Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko 22 ikaslek hartuko dute parte Urretxindorra programaren ikasturte honetako edizioan. Programa horretan, unibertsitateko ikasleek, eskola-orduetatik kanpo, jarduera ludikoak eta kulturalak egiten dituzte adingabeekin, topaketa kultural, sozial eta hezitzaileak sortzeko, haiei babesa emateko eta eredu positibo gisa agertzeko.

zoom Parte-hartzaileek eta mentorizatutako haurrek NUPen egindako hasierako bileretako baten irudia.

Parte-hartzaileek eta mentorizatutako haurrek NUPen egindako hasierako bileretako baten irudia.

Edizio honetan 32 ikaslek eman zuten izena, eta, azkenean, 22 mentoretza-bikote osatu dira. Mentorizatutako haurrek Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten dituzte San Jorge, García Galdeano eta Bernart Etxepare ikastetxe publikoetan.

Parte hartuko duten unibertsitateko ikasleak gradu hauetakoak dira: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (2 ikasle), Zuzenbidea (2), Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza (1), Haur Hezkuntzako Irakasletza (1), Lehen Hezkuntzako Irakasletza (4), Psikologia (6), Soziologia Aplikatua (3) eta Gizarte Lana (2). Bestalde, Ingeniaritza Biomedikoko Unibertsitate Masterreko ikasle batek ere hartuko du parte.

Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak bultzatzen du programa, NUPen Plan Estrategikoan jasota dauden erantzukizun sozialeko jardueren barruan. Esperientzia horrekin, berdintasunari eta elkartasunari lotutako balioak sustatzeaz gain, unibertsitate publikoaren eta Nafarroako gizarte- eta hezkuntza-arloko garapenaren arteko loturak estutzen laguntzen da.

Proiektuaren jatorria

NUP Mentoretza Sozialeko Koordinakundeko kide da (Kataluniako zenbait unibertsitaterekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, besteak beste), baita Nightingale Mentoring Network-ekoa ere, zeinak Europako bederatzi herrialdetako zenbait erakunde eta unibertsitate biltzen baititu (Alemania, Austria, Danimarka, Espainia, Finlandia, Islandia, Norvegia, Suedia eta Suitza). Urretxindorra proiektua 1997an sortu zuen Malmöko Unibertsitateak (Suedia) adingabeak Unibertsitateko ikasleekin konektatzeko programa gisa. Ekimena Israelgo Perach proiektuan oinarritu zen, eta urretxindor izena eman zitzaion, seguru sentitzen denean zoragarriki kantatzen duen txoria baita. Izen horrek, halaber, suediar hiriarekin dauka zerikusia, bertan jaio baitzen Hjalmar Gullberg poeta (1898-1961), zeinak hegazti horretan topatu baitzuen bertsoak idazteko inspirazioa.