José Antonio Mendizabal Aizpuru, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Animalia Ekoizpeneko katedraduna, ISFOOD ikerketa-institutuari atxikia, Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademiako akademiko izendatu berri dute Albaitaritzaren Historiaren atalean. Duela gutxi hautatu zuten, Akademiaren osoko bilkuran bozketa egin ondoren.
Ikasle zenetik Albaitaritzaren Historiarekin izan duen interesa eta jarduera dela-eta gonbidatu dute katedraduna hautaketa honetan parte hartzera. “Duela ia hogei urtetik hona Albaitaritzaren Historiako kongresuetan parte hartu dut, hasieran modu apalagoan baina gero intentsitate handiagoz, eta, haietan, 18 komunikazio aurkeztu ditut guztira, eta behin gonbidatu naute mintzaldi bat ematera”, adierazi du.
José Antonio Mendizábalek bere ikerketen artikuluak argitaratu ditu "Anales de la Real Academia de Ciencias Veterinarias de España" argitalpenean eta "Información Veterinaria", "Archivos de Zootecnia" eta "Arte Avícola" aldizkarietan, eta albaitari ospetsuei buruzko hiru erreseina ditu eginak "Diccionario Biográfico Español" libururako (Historiaren Errege Akademiak argitaratua). Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademiak Andrés Pintaluba V. Saria, Carlos Luis Cuenca Saria (2017) eta Albaitaritzaren Historiaren Adiskideen I. Saria (2020) eman zizkion.
José Antonio Mendizabal, Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademian, artxiboko irudi batean.
Irakaskuntzako eta kudeaketako jarduera
José Antonio Mendizabal NUPeko Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoan sartu zen 1990ean, Animalia Ekoizpeneko irakasle moduan, eta 2019tik arlo horretako katedraduna da. Irakasle gisa, Animalia Ekoizpenaren arloko zenbait irakasgai eman ditu, hala nola: Animalien Biosegurtasuna eta Ongizatea, Elikadura eta Errazionamendua, Animalien Ugalketa eta Animalia Ekoizpena. Ikertzaile gisa, hauek izan ditu aztergai: animaliak hil eta tripak eta erraiak kendu ondoren gelditzen den karkasaren (kanalaren) eta haragiaren kalitatea eta ehun koipetsuaren garapena eta metabolismoa.
Bere ikerketa-lanaren zati bat Clermont Ferrandeko (Frantzia) INRAE zentroan egin zuen, bertan doktoratu ondoko egonaldi bat egin baitzuen 1996-1997 urteetan. Azkenik, unibertsitateko kudeaketan honako hauetan aritu izan da: Nekazaritza Ekoizpeneko Saileko idazkari akademiko, zuzendariorde eta zuzendari moduan, doktoretzako zenbait programatako koordinazioan eta “Haragi ekoizpena: biodibertsitatea eta jasangarritasuna” ekintza-taldearen koordinazioan. Talde hori Lleidako Unibertsitateko, Zaragozako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batzuek osatzen dute.
Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademiaren lana
Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademiaren estatutuek adierazten dutenez, albaitariaren eskumenak gauzatzen diren jarduera historiko, zientifiko eta teknikoak, juridikoak eta etikoak dira haren lanaren xedea, bereziki abere-ekoizpenei, animalien osasunari eta horrek gizakien osasunarekin eta ingurumenarekin duen harremanari dagozkienak. Testuinguru horretan, Errege Akademiak zientzien aurrerapena zabaltzen eta albaitaritza-jardueretan eragina duten teknikak fintzen laguntzen du, bai eta albaitaritza-zientzien eta osasun-zientzien, zientzia esperimentalen eta gizarte zientzien gainerako arloen arteko harreman zientifikoak eta teknikoak garatzen ere, Espainiakoak zein nazioartekoak.