Joan eduki nagusira

Gels aldizkariak, nazioartean ospetsuak, “Tunability of Hybrid Xerogels: Surface Chemistry and Porous Texture Based on the Aromatic Precursor“ artikulua onartu du argitaratzeko. Nataly Padilla Postigok eta Marian Irigoyen Razquinek idatzi dute artikulua, “Xerogel hibridoak. Sintesia eta ezaugarritzea” proiektuaren baitan, NUPek eta Plaza de la Cruz BHIk elkarrekin garatutako Ikerketako Batxilergoaren esparruan. Batxilergoko bi ikasturteetan egin zuten ikerketa, eta Ester Alonso Martínez (institutu horretako irakaslea) eta Maialen Espinal Viguri (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzien Saileko irakasle laguntzaile doktorea) aritu ziren tutore. Lana aldizkariaren webgunean argitaratuko da laster, eta, aipatutakoez gain, Beatriz Rosales Reina eta Guillermo Cruz Quesada doktoretza aurreko ikertzaileek eta Julián Garrido Segovia katedradunak ere hartu dute parte (NUPekoak denak), Jaengo Unibertsitateko Mª Victoria López Ramón katedradunarekin lankidetzan, ezaugarritzeko teknika batzuk unibertsitate horretan egin baitituzte.
Testuinguru horretan, Maialen Espinalek azpimarratu duenez, “inpaktu handiko aldizkari batek lan horren berri ematen duela ikusteak erakutsi egiten du institutuen eta NUPen artean duela bi urte hasitako lankidetzak funtzionatu duela eta emankorra dela”.

zoom Ezkerretik eskuinera: Maialen Espinal (NUP), Marian Irigoyen, Nataly Padilla eta Ester Alonso (Plaza de la Cruz BHI).

Ezkerretik eskuinera: Maialen Espinal (NUP), Marian Irigoyen, Nataly Padilla eta Ester Alonso (Plaza de la Cruz BHI).

Silizezko material hibridoen bi sail diseinatzea eta material horien propietate kimikoak eta testurak zehaztea izan zen NUPen eta Plaza de la Cruz BHIren tutoretzapean egindako proiektuaren funtsa. Espinal irakasleak azaldu duenez, gaur egun zientzialarien artean goraldian dagoen eremuetako bat da gure gizartearen ingurumen- eta teknologia-beharrak asetzeko propietate hobetuak dituzten material berriak bilatzea. “Eskari horren barrenean, silizezko material hibridoak, espezie organikoz eta ez-organikoz osatuak, aukera mugagabeko alternatiba gisa ageri dira; izan ere, beren egituran konposatu ez-organikoen propietateak dituzte (egonkortasun mekanikoa, termikoa eta estrukturala), konposatu organikoenekin sinergian (funtzionaltasuna eta malgutasuna). Hala, propietate paregabeak dituzten materialak lor daitezke, askotariko aplikazioetan erabiltzekoak”.

zoom Proiektuaren egileak, irakasleak eta ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera, atzean: Beatriz Rosales, Marian Irigoyen, Nataly Padilla eta Ester Alonso; aurrean: Guillermo Cruz, Maialen Espinal eta Julián Garrido.

Proiektuaren egileak, irakasleak eta ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera, atzean: Beatriz Rosales, Marian Irigoyen, Nataly Padilla eta Ester Alonso; aurrean: Guillermo Cruz, Maialen Espinal eta Julián Garrido.

Ikerketak agerian uzten du materialen propietateak modu kontrolatuan modulatu daitezkeela, haien sintesian erabilitako aitzindari organikoaren eta haren kantitatearen arabera. “Laburbilduz, aukera ematen digu askotariko aplikazioetarako materialak nahierara diseinatzeko, aplikazio konbentzionalenetatik hasi (katalisia, adsortzioa edo bereizketa) eta nanoteknologian aurreratuenak direnetan buka (mikroelektronika, fotoluminiszentzia, optika ez-lineala edo sentsoreen optika)”, azaldu du Maialen Espinalek.

Ikerketaren azken helburua da material horiek mintz kimiko gisa erabiltzea zuntz optikozko sentsoreetan; hala, tamainaren eta polaritatearen arabera, sentikorrak eta selektiboak izanen dira analito sorta zabal baterako (lagin baten interes analitikoko osagaiak).