Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 4,7 milioi euro lortu ditu estatuko funtsetatik, zenbait jakintza-arlotako 38 ikerketa-proiektutarako. Zenbateko horretatik, 3,1 milioi eta 23 proiektu Europako funtsekin finantzatutako Espainiako Gobernuaren Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Planaren barnean trantsizio ekologiko eta digitaleko proiektuak finantzatzeko deialdi bereziari dagozkio, eta 1,6 milioi eta 15 proiektu Jakintza Sortzeko Proiektuen deialdi arruntari, Ikerketa Zientifiko-teknikoa eta haren Transferentzia Bultzatzeko Estatuko Planaren barnean. Aurten ere, Estatuko Plan horretan Nafarroarako proiektu eta dirulaguntza gehien lortu dituen entitatea da NUP.
Errekuperazioko Planak finantzatutako 23 proiektuak bi urtean gauzatu behar dira. Deialdian islatzen den bezala, trantsizio ekologikoaren helburua da klima-aldaketa arintzea eta hartara egokitzea; ur eta itsasoko baliabideen erabilera jasangarria eta babesa; ekonomia zirkularra; kutsaduraren prebentzioa eta kontrola; eta biodibertsitatea eta ekosistemak babestea eta berreskuratzea. Proiektuek helburu horiek lortu behar dituzte ezagutza zientifikoa sortuz, teknologiak garatuz edo ingurumen-politikei laguntza emanez, eta ekoizpen jarduerei, baliabide naturalen babesari eta pertsonen eta gizarte osoaren bizi-kalitateari aplikatuko zaizkie.
Bestalde, trantsizio digitalak ekonomia eta gizarte digital baterako beharrezkoak diren azpiegiturak, gaitasunak eta teknologiak indartu nahi ditu, sektore eragileetako balio-kate osoa digitalizatuz, teknologiaren eta datuen kudeaketaren arloko garapen berrien sinergiak eta aukerak aprobetxatuz, teknologia digital disruptiboak erabiliz eta pertsonak eta haien eskubide digitalak prozesuaren erdigunean jarriz.
Bestalde, Estatuko Planaren deialdi arruntaren bidez finantzatutako NUPen proiektuek, zeinek 2025erako gauzatuak egon behar duten, askotariko gaiak jorratzen dituzte, hala nola nekazaritzako ingeniaritza, osasun zientziak, adimen artifiziala, zuzenbidea edo ekonomia.