orokorrei buruz aritu zen.

Hauek izan ziren epaimahaikideak: Miguel Suárez Martínez, Garraioaren arloko Enpresarien Nafarroako Elkarteko (ANET) ordezkaria; Diego Galilea San Martín, Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko Nekazaritzako Elikagaien Industrien Elkarteko (ALINAR) kidea; Carlos Chocarro San Martín, Navarra de Suelo y Vivienda SA sozietate publikoko kidea (NASUVINSA); Mercedes Sánchez García, NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko kidea eta Juan Ignacio Latorre Biel NUPeko Ingeniaritza Saileko kidea.

NUPen Logistikaren Katedra

Hauek dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Logistikaren Katedrako partaideak: Navarra de Suelo y Vivienda SA sozietate publikoa (Nasuvinsa), Garraioaren arloko Enpresarien Nafarroako Elkartea (ANET), Nafarroako Enpresarien Konfederazioa (CEN), Metalgintzako Enpresaburuen Nafarroako Elkartea (ANEM) eta Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko Nekazaritzako Elikagaien Industrien Elkartea (ALINAR). Logistikaren Katedra Nafarroako Espezializazio Adimendunerako Estrategiaren norabidean aurrera egiteko helburuarekin sortu zen, ulerturik merkantzien eta pertsonen garraioa oinarrizko faktoreak direla Foru Komunitateko lehiakortasunari dagokionez. Gainera, Nafarroan mugikortasuna ingurumena errespetatzen duen eredu jasangarri baterantz migratzea sustatzen du.