Nafarroako Unibertsitate Publikoa LIVHES proiektu europarraren bederatzi kideetako bat da, eta Jardunbide Egokien Gida Metodologikoa koordinatzeaz arduratu da. Gida horrek kultura-ondare immateriala tokiko garapenaren eragile gisa balioztatzeko balio die eskualde parte-hartzaileei. Gida hori eta martxan jarri diren zortzi esperientzia pilotuak martxoaren 31n aurkeztu ziren Pauen, Espainiaren, Frantziaren eta Portugalen arteko azken mahai transnazionalean, non UNESCOren Kultura-ondare Immateriala babesteko Konbentzioaren arduradun nagusiak parte hartu zuen, Tim Curtis australiarrak.
LIVHES (garapen jasangarrirako ondare bizia) Interreg Sudoe Programak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatutako proiektu bat da. Proiektu horretako 9 entitate kideak 8 SUDOE eskualdeen parte dira: Pyrénées Atlantiques-Nouvelle Aquitaine; Pyrénées Haut Garonnaisses-Occitanie; Katalunia; Nafarroa; Teruel, Burgos; Miño ibaiaren mugaz haraindiko eskualdea; eta Barcelos.
Proiektuaren garapenean, eskualde bakoitzeko diagnostikoetan oinarritutako diagnostiko partekatu bat egin dute, kultura-ondare immateriala balioztatzeko jardunbide egokienak identifikatu dituzte, balioztatze horretarako metodologia komun bat sortu dute, bai eta parte hartzen duen eskualde bakoitzera eta lurraldeetako errealitateetara egokitutako estrategia bat ere, eta metodologia ebaluatu dute zortzi esperientzia pilotutan aplikatuz.
Eredu horiek ezagutza transferitzeko eta gizarteratzeko gida gisa balio izatea da azken helburua, horrela nazioz gaindiko foro horren bidez kultura-ondare immateriala balioztatzeko proiektu berriak sortu ahal izateko.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik, Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko ikertzaile talde batek hartu du parte LIVHESen, beste sail batzuetako zenbait antropologo, geologo eta ekologorekin batera. Era berean, NUPeko Liburutegiko dokumentazio-talde baten eta Ikerketa Zerbitzuaren laguntza izan dute. Diziplinarteko lana Alfredo Asiáin Ansorena Nafarroako Ondare Immaterialaren Katedraren zuzendari eta Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleak koordinatu du.
Nafarroako Gobernuaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Museoen Zerbitzuak eta Ondare Immaterial eta Etnografikoaren Bulegoak LIVHES proiektuaren Foru Komunitateko onuradun elkartu gisa hartu dute parte.
Kultura-ondare immaterialaren gida
Kultura-ondare immaterialaren balioztatze prozesuak garatzeko gida Alfredo Asiáin irakasleak koordinatu du, eta NUPek (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), ICRPCk (Institut Català de Recerca en Patrimoni Cultural) eta CIRDOCek (Institut Occitan de Cultura) landu dute. Gida frantsesera, portugesera, ingelesera, euskarara, katalanera, galizierara eta okzitanierara itzuli da, eta kultura-ondare immateriala babesteko askotariko proposamenak eskaintzen ditu.
Ia 150 orrialdetan, dokumentuak zenbait alderdi jorratzen ditu: zer diren LIVHES proiektua eta kultura-ondare immateriala, eta zein den haren arau-esparrua, zer harreman duen kultura-ondare immaterialak jasangarritasunarekin eta nola balioztatzen den kultura-ondare immateriala LIVHES proiektuan. Gainera, jardunbide egoki batzuk identifikatu eta aurkezten ditu, zortzi esperientzia pilotu proposatzen ditu eta gomendio eta baliabide osagarriak eskaintzen ditu. Gida frantsesez, portugesez eta gaztelaniaz aurkeztu da, azken hori NUPek hilaren 18an antolatu zuen web mintegi batean. Gida apirilaren 30etik aurrera deskargatzen ahalko da, dohainik, proiektuaren webgunean: https://livhes.eu/
Gida praktikoa da, eta formatu modular berritzaile bat du, zeinak aukera ematen baitu bai kontsulta azkarrak bai irakurketa zehatzagoak egiteko. Sakonera gero eta handiagoko esteka interaktiboen sistema baten bidez sortu da, honako hauek erabil dezaten: edozein irakurlek (dibulgazio maila), teknikariek eta kultura-eragileek (oinarrizko maila teknikoa) edo kultura-ondare immaterialaren arloko espezialistek (adituaren maila teknikoa).