Kyle Patrick Hearnek Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurritako doktoretza-tesiak Paisaiaren Arkeologiaren Nazioarteko Elkarteak (IALA, elkartearen ingelesezko siglengatik) ematen duen “Hitzaldi Hoberenarentzako 2022ko IALA Saria” jaso du. Epaimahaiak ikerketa-lanaren bikaintasuna nabarmendu du, besteak beste, “diziplinarteko ikuspegia erabiltzen duelako; izan ere, etnografiaren, historiaren eta arkeologiaren, informazio geografikoko sistemen eta urruneko sentsoreen metodoak uztartzen ditu giza jarduerak eta paisaia fisikoak denboran zehar eta elkarri eragitearen ondorioz izaten dituzten aldaketak ezaugarritzeko”. Epaimahaiak hiru hautagairen tesiei eman zien saria, “ex aequo”, eta sariak emateko ekitaldia Paisaiaren Arkeologiaren Nazioarteko 8. Kongresuan eginen da, ekainean, Alcaláko Unibertsitatean (Madril).
Hau da saritutako doktoretza-tesiaren izenburua: “Decoding the past and present for the future: Empowering communities in the Duero River Borderlands for rural development and resource management” (Iragana eta oraina deskodetzen etorkizunerako: Duero ibaiaren inguruko mugako eskualdeetako komunitateak ahalduntzea landa-garapenerako eta baliabideen kudeaketarako)”. Tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen. Eloísa Ramírez Vaquero Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Erdi Aroko Historiako katedraduna eta Almudena Orejas Saco del Valle Madrilgo CSICeko ikertzailea izan ziren tesiaren zuzendariak; azken zentro horretan Kyle Hearnek zenbait egonaldi egin zituen eta ikerketa-proiektu batzuetan hartu zuen parte. Kyle Patrick Hearnek azaldu duenez, ikerketaren azken xedea da “lortutako ezagutza transferitzea, eskualde horren balioa handitzeko ahaleginetan laguntzeko eta, azken batean, bertako baliabide kultural eta naturalen erabilera eta jasangarritasuna hobetzeko”.
Erabakia justifikatzeko, epaimahaiak doktoretza-tesi horretan jorratutako hainbat alderdiren bikaintasuna nabarmendu du, besteak beste, arazoaren planteamendu ona, erabilitako metodologia, emaitzen komunikazioa eta eztabaida eta ikerketaren diziplina anitzeko ikuspegia. Laburbilduz, honela deskribatu zuen epaimahaiak lana: “bikaina eta egundokoa. Nazioartean interesa duen ikerketa garrantzitsu eta erabilgarria. Funtsezko ikerketa arkeologikoko lana da, ikuspegi teoriko eta metodologiko sinesgarria duena, eta nazioarteko komunitate arkeologikoak oso harrera ona eginen dio”.
Eskualdearen berezitasuna
Portugalen eta Espainiaren arteko mugako Duero ibaiaren inguruko eskualdea ezaguna da nazioartean bere biodibertsitate eta berezitasun naturalagatik, eta paisaia aberatsa da ondare kultural eta naturalean. Hala ere, doktoretza-tesiaren egileak dioenez, “bakartasun historikoak eta bazterketa sozioekonomikoak eragin negatiboa izan dute eskualdeko garapen iraunkorrean eta ekonomia suspertzeko prozesuan”. Hori gutxi balitz, gero eta lotura gutxiago du memoria kolektiboak paisaia historikoa osatzen duten baliabide kultural askorekin”. Ikertzaileak adierazi duenez, horrek guztiak eskualdeko berezitasun arkeologiko eta historikoaren balioaz ez jabetzea ekarri du: “Ahalegin handiagoa egin behar da landa-paisaia horren ondare kulturalaren, naturalaren eta ondare ukigarri eta ukiezinaren alderdiak jasoko dituen ulermen berri bat berrosatzeko, eta berrosatze hori eskualdeko biztanleen laguntzarekin baino ezin da egin”.
Bere doktoretza-tesiak metodologia arkeologikoak, etnografikoak eta geozientzien arlokoak barne hartzen ditu, Zamoraren (Espainia) eta Miranda do Douroren (Portugal) mugako paisaia horren zati batek fase protohistorikotik gaur egunera arte izan duen bilakaera deskribatzeko. Paisaia horretan hautatutako ezaugarriak ukigarriak zein ukiezinak dira, eta, oro har, hiru ikuspegiek ezaugarritzen dituzte gizakiaren jarduerak nekazaritzako, basoko eta abeltzaintzako pasaian eragindako ondorioak.
“Nekazaritzako, basoko eta abeltzaintzako pasaiari buruzko azterlan horrek aukera eman du ikusteko pasaia horien antolaketak eta kudeaketak denboran zehar nola eboluzionatu duen maila lokalean eta eskualde mailan mendeetan zehar izandako prozesu historikoen ondorioz”, azaldu du lanaren egileak.
Horren haritik, azterlan horren ikuspegi konbinatuei esker, kartografia berri bat sortu da inoiz mapatu gabeko kokaguneekin. Kokaguneok Erdi Aroan sortu ziren, eta soilik artxibo erregistroetan eta desagertzen joan den memoria kolektibo batean ezagutzen zituzten. “Lehen aldiz denboraren arabera mapatu dira herrixken antolamenduarekin eta nekazaritzaren, basoaren eta abeltzaintzaren kudeaketarekin lotutako paisaiaren ezaugarri historiko ukigarri eta ukiezinak. Azterketa horrek, denboran zehar paisaia hori nola eratu den erakusteaz gain, eskualdeko biztanleriaren murrizketarekin eta landa-eremuak uztearekin batera ezaugarri horiek denboran zehar eskualde mailan eta maila lokalean nola gutxitu edo desagertu diren erakusten du”.
Azkenik, faktore historiko, sozioekonomiko eta politikoen ondorioz lurzoruaren estaldura kualitatiboki eta kuantitatiboki nola aldatu den deskribatu da. Aldaketa horiek biztanleriaren beherakada, lurrak abandonatzea, nekazaritza-erreformak eta landaretza handitzeko parkeen sorrera eragin zuten.
Curriculum vitae laburra
Kyle Patrick Hearn Zientzia Politikoetan lizentziatu zen Hamptoneko Unibertsitatean (Virginia, Estatu Batuak). Ondoren, masterreko ikasketak egin zituen Latinoamerikako Ikasketen eta Antropologia Aplikatuaren arloan, Arizonako Unibertsitatean eta Oregoneko Estatu Unibertsitatean, hurrenez hurren. Gero, Ondareko, Gizarteetako eta Mugaguneetako Doktoretza egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, baita doktoretza-tesia ere.
2007an Oregoneko Estatu Unibertsitateko Antropologia Sailaren Alumni Saria jaso zuen. Bere ibilbide akademikoan zenbait ikerketa-beka ere lortu ditu; ikerketa-egonaldia egin zuen Monte Albáneko (Gizateriaren Ondarea) Antropologia eta Historiako eta Antropologiako Institutu Nazionalean, Oaxacan (Mexiko); eta hamar bat mintegi eta kongresutan parte hartu du, bai Espainian, baita atzerrian ere.