Joan eduki nagusira

3.822 ikaslek (2.224 emakumezkoak eta 1.598 gizonezkoak) eginen dute gaurtik aurrera (ekainak 6, asteartea) eta ostegunera arte (ekainak 8) Batxilergotik Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa (USEa) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Probek iazko egitura bera izanen dute, eta Iruñeko Arrosadiko campuseko Ikasgelategian eta Tuterako campusean eginen dira. Bestalde, hizkuntza-ereduari dagokionez, guztira 2.847 ikaslek eginen dute gaztelaniaz, eta 975ek euskaraz.

zoom Ikasleak, Arrosadiko campusean, USE probak hasi aurretik.

Ikasleak, Arrosadiko campusean, USE probak hasi aurretik.

Ikasleek ekainaren 14an izanen dituzte eskuragarri deialdi arrunteko proben emaitzak, eta hilaren 21etik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazioen txartela. Bestalde, deialdi bereziaren azterketak ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen dira, eta emaitzak uztailaren 4an egonen dira eskuragarri. Kalifikazioen txartela, berriz, uztailaren 18tik aurrera egonen da deskargatzeko moduan. Probei buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

Azterketaren egitura, aldaketarik gabe

Esan bezala, azterketak 2019-2020 ikasturtekoaren egitura bera izanen du; izan ere, ikasturte berezia izan zenez, nobedade gisara, galderetan aurreko deialdietan baino aukera zabalagoa eman zitzaien ikasleei erantzuteko. Deialdi honetan, aipatutako ikasturteaz geroztik gertatu den bezala, aldez aurretik jakinaraziko da zer ikasgelatan eginen diren probak.

zoom Ikasleek jarraibideak jasotzen dituzte USE probak egin aurretik, Tuterako campusean.

Ikasleek jarraibideak jasotzen dituzte USE probak egin aurretik, Tuterako campusean.

Oro har, ikasleei gomendatzen zaie ariketen oharrak arretaz irakurtzeko, adierazitako galdera kopuruari bakarrik erantzuteko, erantzundako galdera edo galderak behar bezala etiketatzeko eta probak egin baino lehen azterketaren egiturari eta zuzentzeko irizpideei ongi erreparatzeko. Hori guztia Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal da, baita aurreko urteetako azterketak ere. Proba bakoitzak, beti bezala, 90 minutu iraunen du.

Bestalde, ikasleek gogoan izan behar dute ezin dutela ez piztuta ez begi-bistan izan komunikatzeko edo datuak biltegiratzeko balio duen gailu elektronikorik azterketa egin bitartean eta ikasgelatik atera arte.

Probak nola eginen diren

Ikasleak 7 epaimahaitan banatuta egonen dira; horietatik 6 Arrosadiko campusekoak dira (lau gaztelaniazkoak eta bi euskarazkoak), eta zazpigarrena Tuterakoa.

USE probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenbiziko fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako azterketak eginen dituzte (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza, zeina Ingelesa, Frantsesa edo Alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza izan ikaslearentzat). Nafarroan, A eta D hizkuntza-ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literatura. Horiez gainera, beste proba bat ere eginen dute: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgai bati dagokiona. Zientzietakoa Matematika II izanen da; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.

Behin probak eginda, azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ikasleak USE proba gaindituko du baldin eta batez besteko nota horren % 40 eta Batxilergoko espedienteko batez besteko notaren % 60 ponderatuta 5 puntuko nota edo handiagoa lortzen badu (10etik). Ponderazioa egiteko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntukoa edo handiagoa izan behar du (10etik). Ikasleak proba gainditzen badu, betiko izanen du nota hori.

Azterketa-egutegia hiru egunetarako

Probak gaur hasi dira, ekainak 6, asteartea: 09:30ean Gaztelania eta Literatura II azterketa eginen dute, eta 12:00etan Espainiaren Historia. Arratsaldean, 16:00etan hasiko da Ingeleseko proba, eta 18:30ean, berriz, Frantsesekoa eta Alemanekoa.

Ekainaren 7an, asteazkena, azterketa hauek eginen dituzte ikasleek: 08:30ean, Euskara eta Literatura II (A eta D eredukoek); eta, 11:00etan, Matematika II, Latina II eta Artearen Hastapenak II. Arratsaldean, 15:00etan, Gizarte Zientziei aplikaturiko Matematika II eta Marrazketa Teknikoa II eginen dituzte; 17:30ean, berriz, Biologia, Enpresaren Ekonomia eta Arte Eszenikoak.

Ekainaren 8an eginen dira azkeneko azterketak, ostegunean: 08:30ean, Filosofiaren Historia; eta, 11:00etan, Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezkoen Kultura II. Azkenik, 15:00etan Kimikako eta Artearen Historiako azterketak eginen dira, eta, 17:30ean, Geologiakoa, Geografiakoa eta Diseinukoa.