Joan eduki nagusira

Guztira 519 ikasle (% 54 gizonezkoak eta % 46 emakumezkoak) ari dira 2022-2023 ikasturtean doktoretza Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten, horietatik 135 atzerritarrak (% 26). Ikasle atzerritar gehienak Kubakoak, Kolonbiakoak eta Txilekoak dira.

Nafarroako Doktoretza Eskolak (NADOE) ongietorria egiteko egun bat antolatu zuen NUPen ikasten hasi direnentzat, eta informazioa eman zien ikasketa horiei eta Unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzuei buruz. Ongietorria egiteko egunean, honako hauek mintzatu ziren: Mercedes Sánchez García NADOEko zuzendaria, Francisco Javier Arregui San Martín Ikerketako errektoreordea eta Begoña Vicente Yenes ikerketa-institutuetako Negozio Garapenerako koordinatzailea, bai eta Iosu García Fernández Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria eta Arantxa del Rey Martínez zerbitzu bereko Laguntzen eta Deialdien Ataleko burua ere. Patricia Larráyoz Lorea EATEX Food Innovation Hub-eko berrikuntzako arduradunak eman zuen hasierako ikasgaia, “Doktoretzaren balio erantsia nire garapen profesionalean” izenburukoa. 

Aipatzekoa da 2018tik 2021era bitartean NUPen irakurritako tesien erdiek nazioarteko aipamena izan zutela. Horretarako, baldintza batzuk bete behar dira, besteak beste hauek: Espainiatik kanpo gutxienez hiru hilabeteko egonaldia egina izatea, behintzat tesiaren laburpena eta ondorioak EBko hizkuntza batean argitaratzea (Espainiako hizkuntza ofiziala ez den batean), eta lana ebaluatzeko epaimahaian gutxienez kideetako bat Espainiakoa ez den zentro bati lotutako ikertzailea izatea.

zoom Ponentes

Ongietorria egiteko jardunaldiko hizlariak, doktoregai berriekin, NUPeko Sario eraikinean, saioa hasi aurretik.

Doktoretza NUPen

2011ko 99/2011 Errege Dekretuaren arabera, unibertsitate ikasketa ofizialen hirugarren zikloa da doktoretza, kalitateko ikerketa zientifikoarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak lortzera bideratua. NUPen kasuan, hiru atal nagusi hauetan egituratzen da doktoretzako prestakuntza: doktoregai guztientzako berdina den enbor bat, tesiaren jarduerari lotutakoa; programa bakoitzaren barruko prestakuntza espezifikoa, ikerketa-lerroei dagozkien gaitasunei lotutakoa; eta zeharkako prestakuntza, batez ere laneratzeko gaitasunak eskuratzera bideratua.

Gaur egun, hamabost doktoretza-programa eskaintzen ditu NUPek, Unibertsitateko ikasketak antolatuta dauden bost jakintza-arloetakoak. Zehazki, Arteak eta Giza Zientziak izeneko multzoan, Giza eta Gizarte Zientziak, batetik, eta Ondarea, Gizarteak eta Mugaguneak, bestetik. Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen multzoan, hauek: Zuzenbide Pribatua; Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketa / Economics, Management and Organization; Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea, eta, azkenik, Gizarte Lana.

Bestalde, Zientzien multzoan, doktoretza-programa hauek eskaintzen dira: Ingurumen Agrobiologia; Zientzia eta Teknologia Industrialak; Matematika eta Estatistika, eta, azkenik, Kimika Sintetikoa eta Industriala. Ingeniaritzan eta Arkitekturan, bestalde, lau programa daude: Nekazaritzako Elikagaiak; Bioteknologia; Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak, eta, azkenik, Nekazaritzako Elikagaien Produkziorako eta Kalitaterako Sistema Eraginkorrak. Azkenik, Osasun Zientzien jakintza-arloan, programa bakarra dago: Osasun Zientziak.