Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) zortzi kapitulu berri eginen ditu, lau gaztelaniaz eta lau euskaraz, podcast formatuko zientzia-dibulgazioko kanalerako: “Ciencia al punto” eta “Zientzia puntu-puntuan” . Programa honek dagoeneko 51 kapitulu ditu (28 gaztelaniaz eta 23 euskaraz) eta bere helburua da unibertsitateko irakasleek herritarrei hurbiltzea zientziako, teknologiako eta berrikuntzako egungo edukiak.

“Ciencia al punto / Zientzia puntu-puntuan” podcast kanalak, zientzia gizartera hurbiltzeko helburuz, hainbat gairi buruzko “informazio pilula” txiki batzuk egiten ditu, eta haien formatuak ikerketako profesionalen, gai jakin bati buruzko iritzia ematen duten pertsona anonimoen eta zientzia-ibilaldia gidatzen duten kazetarien parte-hartzeak konbinatzen ditu. Bi kanal ditu, bata gaztelaniazkoa eta bestea euskarazkoa, eta 2021eko urtarrilean sortu zenetik berrogeita hamar kapitulu baino gehiago grabatu dira. Podcasten plataforma nagusietan daude bi kanalak (Google Podcasts, IVoox, Apple Podcasts, Spotify, YouTube, etab.).

zoom ciencia al punto

“Ciencia al punto / Zientzia puntu-puntuan” podcastaren irudi grafikoa.

Azken urtean, Nafarroako Gobernuak eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) finantzatu zuten programa, eta azken horrek finantzatuko ditu zortzi kapitulu berriak. Orain arte, 40 ikertzailek baino gehiagok hartu dute parte ekimen honetan.

Gaiak askotarikoak dira: egungo erronka globalak, bazterkeria soziala, energia berriztagarriak, adimen artifiziala, minbiziaren aurkako borroka, zuntz optikoa, txipak edo sumendien beroak sortutako energia. Gai historikoak ere jorratu dira podcastean, hala nola frankismoaren garaiko esklaboak, sorginkeria edo agaramontarren eta beaumontarren arteko gerrak, Nafarroarentzat interes berezia dutenak.